Canon Françaisen kontrako pintaketa bat egin dute Donibane Lohizunen

«Canon Français ez, kanpora» dioen pintaketa bat agertu zen atzo, Santa Barbara mendixkaren oinetan. Herriko etxeak salaketa ezarri du.

Canon Français enpresaren ekinaldiaren kontrako mobilizazioa, Miarritzen, urriaren 2an. PATXI BELTZAIZ
Canon Français enpresaren ekinaldiaren kontrako mobilizazioa, Miarritzen, urriaren 2an. PATXI BELTZAIZ
Leire Casamajou Elkegarai
2026ko azaroaren 4a
10:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Canon Français ez, kanpora». Azaroaren 2ko gauean egin dute pintaketa, Donibane Lohizuneko (Lapurdi) Santa Barbara mendixkaren oinetan, letra handitan. Geroz eta argiago geratzen ari da Ipar Euskal Herriko biztanleriaren parte bat Canon Français enpresak Miarritzen (Lapurdi) antolatzekoa duen «euskal banketearen» kontra dela. Donibane Lohizuneko Herriko Etxeak, haatik, ez duela auzia bere hartan utziko: salaketa ezarri dute.

Baina ez da salaketa bakarra, herriko etxeak bi aurkeztu baitzituen atzo Donibane Lohizuneko komisarian: bata Santa Barbarako pintaketaren salatzeko, eta bestea Pierre Edouard Sterin eskuin muturreko miliardunak Donibane Lohizunen duen etxearen murruetan egin direnak salatzeko.

Agiri batean, herriko etxeak salatu du Canon Françaisen oturuntzarekin «harreman zuzenik ez duen hiri batean» egin direla pintaketak. Sterinek, ordea, Donibane Lohizunen du bigarren etxebizitza, eta Canon Français enpresaren finantzatzaile nagusien artean da. Ondoriozta daiteke, beraz, arrazoi horiengatik egin dituztela pintaketak Donibane Lohizunen.

Hori bera baita azken hilabete hauetan militanteak azpimarratzen ahalegintzen dabiltzana: Canon Françaisen oturuntzak ez direla tokiko janariaz gozatzeko aukera hutsa, eskuin muturreko ideologian oinarritutako proposamen bat baizik. Hain zuzen ere, Donibane Lohizuneko Herriko Etxearen agirian adierazi dute «oturuntzaren funtsa» ez dutela aipatuko, baina, halere, «ahalkegarria» zaiela «eremu publiko bat andeatu izana».

Mobilizazioak aitzina

Canon Français enpresak azaroaren 28an antolatzekoa du bere oturuntza erraldoia Euskal Herrian; Miarritzen, zehazki: aurreikusi denez, bi mila pertsona inguruk bazkalduko dute Irati aretoan. Baina Canon Françaisek antolatzen duen bazkari hori «bankete faxista bat» ere bada, hainbat kolektibok salatu dutenez. Aitzitik, halakoetan irain arrazistak, homofoboak eta ikur naziak zabaltzen dituzte, zenbait hedabidetan frogatu izan dutenez.

Erraterako, delako oturuntza Ipar Euskal Herrian egitekoa zutela iragarri dutenetik, hainbat dinamika piztu dira ekitaldiaren kontra egiteko. Hainbat sindikatu eta ekinaldi antifaxista biltzen dituen Visa 64 kolektiboaz gain, sare autonomo bat mobilizatzen ari da oturuntzaren kontra, baita Herri Harresia dinamika ere, ikuspegi abertzaletik begiratzen diona «besta frantseszaleari».

Joan den astean, haatik, Serge Blanco Miarritzeko auzapezak zera adierazi zion Mediabask astekariari: «Deusek ez dio debekatzen Canon Françaisi berak nahi duen gisan aritzea lurraldean». Visa 64 kolektibokoak ostiralean bildu ziren Blancorekin, eta haren posizioa berretsi zuen.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA