Jaiotze tasaren jaitsiera gero eta gehiago ari da eragiten hezkuntzan. Joan den astean iragarri zuen Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak bateratzeak egingo dituela hamabi ikastetxe publikotan, ikasle kopurua apaltzen ari delako, eta horrela eskola segregaziori aurre egin nahi diola ere argudiatuta. Bada, itunpeko ikastetxeetan ere ari dira nozitzen jaiotze tasaren jaitsiera: iragarri berri dute Donostiako La Anunciata eskola itxi egingo dutela ikasturte amaieran.
La Anunciata eskola erlijiosoa da, Kristau Eskolakoa. 370 ikaslek ikasten dute bertan, D ereduan, eta 28 hezitzailek dihardute lanean.
Eskola Francisco Coll fundazioarena da, eta, haren arabera, hauek izan dira eskola ixteko arrazoiak: jaiotze tasa txikitzea, Batxilergoa kendu izana, itundutako gero eta ikasgela gutxiago edukitzea eta eraikinek behar dituzten inbertsioak. Ikasleei beste zentro batzuetan matrikulatzen lagunduko die Kristau Eskolak, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin batera.