Donibane Lohizuneko (Lapurdi) poliklinikak ez du berritu larrialdi zerbitzuaren atxikitzeko Eskualdeko Osasun Agentziari egin behar zaion galdea. Orduan, zerbitzua hestera doa, irailaren 16tik goiti. Zenbait hautetsiri ezin ulertuzkoa izan zaie erabakia, hala nola Donibane Lohizuneko auzapez Jean François Irigoieni eta Peio Dufau hautesbarruti horretako diputatuari.
Gaur arratsaldean Frantziako Asanblea Nazionalean zela, Dufau Osasun ministroari zuzendu zaio kasuaz: «Poliklinika pribatuak kudeatutako larrialdi zerbitzu publikoak hainbat arazori aurre egin dizkio azken urtean. Berrantolaketa bortxatuak, kudeaketa agresiboa... Hamalau medikuetarik hamahiruk dimisioa eman dute, azkenean. Urgentziak usu hetsiak izan dira, eta ondorio larriak ekarri ditu herritarrentzat. Eta, orain, klinikak larrialdi zerbitzuaren hestea erabaki du. Ezin onartuzkoa da!». Bestalde, Dufauk ohartarazi du poliklinikak bost milioi euro baino gehiagoren laguntzak eskuratu dituela azken bost urteetan.
Halere, klinikaren kudeatzaileek ez diote segidarik eman nahi zerbitzuari, eta Baionako ospitaleko eta Miarritzeko klinikako larrialdiak ez dute nahiko baliabiderik ukanen Donibane Lohizunekoak utzitako eskasiei erantzun ahal izateko. Baina «arazoa globala da», Dufauk erran duenaz: «Hainbat klinikak diru gehien ekartzen duten zerbitzuak besterik ez dituzte atxikitzen: kirurgia zerbitzuak, adibidez. Zerbitzu publikoak abandonatzen dituzte».
Orduan, galdera egin dio ministroari: «Zer egitea aurreikusten duzu bere lurraldean bakarrik dagoen egitura pribatu horrek zerbitzu publikoari dagozkion eginkizunak utzi ez ditzan, herritarren kaltetan?». Yannick Neuder Osasun ministroak erantzun dio erranez ez zuela Donibane Lohizuneko kasuaren berri, baina «egoera eskandalagarria» iruditzen zaiola. Bilkura bat antolatu du uztailaren 2rako larrialdi zerbitzuari dagozkion «eragile guztiekin», prefetaren aginte pean. Egoera ez balitz hobetuko, ministroak ez du baztertu bera joatea Donibane Lohizunera.
Mobilizaziorako deia
Irigoien Donibane Lohizuneko auzapezak ere «harriduraz» jakin du larrialdi zerbitzuaren hestea. «Ezin onartuzkoa» zaio erabakia berari ere. Salatu du, bestalde, nolako «bortizkeriarekin» hartu duten erabaki hori: «Ez da batere egokia hainbesteko garrantzia duen erabaki bat osoki isilpean hartzea, jakinik eta 2024az geroz ahaleginetan ari garela larrialdi zerbitzuaren sostengatzeko».
Irigoienek eta Dufauk ere bai, biek elkarretaratzera deitu dute ostiralerako, Donibane Lohizuneko poliklinika aitzinean, 19:00etan.