Desobedientziara jo dute Bernat Etxepareko ikasle frankok, baxoko matematikako probari euskaraz erantzunez

Leheneko ikasleek euskaraz erantzun diote azterketari. Baxoa osoki euskaraz izateko elkarretaratzea egin dute Seaskako ikasleek, irakasleek eta gurasoek.

Seaskako ikasleen protesta, gaur goizean, Baionako Etxepare lizeoan. GUILLAUME FAUVEAU
Seaskako ikasleen protesta, gaur goizean, Baionako Etxepare lizeoan. GUILLAUME FAUVEAU
Xalbat Alzugaray
Baiona
2026ko ekainaren 12a
12:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Baxoa euskaraz orain! pankarta zabaldu dute goizean Seaskako gurasoek, irakasleek eta ikasleek Bernat Etxepare lizeoaren aitzinean. Berrehun bat pertsona bildu dira, baxoa osoki euskaraz izan dadin aldarrikatzeko. Leheneko ikasleek, gainera, baxoko Matematikako azterketa izan dute goizean, eta, iragarri bezalaxe, desobedientziara jo dute, azterketa euskaraz egin baitute.

Frantziako Hezkuntza ministro Edouard Geffrayk duela aste batzuk iragarri zuen desobedientziara joko zuten ikasleen kontra ez zela joanen, baina azterketatik atera ikasleek nabarmendu dute ministroak eman pausoa ez dela nahikoa. «Gaurko kopiak euskaraz zuzenduak izanen direla iradoki digute, baina ez da segur, hipotetikoan erran baitute». Gainera, hitza hartu duten bi ikasleek kopiak osoki frantsesez izan dituztela azpimarratu dute, eta aldarrikatu baxoa osorik euskaraz izateko borrokan segituko dutela, proba guziak euskaraz izan artio.

Maia Maury ikasleak kontatu du desobedientziara jo duela, baina zaila izan zaiola etsamina osoki frantsesez prestatzea, irakasgaia euskaraz ikasi baitu ttipidanik. Matematika ez zenez etorkizunean eragin zezakeen irakasgaia, desobedientziara jotzeko aukera «errazago» egin duela erran du. Hodei Lekuonak, berriz, hastapenetik argi izan du desobedientziara joko zuela. Haren erranetan, euskara hutsean konposatu du Matematikako proba, Parisek ikasleen aldarrikapenak entzun ditzan. Bertzalde, 2028tik aitzina, azterketa idatzi bat eta ahozko handiaren zati bat euskaraz egiteko aukera izanen dute Iparraldeko ikasleek, baina epemuga urrunegia iruditu zaio Lekuonari. «Ni ez naiz gehiago hor izanen 2028an, eta, nahiz eta aitzinamenduak espero ditudan, iruditzen zait urrunegi dela eta gure aldarrikapenak erdizka betetzen direla».

«Ni ez naiz gehiago hor izanen 2028an, eta, nahiz eta aitzinamenduak espero ditudan, iruditzen zait urrunegi dela eta gure aldarrikapenak erdizka betetzen direla»

HODEI LEKUONA Ikaslea

Horrekin bat dator Seaskako guraso Maialen Pery ere. Luzera begira, euskal baxoa lortzeko aitzinamenduak eman behar direla erran du, eta ez baxoaren zati ttipi bat euskaraz pasatzeko baimena. «Ez dut sinesgarritasunik sentitzen. Gainera, badakigu hauteskundeak tartean izanen direla. Guk oinarri sendoak aldarrikatzen ditugu». Gehitu du ministroak iragarri neurria sail elebidunarentzat egokia izan daitekeela, baina ez baitezpada murgiltze ereduarentzat.

Koadro finkorik ez

Peio Dufau eta Colette Capdevielle diputatuak ere elkarretaratzean izan dira sostengua erakusteko. Dufauren erranetan, garrantzitsua zaio ikasleei sostengua helaraztea, eta, baieztatu duenez, Frantziako hezkuntza ministroak ez du «koadro finkorik» eman Matematikako azterketak euskaraz zuzendu ahal izateko. «Ikasleen onerako ibiliko direla erran du ministroak, baita errektoreak ere, baina horren gibelean bakoitzak gauza anitz interpreta ditzake». Nahiz eta Frantziako presidentetzarako hauteskundeak izan hemendik eta 2028ra, diputatuak segurtatu du gobernu aldaketa batek ez lukeela aldaketarik eraginen iragarri neurriari buruz. «Baxoaren koadro berria lantzeko bi urte beharko dira, baina gutienez bertze bi urte beharko dira hori desegiteko, desegin nahi balute. Gobernu berri bat balitz, ez luke hain errazki hautsiko dena».

Elkarretaratzea, baxoko matematika azterketagatik, Etxepare lizeoan, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU
Elkarretaratzea, baxoko matematika azterketagatik, Etxepare lizeoan, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU

Capdevielli, berriz, logikoa zaio hezkuntza ibilbide osoa euskaraz egin ondotik etsaminak euskaraz pasatzea. «Logika pedagogikoa» da harentzat, eta, leku «anitzetan» egiten den bezalaxe, euskaraz egiteko trabarik ez du ikusten. «Galde logikoa eta zilegia da. Hezkuntza ministroak aitortu du baxoa euskaraz egiteko eskaera zilegia dela. Beraz, uste dut hemendik aitzina gauzak plantan eman behar direla hori lortzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE