Deklaratzeari uko egin diote Guardetxearen alde protesta egiteagatik epaitegira deitutako gazteek

Alde Zaharreko Gazte Asanbladak elkarretaratzea egin du epaitegien aitzinean. Fiskaltzaren zigor eskaeren zain daude.

Donostiako Alde Zaharreko Gazte Asanbladak egindako elkarretaratzea, gaur, epaitegien aitzinean. GORKA RUBIO / FOKU
Donostiako Alde Zaharreko Gazte Asanbladak egindako elkarretaratzea, gaur, epaitegien aitzinean. GORKA RUBIO / FOKU
Isabel Jaurena.
2025eko abenduaren 9a
15:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Donostiako Udaleko osoko bilkuran protesta egin zuten hainbat gaztek iragan maiatzean, Guardetxea etxegabetze arriskuan zegoela salatu eta horren kontra protesta egiteko. Protesta horren harira, sei gazte gaur deklaratzekoak ziren, baina uko egin diote epailearen aitzinean mintzatzeari; fiskaltzaren zigor eskaeraren zain daude orain. 

AZGA Alde Zaharreko Gazte Asanbladako kideak dira seiak, horiek berreskuratu baitzuten Donostiako Guardetxea eraikina Maiatzaren Lehenean. AZGAk antolatuta, 09:00etan elkarretaratzea egin dute epaitegi aitzinean, Guardetxea defendatzeko eta auzipetuei elkartasuna adierazteko. Eñaut Alvarez asanbladako kideak esplikatu duenez, desordena publikoak eta autoritatearen kontrako atentatua egitea egozten diete sei kideei. Eta ez hori bakarrik: «Lesio delituak egin izana egozteko arriskua mahai gainean dago, eta, ondorioz, espero daiteke espetxe zigorra ezartzeko eskaerak iritsiko direla».

Zitazioaren berri izan zutenean errandakoa gogora ekarri dute gaur asanbladako kideek, eta berretsi «amarru poliziala» ezin dela ulertu gertaera bakan gisa: «Azken urteotan agerikoa bihurtu da egiturazko krisi kapitalista batean gaudela, eta, ondorioz, sistemari beharrezkoa zaio zapalkuntza forma berriak garatzea eta bestelako bizi eredu bat antolatzen dugun espazio eta proiektuen aurka egitea». Are, salatu dute okupazioaren kontrako «kriminalizazio prozesu bat» abiatu dela: «Guk argi eta ozen diogu etxebizitzarekin, lurraren ustiapenarekin eta baliabide publikoekin espekulatzen duten horien jabetzak okupatu eta kolektibizatzea ez dela delitua, auzo eta herrietako langileon interes kolektiboaren aldeko erresistentzia ekintza baizik».

Guardetxeko kideek husteko arriskuan dauden gaztetxeak defendatzen ari direnekin bat egitera deitu dute, eta gogora ekarri dute urtarrilean duten epaiketa. Urgulleko gaztetxearen okupazioari lotutakoa izanen da saioa, Donostian egingo da, eta egun berean deklaratzera deituta daude Igorreko (Bizkaia) Kiñu gaztetxeko kideak ere, Durangon (Bizkaia)—. Dinamika bateratu baten bidez aurre eginen diote egoerari, Desalojorik ez erantzunik gabe! lelopean. Izan ere, haien irudiko, ez da kasualitatea bi epaiketak egun berean izatea; aitzitik, bat egite hori «gaztetxeen eta okupazioaren aurkako estrategiaren parte da». 

Sei urte hutsik

Halere, AZGAko kideek nabarmendu dute ez dutela lortuko asanbladaren jarduna gelditzea. «Ondo dakigu zer ondorio dakartzan gure auzoan horrelako proiektu eta espazioak galtzeak, eta gure konpromisoak ez du atzera-bueltarik. Behin itxi zuten Guardetxea, baina ez diegu berriz ixten utziko», adierazi dute.

2019an itxi zuen Guardetxea Donostiako Udalak, hamar urtez gune autogestionatu izan eta gero. Sei urtez hutsik egon zen, eta tartean gazteek bilkurak egiteko eskaerak egin izan dizkiote udalari, baita okupazio sinbolikoak ere. Erantzunik jasotzen ez zutenez, maiatzean eraikina okupatzea erabaki zuten. Kanporatuak izateko arriskuan daude orain.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.