2024ko urriko lan deialdi bat da, Gipuzkoako Foru Aldundiarena, administrazio orokorrerako 34 goi mailako teknikari hautatzeko egindakoa. Erakundeak lanpostu guztiei ezarri zien euskaran hizkuntza eskakizun gorena —C2 maila—, eta kontra egin zuen CCOO sindikatuak: eskakizun maila hori «gehiegizkoa» dela argudiatu zuen, eta arrazoia eman dio Donostiako auzitegi batek. Sindikatuak berak eman du albistearen berri, eta funtzio publikoan aritzeko euskara eskakizunen auziari buruz duen ikuskera ozendu du berriz ere: administrazio publikoetan «era masiboan eta neurrigabean» ezartzen dira, eta langileak babesgabe daude exijentzia horien aurrean.
CCOOk jakinarazi duenez, sententzian jartzen du diputazioak ezarritako euskara eskakizunak «era bidegabean» gainditzen duela legeak ezarritako derrigortasun indizea. Euskara eskakizuna zenbat lanpostutan egiaztatu behar den zehazteko erabiltzen den ehunekoa da, hain justu ere, derrigortasun indizea. Datu soziolinguistikoak kontuan hartuta kalkulatzen da. Hizkuntza eskakizunak arautzeko lege esparruaren lehen garapenetan, oro har, gutxienekotzat hartzen zen ehuneko hori, eta, ikuskera horri lotuta, goragoko eskakizunak ezarri dituzte askotan erakundeetan. Ikuskera murriztailea nagusituz joan da gero, ordea, eta gehienez hori eska daitekeela ondorioztatu dute, esaterako, hainbat epailek.
Ordutik ari da euskalgintza euskararen kontrako «oldarraldi judiziala» salatzen, eta, hain justu ere, epaiak metatuz joan dira: ehun baino gehiago dira. Eta epaileen jarduna mugatzen eta baldintzatzen ari da erakundeen jarduna; esaterako, sententzia horien ondorioek kezkatuta, euskara eskakizunak apaltzen hasi dira hainbat erakunde. Bide horretan hasia da, adibidez, Gipuzkoako Diputazioa bera: iazko urriaren 22an foru eledun Irune Berasaluzek jakinarazi zuen hizkuntza eskakizunak apalduko dituztela, eta guztiz lotu zuen erabaki hori aldundiak ezarritako hizkuntza eskakizunen kontra hilabeteotan metatu diren epaiekin. Erabaki esanguratsua izan zen, Gipuzkoako Foru Aldundia aitzindaria izan baita euskararen normalizaziorako politiketan.
C2 maila, «linguistikarako»
CCOOk azken urteotan behin eta berriz emandako argudioa berritu du, eta, esan duenez, lan eta hizkuntza eskubideak «bateragarriak» dira, eta errespetatu egin behar dira, betiere «proportzionaltasun soziolinguistikoak» kontuan hartuta. Gogora ekarri du, halaber, kontuan hartu behar dela erakundeetan euskarazko arta eskatzen duten herritarren kopurua ere; Gipuzkoako Foru Aldundian, adibidez, %20 eta %30 artean izaten direla esan du, eta, horiek horrela, ez dela beharrezkoa lanpostu guztiei ezartzea euskara eskakizunak.
Gipuzkoako Diputazioan administrazioko goi teknikari jarduteko lan deialdi jakin horretan eskatu zuten euskara maila jasoegia zela ere argudiatu du; oro har, unibertsitate graduak eskatzen dituzten lanpostuetan eskari orokorra C1 izaten dela gogoratu du, eta, horrenbestez, auzitan jartzekoa dela maila jasoagoa eskatzea. Areago, C2 maila eremu oso jakin batzuetan soilik eskatu beharko litzatekeela uste dute CCOOn: «Linguistikaren arloko langileei soilik eskatu beharko litzaieke, bestelako lanpostuetara zabaldu gabe».
Epaiaren lehen balorazioa egin du Euskalgintzaren Kontseiluak, arduratuta berriro ere. «Erabaki honek kalte egingo dio diputazioaren funtzionamenduko eta zerbitzu publikoetako euskararen sustapenari eta normalizazioari», deitoratu du. Horiek horrela, berritu egin du funtzio publikoko langile guztiek elebidunak izan behar dutela. Langile publikoen artean ere zuztartuta dago aldarri hori. Lehengo astean, esaterako, ELA eta LAB sindikatuek deituta, mobilizazioak egin zituzten euskaraz lan egiteko eta arta emateko «berme juridikoen» eske: administrazio publikoetan euskara gaztelaniarekin parekatzeko eskatu zuten, eta aurrerantzean ere kalera irteteko asmoa dutela azaldu zuten.