Palestinaren aldeko ekintzaile batzuk CAFen biltegietako batean sartu dira bart, eta kalteak eragin dizkiete bertan zeuden tren batzuei. Argia-ra bidalitako bideo batean ikusten denez, aurpegia estalita zeramaten ezezagunek pintura gorria bota diete biltegian zeuden tranbia batzuei, eta kristalak eta karrozeria hondatu dizkiete. «CAF konplize» eta «Israel suntsitu» dioten pintaketak ere egin dizkiete.
Ez dute jakinarazi erasoa non izan den, ez eta inoren izenean egin duten ere. Ohar bidez azaldu dutenez, ekintza horren bidez tren ekoizleak Israelekin dituen loturak salatu nahi izan dituzte, besteak beste, Jerusalemgo tranbiaren eraikuntzan duen inplikazioagatik. Izan ere, adierazi dutenez, hondatutako trenak hara bidaltzeko ziren: «Ikusi dugu non gordetzen dituzten Tel Avivera doazen CAFen tranbiak, hebreeraz baitzeuden, eta hori ikusita ezin dugu pasibotasunez jokatu».
Gaineratu dutenez, trenak Euskal Herritik kanpo egiten direla «askotan entzun» arren, «azken hilabeteetan gutxienez hemengo errepide, portu eta biltegietan» dabiltza. Hori dela eta, Gazako sarraskiaren eta Palestinaren kontrako genozidioaren inguruan esku hartzeko beharra nabarmendu dute: «Inpotentzia sentiarazi nahi diguten garaiotan, ekiteko beharra sentitu dugu».
Enpresa, instituzio eta alderdi «konplizeen» gainean presio egin beharra ere adierazi dute. Eta, bereziki, ekainaren 13an «kaleak hartzeko» deia egin dute, CAFen akziodunen batzarra egingo dela eta. Palestinarekin Elkartasuna plataformak manifestazioa antolatu du Beasainen (Gipuzkoa), hain justu ere.
Ikusi gehiago
Beste deialdi batzuk
Edonola ere, Beasaingoa ez da izango CAFen aurkako protesta bakarra. Ekainaren 6tik 13ra ekintza aste globala egitera deitu du BDZ mugimenduak, eta Euskal Herrian zenbait mobilizazio antolatu dituzte CAFek erabiltzen dituen instalazioetan: ekainaren 4an eta 12an, Zornotzako (Bizkaia) AIC ikerketa gunean; ekainaren 6an, Irungo (Gipuzkoa) CAFen lantegian, eta, ekainaren 10ean, Castejonen (Nafarroa), CAFen filiala den Trenasan. Ekainaren 13koa izango da asteko azken mobilizazioa, eta 12:00etan hasiko da, Beasaingo plazatik.