Donostiako Kontseilu Sozialista kalera irten da gaur goizean, eta Donostiako hiri eredua «turismoan eta etxebizitzaren negozioan» oinarritzen dela salatu du. Bulebarretik abiatu dute manifestazioa, eta Donostiako Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren etxebizitza politikak izan dituzte ardatz. Nabarmendu dutenez, politika horiek kalte egiten diote langile klaseari, ez baitie haren beharrei erantzuten; kontrara, «jabe handi eta enpresarien bizimodura egokitutako» hiriak eraikitzea dute helburu.
Hiriko erdigunean barrena egin dute manifestazioa; besteak beste, «Kalea ez da etxea» eta «Hiri eredu kapitalistaren aurka borrokatu» idatzita zeukaten pankartak eraman dituzte. Hain justu, adierazi dute Donostiako etxebizitzen prezioen ondorioz «milaka pertsonak» ez dutela hiritik joan beste aukerarik, eta tentsio handiko eremuen izendapenak eta etxebizitza gehiago eraikitzeko planak kritikatu dituzte: «Neurri horien helburua ez da etxe eskubidea bermatzea, horiek indarrean egonda ere etxebizitzaren prezioa mugarik gabe igotzen ari baita».
Gora egiten ari den beste negozioetako bat, hain justu, turismoarena da: «Azken hamabost urteetan 70 hotel eraiki dira, eta hiriko erdigunea luxuzko turismora bideratutako merkataritzaz eta zerbitzuz josi dute». Horren adibide gisa aipatu dute, besteak beste, Intxaurrondo auzoan «sei izarreko hotel bat» eraikitzen aritzea. Halaber, gogora ekarri dute Elizak etxegabetu asmo duen pertsonaren kasua, eta kritikatu: «Donostiako Elizak 50 milioi euro irabazi ditu bere jabetzak hotelak eraikitzeko salduz».
Kalean eta babesgabe
Asteon kalean bizi zen gazte bat hil da Donostian, eta hura ere gogoan izan dute manifestazioko ibilbidea bukatu ondoren irakurri duten komunikatuan. Are, zehaztu dute azarotik hona kalean bizi ziren lau pertsona hil direla. Haien arabera, bazen modua heriotza horiek guztiak ez gertatzeko.
Halaber, salatu dute segurtasuna eta ordena «obsesio» bilakatu direla Donostiako alkatearentzat eta EAJrentzat, eta bi helburu horiek aitzakia hartuta «ideia arrazistak eta klasistak» elikatzea eta hedatzea egotzi diete: «Defendatzen duten hiri ereduan pobreek ez dute lekurik».