'Cerdan auziko' ikerketa batzordearen amaieran Txibite, Barkos eta Barcina joatea proposatu dute

PSNk, EH Bilduk eta Zurekin Nafarroak aurkeztu dute eskaera, eta datorren asteartean bozkatuko dute. Geroa Baik ontzat jo du hiru lehendakariak bertaratzea. UPNk salatu du Txibiteren ardura lausotu nahi dutela, Barcinarekin eta Barkosekin ere lotuz.

(ID_15394279) ESPAÑA COMISION INVESTIGACION
Ikerketa batzordea, gaur. JESUS DIGES / EFE
joxerra senar
2025eko urriaren 7a
13:29
Entzun 00:00:00 00:00:00

Astebete falta da Nafarroako Parlamentuan Cerdan auziko ikerketa batzordeko lehen agerraldia hasteko, eta ia ziurrenik bertan izango dira azken lau legealdietako lehendakariak. PSNk, EH Bilduk eta Zurekin Nafarroak erregistratu dute batzordearen amaieran Yolanda Barcina (2011-2015), Uxue Barkos (2015-2019) eta Maria Txibite (2019tik hona) bertara joango direla. Hala eskaini bazaio ere, Geroa Baik ez du sinatu proposamena, baina ontzat jo du: «Ez diogu uko egiten ikertutako garai osoko lehendakariak bertaratzeari. Zorroztasunez eta dagokionean arituko gara, eta ez prentsako tituluek baldintzatuta», azaldu du Pablo Azkona Geroa Baiko eledunak.

Berez, datorren asteko bileran aztertuko dute eskaera hori. Eskuineko oposizioa behin eta berriz eskatzen ari da Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakaria batzordetik pasa dadila. Gaur bertan, ikerketa batzordearen bileran, Txibite soilik joateko PPren eskaera atzera bota dute PSNk, EH BIlduk eta Zurekin Nafarroak —Geroa Bai abstenitu egin da—. Horrez gain, Jose Luis Arasti Ekonomia eta Ogasun kontseilaria bertaratzeko UPNren eskaera ere atzera bota dute lau indarrek gaur. EH Bilduk, berriz, CPEN Nafarroako Enpresa Korporazio Publikoko hiru goi kargudun bertaratzeko eskatu du, eta proposamen hori onartu da. Hala, orotara, 44 pertsona daude oraingoz deituta Cerdan auziko ikerketa batzorderako.

Eskaera aurrera ateratzen bada, batzorde amaieran agertuko dira Txibite, Barkos eta Barcina, bakoitzari dagokion garaiko adjudikazioez hitz egitera. Hiru lehendakariek adjudikazio politikorik egin ez dutenez, «balorazio politikoa» eskatuko zaie, hiru talde sinatzaileek azpimarratu dutenez. Barcinaren agintaldian abiatu zuen Geoalcalik Muga meatokiaren proiektua, eta lehen pauso haietaz galdetuko zaio, baita Accionak Nafarroako Ubidaren lehen fasea zabaltzeko obretan izan zuen partaidetzaz ere. Barkosen garaian, berriz, Servinabar eta Accionari esleitu zitzaizkien hainbat herri lan —Nafarroa Arenaren bulegoak, Artxibategiaren zaharberritzea edo Nasuvinsaren babes ofizialeko etxeak—. Alta, inbertsiorik polemikoena, Belatekoa, Txibiteren garaikoa da. 

Eskuinaren estrategia

Araizek azaldu du eskuinaren estrategia amaitu nahi izan dutela hiru lehendakariak bertaratzeko eskatuta. «Astero ari dira eskaera hori egiten, zirkulu berean biraka, eta ematen du garrantzitsuena dela Txibite etorriko ote den jakitea, eta ez zer gertatu den argitzea. Guk esan genuen ez genuela baztertzen Txibite etortzea, eta hori amaieran egin zitekeela». Araizen arabera, behin informazio guztia eta agerraldi guztiak entzunda, hiru lehendakariek, Txibitek barne, euren agintaldietako balorazio politikoa egiteko aukera izango dute horrela. 

UPNk ez du gustuko izan hori. «Lehendakari guztiak edo bakar bat ere ez: hori nahi dute, eta gu ez gara joko horretan sartuko». Javier Esparzaren arabera, Maria Txibiteren gobernuaren gain dago ustelkeriaren susmoa, baina hodei hori beste agintaldietara hedatu nahi dutela iritzi dio. «Bilduk dio eskuinaren estrategiarekin apurtu nahi dutela, baina ez al geunden hemen ikertzeko?». 

Arreta eman du Geroa Baik hiru lehendakarien agerraldi eskaera ez sinatu izanak. Bilera hasi baino minutu batzuk lehenago jaso dutela eta aztertu egin behar dutela azaldu du Pablo Azkonak. «Proposamena aztertuko dugu, eta, jakinda lehenago edo geroago igaroko direla, gu ez gara kontra jarriko. Garai egokia noiz den ikusi beharko dugu», zehaztu du. 

PPko Javier Garciaren arabera, Geroa Bai bereizi izana «gobernuko bazkideen arteko eztabaidaren isla da». «Txibiteren erantzukizun politikoaren argazkia lausotu nahi dute», kritikatu du. Aldiz, Zurekin Nafarroako Miguel Garridoren arabera, batzordea «gardentasunez» ari da. «Batzuek batzordea instrumentalizatu nahi dute, eta guk erakutsi dugu gobernu gardena dela». 

Arastiren agerraldia

Eskuineko oposizioa kritiko azaldu da Jose Luis Arasti bertaratzearen aurka bozkatu dutelako. Gobernuaren barruko mezu elektroniko batzuetan aipatzen da Belateko tunelen kontratazio mahaiko desadostasunen berri bazuela Arastik, eta, horregatik, agerraldi bat egin dezala eskatuko dute. PSNko Javier Lekunberriren arabera, hobe da lehenik posta elektroniko horiek idatzi dituztenei entzutea eta gero erabakitzea joatea beharrezkoa ote den edo ez. «Gaur-gaurkoz, ez dago nahikoa edukirik. Horrek ez du esan nahi aurrerago haren agerraldia inportantea izango ez denik».

PSOEk 30.000 euro ordaindu zizkion Cerdani

Irailean, Espainiako Auzitegi Gorenari bidalitako informazioan, PSOEk onartu du Santos Cerdan alderdiko buruzagi ohiari 84 ordainketa egin zizkiotela; orotara, eskudirutan 30.565 euro pagatu zizkioten. 2017an, Cerdan PSOEko Lurralde Antolamenduko idazkari izendatu zutenetik kargugabetu arte egin zizkioten ordainketa horiek. Horri gehitu behar zaio banku transferentziak egin zizkiotela eta guztira 119.950 euro jaso zituela. Argudiatu dute aurrez egindako gastuak ordaintzeko zela diru hori.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.