Eusko Jaurlaritzako bozeramailea eta Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu sailburua

Maria Ubarretxena: «Datorren astean ikusiko da Estatutuari buruzko akordioa osatzea posible den edo ez»

Sailburuak iritzi dio asteartean eta asteazkenen Espainiako Gobernuarekin dituzten bilerak «erabakigarriak» izango direla. Espero du falta diren transferentzien inguruan Madrilek «proposamen zehatzak» eramango dizkiela, «egiazko zerbait».

Maria Ubarretxena sailburua, Eusko Legebiltzarrean. RAUL BOGAJO / FOKU
Maria Ubarretxena sailburua, Eusko Legebiltzarrean. RAUL BOGAJO / FOKU
aitor biain
2025eko azaroaren 9a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Joan-etorrian, Gasteiz eta Madril artean ari da azken hilabeteetan Eusko Jaurlaritzako Autogobernu sailburu Maria Ubarretxena (Urretxu, Gipuzkoa, 1980). Gernikako Estatutua osatzeko negoziazioak sasoi erabakigarrian dira. Sailburua baikorra da, eta ez du uste Espainiako giro politiko nahasiak Jaurlaritzaren helburua kolokan jarri dezakeenik. Gobernu bazkidearekiko adostasunik ezak ere ez du kezkatzen, eta nabarmendu du «normaltasunaren barruan» kokatu behar direla.

Sailburuen agerraldiak amaituta, aurrekontuak negoziatzeko garaia da orain. Zertarako prest dago Jaurlaritza?

Jaurlaritzak eskuak zabalik dauzka, eta ez du marra gorririk jarriko. Lehendakariak ere hiru taldeei luzatu die eskua, eta eskatu die proposamen zehatzak egiteko. Baina proposamenak kontsekuenteak izan behar dira; hau da, gastu igoera bat proposatzen baldin bada, esan behar da baita ere nondik kendu, aurrekontua mugatua baita.

Arartekoa PPrekin adostu dute EAJk eta PSEk. Bi aldeen arteko zubiak hautsita zeudela zirudien. Zirrikitu bat zabaldu da hor? Balio dezake aurrekontuetarako?

Lehendakariak esan du ez duela inor bazter utziko, Vox izan ezik, guk demokrazian sinesten duten alderdiekin egin nahi dugulako aurrera. Hala ere, norekin baino, zer horretan jarri nahi dugu fokua: zer da taldeek proposatzen dutena? Hori da garrantzitsuena.

Arartekoaren profila auzitan jarri da, ez delako euskalduna. Zerbitzu hori euskaldunek baliatu ahal izanda ere, zer mezu uste duzu bidaltzen zaiola gizarteari?

Lehenik eta behin, [Mikel] Manzisidorrek daukan ibilbidea eta eskarmentua azpimarratu nahiko nituzke; oso egokia da. Arartekoa ezin da edonor izan, eta legebiltzarrari iruditu zaio pertsona egokia izan daitekeela. Euskarari dagokionez, nik ez dut pertsonalki ezagutzen, baina entzun dudana da oso euskaltzalea dela, eta belarriprest baino gehiago dela. Horri ere balioa eman behar zaio. Arartekoa ez da pertsona bakarra, halere; berak ordezkatuko du, baina badauka talde handi bat.

«Jaurlaritzak eskuak zabalik dauzka aurrekontuak negoziatzeko, eta ez du marra gorririk jarriko»

Zure ardura da, neurri handi batean, Espainiako Gobernuarekin negoziatzea Gernikako Estatutua urte amaierarako osatzeko. Denbora gain-gainean da, ordea. Jaurlaritzak jarri ditu falta diren eskumenen proposamenak mahai gainean. Badago aurrerapausorik?

Asteartean eta asteazkenean dauzkagu bilerak, eta espero dugu gure proposamenen inguruko erantzun zehatzago bat jasotzea. Madrilek hilabete izan du dagoeneko ministerioekin kontraste hori egiteko. Egiazko zerbait jasotzea espero dugu, nolabaiteko erantzun bat ematea guk egindako proposamenei.

Datorren astea giltzarria izango dela esan zuen lehendakariak, hain zuzen ere. Zergatik? Zer espero daiteke?

