Zer jarrera dago demokraziaren inguruan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan? Ikuspegi nagusia da demokraziak babes zabala duela, eta hamar herritarretik bederatzik gobernu forma modura «lehenesten eta legitimatzen» duela demokrazia. Joera hori orokorra da, baina gizon gazteen artean «indiferentzia» agertzen ari da gobernu forma bat edo beste aukeratzearen inguruan. Horixe da Arantzazulabek sustatutako azken liburuan jasotako ondorioetako bat. Hori, eta demokraziarekiko «atxikimendu falta orokorra» dagoela, politikarekiko «urruntze sentimendua handia» den heinean.
Gaur aurkeztu dute liburua: Democracia y cultura política. Legitimidad, satisfacción y vinculación afectiva en la Comunidad Autónoma Vasca (Demokrazia eta kultura politikoa. Legitimitatea, satisfazioa eta lotura afektiboa Euskal Autonomia Erkidegoan). Andoni Eizagirrek eta Leyre Arrietak koordinatu dute, eta bi iturri baliatu dituzte informazioa biltzeko: batetik, 2.173 lagunek osatutako galdetegi bat; bestetik, 150 herritarrek osatutako eztabaidak, eta 25 aditu eta politikariri eginiko elkarrizketak.
2026 hasieran zehar liburuari buruzko solasaldiak antolatuko ditu Arantzazulabek, Euskal Herriko Unibertsitatearekin, Mondragon Unibertsitatearekin eta Deustuko Unibertsitatearekin batera, edukietan sakontzeko eta liburuko ikerketaren emaitzen berri emateko.