G7koen goi bilera

Donostia aldeko udal batzuk lotarako lekuak prestatzen ari dira errepideek gainezka egingo balute ere

G7koen goi bilerak abuztuaren 24tik 26ra errepideetan sor ditzakeen arazoei aurre hartzeko operazioaren barruan ari dira antolatzen gune batzuk, bidaiariak lotarako hartu beharko balituzte ere.

AP-8ko ilarak, asteazken arratsaldean, Lapurdiko mugara iritsi baino lehentxoago. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
2019ko abuztuaren 21a
21:41
Entzun

Abuztuko zirkulaziorik handieneko asteburuetako bat harrapatuko du G7koen goi bilerak, eta oraintxe ez dago garbi errepideetan poliziek jarri dituzten kontrol neurriek zenbateko eragina izango duten. Eusko Jaurlaritza eta babesgo zibila Donostia aldeko eta Txingudiko udalekin lanean ari da, badaezpada, gerta litezkeen eragozpenei buru egiteko.

Donostia, Hernani, Errenteria eta inguruko beste udal batzuei eskatu diete egokitzeko lekuak, bidean ibilgailuak harrapatuta geldituko balira ere, bidaiariei lotarako lekuak eskaintzeko. Kiroldegia egokituko dute Hernanin. Errenterian, berriz, Belabaratz aterpea eta Fanderiako frontoia eskaini ditu udalak. Beharren arabera, leku gehiago egokitzeko aukerak aztertzen ari dira.

Irungo eta Hondarribiko udalek, bestalde, herritarrei eskatu diete asteburu honetan, ahal duten neurrian, autorik ez hartzeko eta garraio publikoa erabiltzeko. Espainiako Trafiko Zuzendaritzak ere ohar bat baino gehiago zabaldu ditu mezu berarekin azken egunetan, eta gaur Nafarroako Gobernuak eskatu du iparraldera ez jotzeko ibilgailu pribatuetan.

Bidegik ere jakinarazi du Aritzetako gunea, AP-8aren ondoan, egokitu egingo duela, atseden eta aparkaleku gisa, errepidean gerta litezkeen auto ilarei aurre egiteko. Eusko Jaurlaritzak segurtasun plan bat osatu du goi bilerak iraungo duen egunetarako, eta plan horren barruan ari dira hartzen neurriok.

Nolanahi ere, errepideetan buxadurak sortuko direla espero da, eta Gipuzkoan nabarituko da G7koen bilera. Larrialdi zerbitzuek uste dute AP-8, AP-1 eta GI-20 errepideetan sor litezkeela ilararik handienak, baina, horiek betetzearen ondorioz, uste dute GI-636 eta beste errepide batzuetara ere arazoak irits daitezkeela.

Zirkulazioan arazoak sor balitezke ere, murriztapenik handienak Lapurdin, eta zehazki Miarritze inguruan, sumatuko dituzte G7koen topaketak iraungo duen egunetan. Garraio publikoan zerbitzu asko eten dituzte, eta Miarritzen herri barruan mugitzeko oztopo handiak izango dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.