Orduan ikusiko dugulako benetan zein den Estatuak daukan borondatea. Haren borondatea akordio bat lortzea eta falta diren eskumenak eskualdatzea baldin bada, ikusiko dugu zein den egiten duten kontraproposamena. Aldebiko batzorde bat egin behar da urtea amaitu baino lehen. Ez dakit urte bukaeran edo urtarrilean izango den, baina gustatuko litzaiguke akordio bat eramatea. Datorren astean ikusiko dugu akordio hori posible izango den edo ez.

Beharko balitz, epea luzatzeko prest dago Jaurlaritza?

Ez digute eskatu. Eskatzen badigute, ikusi beharko litzateke zeintzuk diren baldintzak.

Juntsek atakan jarri du Pedro Sanchezen agintaldia. Orain arte egindako lan guztia ezerezean gelditzearen beldur zara?

Ez. Gobernu bat dagoen bitartean guk eutsi egiten diogu gure konpromisoari.

Proposamenen artean dago Pasaiako portuaren katalogazio aldaketarena. Alderdi sozialista horren kontra azaldu da; «hondamenditzat» jo du. Nola da posible horrelako alderik egotea?

Egia esan, harrigarria egiten zaigu, baina guk oso argi daukagu: Pasaiako portuaren titulartasuna eduki ahal izateko bide bat da interes orokorreko izendapena kentzearena. Gernikako Estatutuak ahalmen batzuk ematen dizkio Euskadiri, hala portuen nola aireportuen ingurukoak, eta guk horiek baino ez ditugu eskatzen.

Anduezak salatu du Pasaiako portuarena ez ezik gainerako transferentzien proposamenak ere ez dituzuela PSE-EErekin negoziatu. Zein da zure bertsioa?

Ez naiz saltsa horretan sartuko. Esango dudana da lan metodologia bera izan dugula legealdi hasieratik. Autogobernu Sailari dagokio Madrilgo Lurralde Politikako Ministerioarekin negoziatzea, eta, akordioa dagoenean, eskuduntza izango duten sailak sartzen dira. Izan ditugu Alderdi Sozialistaren esku dauden sailei lotutako transferentziak. Kasu honetan, Industriarekin ari gara lantzen. Baina metodologia ez dugu aldatu.

Halere, iritzi publikoari azkenaldian behin eta berriz helarazten zaio gobernuko bi bazkideen arteko adostasunik eza. Kezkatzen zaitu horrek?

Ez nau batere kezkatzen. Egia da bi alderdi politiko ezberdin garen heinean desberdintasunak egon daitezkeela, eta etorkizunean ere egongo direla, baina normaltasunaren barruan kokatu behar dira. Ulertzen dugu koalizioa gehiengoan egonda eta gobernu programan ados egonda, egonkortasuna ematen diola Euskadiri. Beraz, oso lasai gaude.

«Harrigarria egiten zaigu Pasaiako portuari interes orokorreko izendapena kentzeari buruz Alderdi Sozialistak duen jarrera»

Madrilek konpromisoa hartu zuen Gizarte Segurantzaren atal batzuk Jaurlaritzaren esku uzteko. Zer garrantzi ematen diozue? Pentsioen eskumena eskualdatzeko atea zabalduko du?

Uste dut atea zabaldu diola dagoeneko. Asko hitz egin da horri buruz, mamu asko aipatu dira, kutxa bakarraren zatiketa dela eta ez dela. Uste dut beldurra sartzea zela horren helburu nagusia. Eta ikusi da ez dela ezer apurtu.

Baina ez al da motz gelditzen, erabaki ahalmenik ez badago? Zertarako eskumen hori ezin bada gutxieneko pentsio edo soldata bat ezarri?

Kudeaketa da Gernikako Estatutuak oraingoz ahalbidetzen duena. Beste kontu bat da Estatutu berri baten baitan eskumen gehigarri horiek eskatzea. Horregatik beti esaten dugu amestu egin behar dela hori eraikitzeko garaian.

Pentsioei edota gutxieneko soldatari buruz erabakitzeko eskumena jaso beharko luke alderdiak negoziatzen ari diren estatutu berri horrek?

