Istiluak izan ziren atzo Ceutan (Espainia): hainbat herritarrek elkarretaratzea egin zuten Negu Gorriak plataformako kideen iritsieragatik, eta ibilgailu bat astindu zuten eta arrautzak bota zizkieten. Ondoren, herritarrek Espainiako Poliziarekin izan zuten liskarra, eta poliziek tiroak bota zituzten airera. Pertsona bat atxikita izan zuten Poliziaren auto batean.
Ostiralean, Negu Gorriak-ek jakinarazi zuen Ceutara joango zela migratzaileei laguntza ematera. Atzo iritsi ziren portura, baina 50 herritar inguruk elkarretaratzea egin zuten plataformako kideen aurka, «erradikalak» eta «ETAzale» izatea leporatuz. Espainiako banderak zeramatzaten.
18:45ean elkartu ziren Ceutako portuko ibilgailuen irteeran, elkarteko kideak iritsi behar ziren lekuan. 20:15ak pasata, 200 manifestari inguruk ibilgailu bat geldiarazi zuten, astindu egin zuten eta arrautzak bota zizkieten. Gainera, autoaren aurreko eta atzeko kristalak hautsi zituzten.Â
Hori dela eta, Polizia bertaratu zen, eta manifestariek Poliziarekin izan zuten liskarra. Istiluak geldiarazteko, poliziek tiro egin zuten airera.
Julia Ferreras Ceuta Ya! alderdi politikoko diputatua eta Rafael Borrego Flotillako aktibista zeuden manifestariek astindu zuten autoan. «Gizon batek esan du ni ETAzalea naizela, eta denak nire gainera bota dira. Ahal izan dudan bezala joan naiz iskanbilatik, baina igotzen ari nintzen autoa liskarraren ondoan zegoen», azaldu zuen Borregok.
Ferrerasek salaketa jarri zuen polizia etxean, Mohamed Mustafa alderdiko buruak jakinarazi duenez. «Inork ezin du inolako indarkeria ekintzarik justifikatu; ez migratzaileen aurka, ez aktibisten aurka, ez Ceutako herritarren aurka», adierazi zuen Ferrerasek.