C2 hizkuntza eskakizunaren alde jarritako helegite bat atzera bota diote Gipuzkoako Diputazioari

Lopez Lera abokatuak eman du albistearen berri; esan du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak berretsi egin duela Donostiako auzitegi batek aurrez emandako sententzia bat.

Gipuzkoako Diputazioko langileak protesta batean, hizkuntza eskakizunen aurkako epai bat salatzeko. JON URBE / FOKU
Gipuzkoako Diputazioko langileak protesta batean, hizkuntza eskakizunen aurkako epai bat salatzeko. JON URBE / FOKU
arantxa iraola
2026ko martxoaren 3a
16:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak ezetsi egin du Gipuzkoako Foru Aldundiaren errekurtsoa, eta berretsi egin du euskararen C2 eskakizuna baliogabetzen duen sententzia». Francisco Lopez Lera abokatuak bideratu ditu urteotan euskararen ezagutza egiaztatzeko hizkuntza eskakizunen kontrako auzibide asko, eta bide horretan aldeko beste epai bat jaso dutela jakinarazi du gaur sare sozialen bidez. «Berri onak!», idatzi du. Jakinarazi duenez, Donostiako auzitegi batek emana zuen epai bat esaten zuena ezin dela C2 eskakizuna eskatu administrazio orokorreko teknikari izateko, eta, Gipuzkoako Diputazioak horren kontrako helegitea jarri bazuen ere, atzera bota du orain EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak. Otsailaren 27koa da ebazpena, lehengo astekoa.

Antzeko ebazpen gehiago ere izan dira aurretik. Lehengo hilean, esaterako, CCOO sindikatuak eman zuen horietako baten berri. 2024ko urrian Gipuzkoako Foru Aldundiak administrazio orokorrerako 34 goi mailako teknikari hautatzeko egindako lan deialdi baten kontrakoa izan zen ebazpen hori. Erakundeak lanpostu guztiei ezarri zien euskaran hizkuntza eskakizun gorena —C2 maila—, eta kontra egin zuen sindikatuak: eskakizun hori «gehiegizkoa» dela argudiatu zuen, eta arrazoia eman zion Donostiako auzitegi batek. CCOOren arabera, sententzian jartzen du diputazioak ezarritako euskara eskakizunak «era bidegabean» gainditzen duela legeak ezarritako derrigortasun indizea. Epai horren berri ematearekin batera, sindikatuak argudiatu zuen C2 maila eremu oso jakin batzuetan soilik eskatu beharko litzatekeela: «Linguistikaren arloko langileei soilik eskatu beharko litzaieke, bestelako lanpostuetara zabaldu gabe». 

Errenterian, LEP bat bertan behera

Errenterian (Gipuzkoa) ez da epairik egon, baina bertako alkateak udaleko administrazio lanetarako 25 postuko LEP lan eskaintza publiko bat bertan behera uztea erabaki du; izan ere, helegite bat jarri diote LEPari —ez dute argitu nork—, udalak postu guztietarako euskaraz C1 maila izatea eskatu duelako. «Egoera eta arriskuak aztertzeko» hartu du erabakia udalak.

Erakunde aitzindaria

Agerikoa da euskalgintzan euskararen normalizazioaren aldeko neurriak ezeztatzen dituzten sententzien gaineko kezka. Hain justu ere, epaiak metatuz joan dira: ehun baino gehiago dira. Aitzindaria izan da euskararen erabilera sustatzeko neurrietan Gipuzkoako Diputazioa, eta, hain justu ere, berak abiarazitako politiken kontrakoak izan dira ebazpen asko. Tankerakoak saiheste aldera, hasiak dira zenbait erakunde hizkuntza eskakizunak apaltzen, eta Gipuzkoako Diputazioak ere eman behar izan du amore: iazko urriaren 22an, foru eledun Irune Berasaluzek jakinarazi zuen hizkuntza eskakizunak apalduko dituztela, eta guztiz lotu zuen erabaki hori aldundiak ezarritako hizkuntza eskakizunen kontra hilabeteotan metatu diren epaiekin. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!