Hori erabakitzea legebiltzarrari dagokio. Nik badut iritzi bat, baina orain ez dagokit hori adieraztea.

Langile publikoen soldaten eguneraketei dagokionez, eskumena Madrilena dela esan izan du Jaurlaritzak beti. Ordea, zirrikituak bilatu dira ertzainei eta espetxeetako langileei soldatak igotzeko. Zergatik ez dira orokortzen neurri horiek, sindikatuek eskatu bezala?

Akordio puntualak egon dira negoziazio mahai batzuetan, osagarriei dagokienez, eta izan dira egokitzapen teknikoak kolektibo horiek egiten dituzten zenbait funtzioei lotuta. Ez gara ari igoera orokor bati buruz. Hori da sindikatuek eskatzen dutena, eta oraingoz Jaurlaritzak ez dauka eskumenik horretarako. Kontu hau kasu askotan demagogia egiteko erabiltzen da, baina errealitatea hori da.

Asteon iragarri duzu urte amaieran onartuko duzuela administrazioan aritzeko lege proiektua. Adimen Artifiziala erabiliko duzue horretarako. Kezkatzen zaitu horrek langileen artean ardura sortzeak?

Ez. Guk tresna hori funtzio publikoko langile guztien eskura ipini dugu, eta boluntarioa izango da. Lehenengo bizpahiru egunetan 1.500 pertsonak izena eman dute formakuntza saioetarako. Horrek erakusten du interesa badagoela. Adimen artifizialak ez dio inori lana kenduko, baina, agian, adimen artifiziala erabiltzen duen pertsona batek lana kenduko dio erabiltzen ez duen beste bati. Errealitatea hori da, eta ezin diogu uko egin: Gobernua modernizatu beharrean dago, eta erreminta horiek erabiltzen ere hasi behar gara.

«Gustatuko litzaidake Gardentasun Legean akordioa egitea; uztartu daitezke EAJren eta EH Bilduren zuzenketak»

Gardentasun Legea tramitean dago legebiltzarrean baita ere. EAJk eta EH Bilduk herritarren parte hartzeari buruzko zuzenketak aurkeztu dizkiote. Aukerarik ikusten duzu bide horretan adostasunik lortzeko?

Pozik nago, alde batetik, osoko zuzenketa bakarra aurkeztu delako, Voxena. Gainerako taldeek zuzenketa partzialak aurkeztu dituzte; beraz, horrek esan nahi du ontzat ematen dutela proiektua. EAJren zuzenketak gobernantza kolaboratiboari begirakoak izan dira, eta EH Bildurenak parte hartzeari lotutakoak. Uste dut uztartu daitezkeela, eta gustatuko litzaidake akordio bat egotea.

Gobernantzaz ari zara, baina legealdi honetan aurkeztu diren bi herri ekinaldi legegileren kontrako iritzia eman du Jaurlaritzak. Gobernantza sailburu gisa, zer iritzi diozu horri?

Ez dira gobernuari dagozkion ekinaldiak, legebiltzarrekoak dira, eta tramite prozesu horretan, Gobernuari dagokio iritzia ematea. Gobernuak ezin dio horrelako proposamen bati ateak itxi. Kasu honetan, Jaurlaritzak bere iritzia eman du, azterketa juridikoetan oinarrituta. Gobernuari erantzukizunez jokatzea dagokio, eta hori da egin duena.

Zer sentiarazten dizu genozidio betean euskal enpresa bat Israelgo armagintza enpresa bateko hornitzaile izan zela jakiteak?

Ez dugu oraindik Jainaga entzun, eta, hortaz, ez daukagu datu nahikorik balorazio bat egiteko. Uste dut hori legitimoa dela, azalpenak eskatu eta entzutea, inongo epaiketarik egin aurretik. Hala ere, kasu honek gure ustez ez dauka zerikusirik Talgorekin. Talgo herri ekinaldi bat da, enplegu asko dago tartean, Euskadirentzako enpresa estrategiko bat da, eta guk nahi dugu enpresa hori Euskadin errotzea.

Joango zara Euskal Selekzioa-Palestina partidara?

Bai, joango naiz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.