Palestinarekin Elkartasunak manifestaziora deitu du «CAFen eta Eusko Jaurlaritzaren negozio kriminalak salatzeko»

Ekainaren 13an egingo dute protesta Beasainen, trengileak urteroko akziodunen batzarra egingo duen egunean. Plataformak esan du han banatuko duten dirua «palestinarren odolez zikinduta» dagoela, eta «harreman konplizeak» eteteko exijitu du.

CAFen aurkako manifestazio bat, Ordizian, 2024ko urtarrilean. GOTZON ARANBURU / FOKU
CAFen aurkako manifestazio bat, Ordizian, 2024ko urtarrilean. GOTZON ARANBURU / FOKU
Paulo Ostolaza.
2026ko ekainaren 2a
15:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

CAFek urteroko akziodunen batzarra egingo duen egunean, ekainaren 13an, manifestazioa egingo dute Beasainen (Gipuzkoa) Palestinarekin Elkartasuna plataformak deituta. Protestak helburu izango du «CAFen eta Eusko Jaurlaritzaren negozio kriminalak salatzea, bertan banatuko duten dirua palestinarren odolez zikinduta dagoela ikusaraztea eta, Israel garaitzera bidean, harreman konplize ororen aurka borrokatu behar dela aldarrikatzea».

Beasaingoa ez da izango CAFen aurkako protesta bakarra. Ekainaren 6tik 13ra ekintza aste globala egitera deitu du BDS mugimenduak, eta Euskal Herrian zenbait mobilizazio antolatu dituzte CAFek erabiltzen dituen instalazioetan: ekainaren 4an eta 12an, Zornotzako (Bizkaia) AIC ikerketa gunean; ekainaren 6an, Irungo (Gipuzkoa) CAFen lantegian, eta, ekainaren 10ean, Castejonen (Nafarroa), CAFen filiala den Trenasan. Ekainaren 13koa izango da asteko azken mobilizazioa, eta 12:00etan hasiko da Beasaingo plazatik.

2023ko urritik ia hiru urte igaro dira, baina, plataformaren arabera, «genozidioaren areagotzeak ez dauka etenik, eta, bitartean, genozidioaren eta apartheidaren odolez zikindutako aberastasunak ere ez dauka etenik Euskal Herriko enpresari askoren kontuetan».

«CAFen negozioaren zati bat mantendu ahal izateko, palestinarren aurkako apartheidak eta genozidioak aurrera egin behar dute»

PALESTINAREKIN ELKARTASUNA PLATAFORMA

Horien artean, CAF da esanguratsuenetako bat. Palestinarekin Elkartasunak salatu du ekainaren 13an akziodunen artean banatuko dituztela «urtez urte gora doazen etekin kriminalak», eta enpresaren proiektuak eta kontuak ontzat emango dituztela. «Jakina da CAFek Shapir enpresa israeldarrarekin batera negozioak egiten dituela, eta Tel Aviveko eta Jerusalemgo tranbiak egiteko kontratu milioidunak dituela», adierazi dute, eta, beraz, Beasaingo konpainiak «estatu genozidaren kolonizazio proiektua» egonkortzen laguntzen duela azpimarratu.

NBE Nazio Batuen Erakundeak okupazioari lagundu eta etekina ateratzen dioten enpresen zerrenda bat du; gogorarazi dute bertan ageri dela CAF, eta horregatik enpresako zuzendaritza eta Andres Arizkorreta zuzendari nagusia salatu dituztela epaitegietan.

«Israel CAFen ere hasten da»

«CAFen negozioaren zati bat mantendu ahal izateko, palestinarren aurkako apartheidak eta genozidioak aurrera egin behar dute. Argi eta garbi esan dezagun: Israel CAFen ere hasten da. Apartheida CAFen ere hasten da. Genozidioa CAFen ere hasten da», adierazi du irmo plataformak. «Eslogan ororen gainetik, euskal enpresariek ere negozioa lehenesten dute, horrek munduko herri langileen miseria eta sarraskia eragiten badu ere».

Eusko Jaurlaritza ere «CAFen kontratu kriminalen erantzulea» dela erantsi dute, konpainiaren akzioen %3ren jabe delako, eta Itzarri pentsio funtsak ere 4,5 milioi euroko inbertsioa egina duelako konpainian. Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak duela gutxi esandakoak gaitzetsi ditu Palestinarekin Elkartasunak: «Aipatu zuen [Benjamin] Netanyahu dela erantzule bakarra, eta ez ditugula etsaiak etxean bilatu behar. Baina Netanyahu hamarkadetako proiektu kolonial baten gidarietako bat besterik ez da».

«Proiektu kolonial horrek Mendebaldeko enpresa eta gobernuen babesa dauka. Haientzat, genozidioaren konplize diren enpresari eta instituzioak lagunak dira, eta, aldiz, bost axola zaizkie euren proiektu kolonialak zapaltzen dituen palestinarrak. Hori jakinik, CAFeko zuzendaritzaren eta herri palestinarraren artean, argi izan behar dugu noren alde gauden eta noren aurka, biak ez baitira bateragarriak», amaitu du plataformak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE