Santos Cerdan, kontraerasoan. PSOEko Antolamendu idazkaria Nafarroako Parlamentuko ikerketa batzordean izan da. Hasieratik adierazi du defentsarako eskubidearen izenean ez duela hitz egingo, baina ondoren ez da isildu. Ordubetez, tentsioz beteriko galdeketa egin dio UPNko Javier Esparzak, eta bere onura ekonomikorako Nafarroaren kaltetan aritzea eta komisioak kobratzea leporatu dio, besteak beste. Cerdanek aurre egin die salaketa horiei, eta bere errugabetasun presuntzioa defendatu du. «Ez dut sekula zorrorik jarri dirurik hartzeko; zu, aldiz, ahalegindu zinen horretan», leporatu dio, eta ondoren UPNk gobernua galdu izanagatik zigortu nahi duela azpimarratu du: «Hau ez da ikerketa batzorde bat, hau UPNren mendekurako batzordea da».
Bakarrik iritsi da parlamentura. Atarian, hamaika kazetari zituen zain, horietako batzuk Espainiatik etorriak. Ikusmin handieneko eguna izan da horregatik. Azken hamarkadan PSN barruan botere handiena izan duen agintari izandakoak bakarrik egin du batzorderainoko bide luzea. Bertan, lau ordu eta laurden egin ditu. Parlamentari guztiei erantzun die, PPkoei eta Voxekoei izan ezik. PPri errespetu falta leporatu dio, eta Voxi ez dio erantzun eskuin muturreko eledun batek zera esan zuelako Senatuan, Cerdan egoera horretan dagoela «independentistekin negoziatzeagatik».
Hain zuzen ere, Esparzak galdetu dio ea zergatik «garai batean hura lausengatzen zuten [PSNko] parlamentariek» ez dioten harrerarik egin. «Ez zait arraroa egin», esan du Cerdanek, eta gaineratu ekainetik ez duela Maria Txibite Nafarroako presidente eta PSNko buruarekin ez beste buruzagi sozialistekin hitz egin. Esparzak PSNko ekitaldi bateko argazkia erakutsi dio, guztiak berarekin barrez agertzen direnekoa. «Ospakizunen bat izango zen. Nahi duzu negarrez deitu zenidanekoaz hitz egitea?», erantzun dio. «Lan erreformaren bozketan bere alderdiko kideek egindako traizioagatik izan zen», argitu du aurrerago, Sergio Sayas eta Carlos Garcia Adanerok 2022ko otsailean UPNren agindua bete ez zutenekoa gogoan.
«Servinabar ez da nire enpresa. Agiri hori ez zen Merkataritza Erregistroan aurkeztu, ez da notarioaren aurrean aurkeztu, ez du balio juridikorik»
SANTOS CERDAN PSOEko Antolakuntza idazkari ohia
Tonu horrek markatu du hasieratik Esparzaren eta Cerdanen arteko ika-mika. Ez da hor amaitu. Cerdanek iradoki du 1990eko hamarkadan Esparza UPNko hautetsi egin zela «Agoitzen futbol zelai bat egiteko», eta gero trukean Iruñeko ikastetxe pribatu batean lana topatu zuela.
Are akusazio larriagoa egin du gero Esparzaren aurka: 2014an Nafarroako ubidearen lehen faseko eremu ureztatuaren gaineko kontratazio prozesuan eskua sartu nahi izana leporatu dio. Nafarroako Kontuen Ganberaren 2015eko txosten baten pasarte bat irakurri du, eta bertan adierazten da kontratazio mahaiaren autonomia baldintzatzen ahalegindu zela Landa Garapen Departamentua, Esparza kontseilari zen garaian. «Adjudikazio horretan bai, esku hartze politikoa egon zen, baina ez Belatekoan».
Halaber, aipatu du 30 urterako kontzesioaren kontratua izenpetu zuela Esparzak, «kontratu hori adjudikatu baino urtebete lehenago». Haren esanetan, OHL eta Agbar enpresek osatutako elkartean lan egiten zuen bere «aita ponteko politikoak», Francisco Iribarren Nafarroako Gobernuko presidenteorde ohiak —Agbarreko zuzendari gisa—. «Nire moduan, politikoki hilda zaude», esan dio.
Lotura Servinabarrekin
UPNko parlamentaria oldartu egin zaio, eta «biktimarena» egitea leporatu dio Cerdani. Guardia Zibilak Antxon Alonso enpresaburuaren etxean egindako miaketan dokumentu bat agertu zen, eta Servinabar enpresaren %45eko partaidetza zuela aipatzen zen bertan. Datu hori funtsezkoa da auzian, eta erlazio hori frogatutzat jo du Esparzak. Cerdanek irmo ukatu du: «Servinabar ez da nire enpresa. Agiri hori ez zen Merkataritza Erregistroan aurkeztu, ez da notarioaren aurrean aurkeztu, ez du balio juridikorik», azpimarratu du, eta UPNri gogorarazi dio hori ezin dela frogatutzat jo, eta epaiketan argitu beharko dela.
Gerora, EH Bilduko Adolfo Araizi argitu dio zeren karietara egin zuten dokumentu hori: «Egun haietan politika uztear izan nintzen. Alonsok partaidetza eskaini zidan, dokumentu hori egin genuen, handik egun batzuetara ezetz esan nion, eta nire kopia suntsitu nuen», azaldu du. Cerdanen esanetan, 2015eko foru hauteskundeetan oso emaitza txarrak izan zituen PSNk, eragin ahalmenik gabe geratu zen, eta porrot haren erantzule zen.

Guardia Zibilaren txostena aipatuz, Esparzak esan du Cerdanen senideak kontratatu zituela Servinabarrek, eta Madrilen etxebizitza ordaindu ziela. «Delitua da jendea lanean izatea?», ihardetsi dio Cerdanek. Haren esanetan, urtebetez etxebizitza partekatu zuen Alonsorekin Madrilen, eta urtebetez ordaindu zion hark alokairua, baina gainerakoan berak ordaindu zuen. Aldiz, ukatu egin du Servinabarrek kreditu txartela eman ziola: «Gezurra da UCOk dioena», esan du, eta UPNri zuzendu zaio: «Berdin dizu zuri egiak. Ez dut loturarik Servinabarrekin, baina egiatzat hartzen duzu. Zure kontakizuna duzu, eta horretarako eskubidea duzu, baina gezurra esaten ari zara. Frogatu, frogatu esaten duzun hori».
Esparzak itaunketarekin jarraitu du, eta gaineratu du zaila dela sinestea Espainian delitugile zela «eta Nafarroan santu» —Santosen abizenari erreferentzia eginez ere—. Haren ustez, Cerdanek Espainiako eta Nafarroako gobernuek N-121 errepideari buruz izandako negoziazioetan parte hartu izana «azeria oilategian sartzea izan da».
«Ez dute jakin nahi egia, zer gertatu den Belaterekin. Beste zerbait nahi dute. UPNk mendekua nahi du, ez zelako presidente izan»
SANTOS CERDAN PSOE Antolamendu idazkari ohia
Adierazpen hori ukatu du Cerdanek, eta gogora ekarri du Madrilen konpromisoa erabakigarria izan zela finantzaketa hori lortzeko eta errepide horretako segurtasun baldintzak hobetzeko. «Orain kritikatu egiten dute bilkura horietan parte hartu izana, baina diputatu baten arrakasta edo porrota faktore berberak markatu du beti: estatuko aurrekontu orokorretan zenbat diru lortu duen Nafarroarentzat». Eta jarraian, erronka bota dio Esparzari: «Erakutsi froga bakar bat, mezu bakar bat, non Belateri buruz hitz egiten dudan. Zure kontakizuna da; gorroto nauzu, niregatik ez zarelako lehendakari».
Are, agerraldian jakin denez, Cerdan Javier Esparzarekin eta Oscar Arizkuren UPNko idazkari ohiarekin bildu zen 2019an. Arizkurenek Servinabarren lan egin zuen 2022tik 2024ra bitartean, eta 50.000 euro jaso. Alta, Cerdanen arabera, bilkura hartan ez zuten hitz egin azpiegiturez, Nafarroaren egoera politikoaz baizik. EH Bilduko parlamentari Adolfo Araizek galdetu dio ea zer eskaini zion Esparzak bilkura hartan: «Gobernua osatzea eskaini zidan».
Jazarpen politikoa
Testuinguru politikoa oso presente egon da agerraldi osoan. Aurretik egin bezala, jazarpen politiko baten biktimatzat aurkeztu du bere burua Cerdanek. Esparzak berak gogorarazi dio EH Bildurekin negoziatu egin duela Espainiako Gobernuaren eta Nafarroako Gobernuaren osaerari buruz, eta «Arnaldo Otegiren lagun» izatea aurpegiratu dio. «EH Bilduren eskutik, zuk bi aldiz lapurtu diguzu gobernua, eta Iruñeko Udala eman diozu EH Bilduri, zure mesedetan». Salaketa horrek asaldura handia eragin du parlamentarien artean. Eta Cerdanek erantsi du «ETAren komodina» atera duela: «Zure burua agerian jarri duzu. Demokrazia lapurtu dugula diozu; zuk ez dakizu zer den demokrazia».
Senatuan egin bezala, Cerdanek azaldu du 2021ean bilkura bat egin zutela Ortega Smith Voxeko buruzagiak eta Guardia Zibilaren buruzagi nagusiek, Cigarral de Santa Elenan (Toledo, Espainia). Araizek galdetu dio ea egoera horretan egongo litzatekeen EH Bildurekin eta Juntsekin negoziatu izan ez balu. «Ziurrenik, ez», ihardetsi du. Cerdanen ustez, jazarpen politikoa abiatu dute bere aurka, eta Guardia Zibilak txostena argitaratu baino «urtebete lehenago esaten zen Cerdanen aurkako txosten bat zegoela». Gero, iradoki du jazarpen horren helburu politikoa ez dela bera, Espainiako Gobernua eraistea baizik.
Cerdanen abokatuek adituen txosten bat aurkeztu dute Auzitegi Gorenean, eta ondorioztatu Guardia Zibilak aurkeztutako audioak «manipulatu» egin dituztela. Cerdanek azaldu du audioetan erabilitako softwarea ez dela elkarrizketa horiek grabatu ziren garaikoa, gerokoa baizik: «Elkarrizketak grabatu zirenean software hori ez zegoen sortua. Horrek erakusten du editatu egin zirela». Haren esanetan, hainbat grabaketak erakutsiko lukete hori.
Amaieran hitza hartu du berriz: «PP, Vox eta UPNren agerraldiko azken zatia entzunda, agerian geratu da batzorde honen helburua zein den. Ez dute jakin nahi egia, zer gertatu den Belaterekin. Beste zerbait nahi dute. UPNk mendekua nahi du, ez zelako presidente izan», esan du.