Desagertutako jendea urpean bilatzen aritzen den talde batek Aturri ibaian aurkitu du Joelle Pouyren autoa, barruan gorpua zela. Ahurtin topatu dute, Lapurdin, atzo David Stevenin topatu zuten lekutik gertu. Pouy 2017ko azaroaren 17az geroztik zegoen desagertuta. 68 urte zituen, Mugerrekoa zen, eta, desagertu zen goizean, Hiriburun zuen hitzordutik ez zen etxera itzuli. Haren berririk ez zuen nehork ukan geroztik.
Ikusi gehiago
Urpekariek atzo topatu zuten David Stevenin, ibaian bertan, autoaren barruan. 2018an desagertu zen, eta ez zen haren berririk harrezkero. Adventures With Purpose taldea arduratu da ur azpiko ikerketak egiteaz, David Stevenin aurkitzeko. Orduan ikusi zuten beste bi auto ere bazirela perimetro horretan, baina beste auzi bat argitzera joan behar izan zuten, eta bertan behera utzi zuten Aturriko bilaketa.
Informazio horien jakitean, eta, Steveninen gorpua aurkitu zutela kontuan harturik, Pouyren senarrak enpresara deitu, eta haren emaztearen autoaren matrikula eman zien: ur azpian ikusitako beste autoa harena zenetz argitzeko galdetu zien. Euskal Herrira itzuli, eta argitu dute afera: Joelle Pouyren autoa eta gorpua ziren.
Hirugarren autoa ezin izan dute identifikatu oraino.