Duela bi aste, Rima Hassan Europako Batzordeko LFIko diputatua atxilotu zuen Frantziako Poliziak, «terrorismoa laudatzeagatik», Palestinaren alde egindako adierazpen batzuk zirela eta. Gaiaren inguruko eztabaidei bide eman die, hain justu, «estatuak atentatuak prebenitzeko dituen tresnak indartzeko» lege testu bat aztertzen ari direnean Frantziako Asanblea Nazionalean. Horiek horrela, Peio Dufau eta Iñaki Etxaniz Ipar Euskal Herriko seigarren eta laugarren hautesbarrutietako diputatuek gogor kritikatu dute, zehazki, nori eta zer baldintzatan egiten zaizkien telefono entzuketak Frantzian.
«Garai zaharretara itzultzea dela iruditzen zait», deitoratu du Dufauk. Eta jarraiki: «Garai hori ez da hain zaharra, haatik. Bada ene alderdiko militante bat, Aurore Martin, garai batean Espainiara estraditatua izan zena, iritzi delituagatik...». Asanbleako beste zenbait diputatu harrabotsa egiten hasi dira gelan, Dufauren erranak salatu nahian. «Bai, hala da, lege testuaren gaia hori bera da: izan daitezkeen lerratzeez ari gara. Aurore Martin alderdi politiko baten prentsaurreko batean parte hartzeagatik estraditatu zuten; alderdia Espainian zen ilegala, baina Frantzian gertatu zen, eta Espainian sartu zuten kartzelan. Horiek dira ustezko borroka antiterroristaren lerratzeak».
Hassani gertatu zaiona eta lege testua parekatu ditu Dufayuk, nolazpait. Funtsean, salatu du zer-nolako jokabideak dituen Frantziako Poliziak, ustez mugimendu «terroristei» sostengua adierazten dietenen kontra: «Gure lurraldean [Ipar Euskal Herrian] telefono entzuketak egin dizkigute hainbat hamarkadaz, eta Baionako karriketan jendea hiltzen utzi dute, Donibane Lohizuneko karriketan berdin [Lapurdi]... Frantziako Poliziak bizardunak lagundu ditu lan horretan, eta sekula ez da ikerketarik egin. Sekula ez da egia argitu gai horien inguruan. Eta orain, halako lege testu bat izenpetu behar genuke, besterik gabe?». Galdera erretorikoa zen, eta Dufauk berak ezezkoaz erantzun dio.
Hobeki zehaztu du gertakari historiko horien eta Hassanen atxiloketaren arteko lotura: «Harritua naiz zer gertatzen ari den ikusirik. Beste garai bateko egiteko moldeak dira, euskal militanteen heriotza eragin duten egiteko moldeak. Eta sekula ez da justiziarik izan, sekula! Eta kausa komuna da orain, egia anitz badira argitzeko: Rima Hassanen dosierraren inguruan ez ezik beste anitzen inguruan ere bai».
Bide horretatik jarraikiz, Etxanizek probokazioz galdetu dio Asanbleari: «Peio Dufau ene lankideari ere telefono entzuketak egiten ote zaizkio abertzalea delako? Eta niri, ene lurraldean abertzaleekin lan egiten dudalako? [Laurent] Marcangeli diputatuari ere entzuketak egiten ote zaizkio korsikarra delako? Ministro jauna, nori egiten zaizkio telefono entzuketak arrazoi politikoengatik?».