Hamar egunean jakinarazi gabeko bi etxegabetze exekutatu zituzten iragan ekainean Iruñeko Alde Zaharrean. Herritarrak kalera atera ziren orduan, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak deituta, eta bide judizialari ere ekin zion taldeak, abuztuan —alegazioa aurkeztu zuten Iruñeko epaitegian—. Bada, sindikatuko kideek gaur jakinarazi dute Iruñeko epaitegiek «egindako jardunean euren burua berretsi» dutela, eta, hortaz, kasuak Espainiako Epaitegi Konstituzionalera eraman dituztela, defentsa eskubidea eta segurtasun juridikoa urratu direla argudiatuta.
Iruñeko Justizia Jauregiaren aitzinean bildu dira sindikatuko kideak, eta Iker Narbonak hartu du hitza. Esplikatu duenez, Konstituzionalean errekurtsoa aurkeztu dute, eta onartzeko zain daude: «Ezinbestekoa da etxejabeen eta haien zerbitzura diharduen lege sistemaren inpunitateari aurre egitea. Aukerak urriak badira ere, auzitegiak gure aldeko ebazpena emango balu langileriaren eskubide politikoen defentsan lagunduko ligukeen aurrekaria ezar genezake». Espainiako Etxebizitza Legea onartu zenetik halako kasu bat judizializatzen den lehenbiziko aldia dela erran du Narbonak, eta nabarmendu helburua «aurrekari juridiko arriskutsuak saihestea» dela. Izan ere, sindikatuaren irudiko, ekintza hau ez da kasu isolatu bati erantzuteko, «baizik eta langile klasearen eskubide politikoen defentsarako borroka orokorraren parte».
«Aukerak urriak badira ere, auzitegiak gure aldeko ebazpena emango balu langileriaren eskubide politikoen defentsan lagunduko ligukeen aurrekaria ezar genezake»
IKER NARBONA Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialista
Narbonak gogoratu duenez, ekainaren 11n emazteki bat etxegabetu zuten hiriburuko San Lorentzo kalean, eta ekainaren 20ean andre bat eta bere semea, Jarauta kalean. «Bi kasuetan elkartasun antolatuak kaleratzearen lehenengo data atzeratzea lortu zuen, eta horren ondoren, hiriko epaitegiak erabaki zuen denbora tarte bat irekitzea, jakinarazpenik gabe, etxegabetzeak gauzatu ahal izateko eta horien aurkako protesta eragozteko», erran du. «Data irekiko» etxegabetze horiek Prozedura Zibilaren Legeak ez ezik, 2023an onartutako Espainiako Etxebizitza Legeak debekatzen ditu, sindikatuak adierazi duenez.
Auto judiziala
Jarauta kaleko kasua «bereziki larria» izan zela nabarmendu du Narbonak. Izan ere, sindikatuaren erranetan, epaitegiek eta Iruñeko Udaltzaingoak bi egun gaitu zituzten etxegabetzea «ordena publikorako arriskurik gabe» gauzatu ahal izateko. Are, auto judizialean jasota dago etxegabetze arriskuan zeuden pertsonei eta horien abokatuei ez zietela jakinaraziko, eta horren arrazoia mobilizazio berri bat antola zedin saihestea zela. «Zentzurik eta oinarririk gabea da demandatuari jakinaraztea aurrerapenarekin, berriro mobilizazio bat antolatu eta berriro etxegabetzea galaraz dezan, ordena publikoaren alterazio arriskuarekin», dio dokumentuak. Auto judizial hori froga gisa aurkeztu du sindikatuak.
Ekainean ere sindikatuak salatu zuen etxegabetzea «legez kanpo» gauzatu zela: emaztekiak uko egin zion etxebizitza uzteari, baina, halere, kanporatzearekin aurrera egin zuten. Familiari «iruzur» egin ziotela salatu zuen sindikatuak: iazko urte hondarrean joan ziren etxebizitza hartara bizitzera, alokairuan. Ondotik jakin zuten etxea alokatu ziena ez zela jabea, eta, ondorioz, benetan jabea zenak familiari salaketa jarri zion, martxoan.
San Lorenzo kaleko etxegabetzea, berriz, ekainaren 4an exekutatzen saiatu ziren; baina, Etxebizitza Sindikatuak deituta, ehunka lagun bildu ziren goiz-goizetik geldiarazteko, eta lortu zuten. Sindikatuak ordu hartan esplikatu zuenez, 57 urte ditu emakumeak eta errentan bizi zen etxe horretan, 2016tik. Kontratua amaitu zaio, eta ez diote berritu nahi izan. Emaztekiak, gainera, %75eko desgaitasuna du, eta minbiziaren kontrako tratamendua hartzen ari da.
«Ezin dugu hau gertatzea onartu, eta are gehiago, ezin dugu onartu diskurtso erreakzionarioek ekartzen duten langile klasearen zati baten onarpen eta kolaborazioarekin gertatzea»
IKER NARBONA Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialista
Emaztekiaren kontrako auzibidea 2021ean hasi zen, sindikatu sozialistak esplikatu duenez. Prozedura behin-behinean bertan behera utzi zuten 2022ko otsailean, emaztekiari moratoria onartu baitzioten, haren osasun arazoengatik. Baina aurten luzapenetik kanpo utzi dute, «bi bizileku alternatiba baztertu omen dituelako». Ordea, sindikatuak ekainean erran zuen alternatiba horiek ez zizkiotela behar bezala jakinarazi, eta ez zuela aukerarik izan horiek baztertzeko. Hala adierazi zuen sindikatuak ekainean: «Epaitegiak kontutan hartzen ez duena da ustezko alternatiba horiek egoitzetako egonaldiak zirela, eta horrek inondik ez die erantzuten etxebizitza bat izateko dituen beharrei, ezta hamar urtez bere etxea izan den horretan egoteko duen eskubideari ere».
«Irmotasunez» erantzun
Horrelakoei «irmotasunez» erantzun behar zaiela nabarmendu du Narbonak. Batetik, lan eginez gizartean «jarrera antiproletarioak» ez daitezen normalizatu eta justifikatu eta, bertzetik, «beharrezkoak diren bide guztiak» erabiliz horrelakoak zigorgabe ez gelditzeko. «Ofentsiba ekonomiko eta politikoaren testuinguru honetan, langile klasearen eskubide politikoen defentsa lehentasun bilakatu da. Krisi ekonomikoaren aurrean, etxebizitza merkatu errentagarrienetako bat da. Burgesiak gehiago atera nahi du gutxiagoren truke, eta, horretarako, langile klasearen gaineko kontrol mekanismoak gogortu behar ditu», erran du.
Hala, sindikatuaren irudiko, «areagotu» egin da «enpresariek eta espekulatzaileek dagoeneko zuten zigorgabetasuna». «Ezin dugu hau gertatzea onartu, eta are gehiago, ezin dugu onartu diskurtso erreakzionarioek erakartzen duten langile klasearen zati baten onarpen eta kolaborazioarekin gertatzea», borobildu du.