EAE Unescoko eta Munduko Turismo Erakundeko kide izatea adostu dute Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak

Bi erakundeetan «kide elkartu» gisa parte hartuko du Jaurlaritzak. Oro har, kide elkartuek ez dute boto eskubiderik izaten.

Ibone Bengoetxea eta Jose Manuel Albares, gaur, hitzarmena sinatzeko ekitaldian. IREKIA
Ibone Bengoetxea eta Jose Manuel Albares, gaur, hitzarmena sinatzeko ekitaldian. IREKIA
jon olano
2026ko martxoaren 13a
15:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Erabileraren erabileraz indarra galtzen duen adjektiboa omen da historiko hitza, baina gaur Eusko Jaurlaritzak horrelaxe iragarri du Espainiako Gobernuarekin lortu duen hitzarmena: Euskal Autonomia Erkidegoa Unescon eta Munduko Turismo Erakundean (MTE) kide elkartu gisa aritzea adostu dute bi gobernuek, Jaurlaritzak dauzkan eskumenen artean sartzen direlako bi erakunde horiek lantzen dituztenak —turismoa eta kultura—. «Urrats historikoa Euskadirentzat», abiatu du Jaurlaritzak akordioa iragartzeko prentsa oharra. 

Turismoaren Mundu Erakundeak 160 estatu kide ditu, 500 kide afiliatu eta sei kide elkartu. Arubari, Flandriari, Macaori, Madeirari, Puerto Ricori eta Hong Kongi batuko zaie Euskal Autonomia Erkidegoa. Beste bi herrialde ere badaude, begirale gisa: Palestina eta Vatikano Hiria.

Unescok, berriz, 194 estatu kide dauzka —Nazio Batuen Erakundeko estatu kide oro da Unescoren parte ere—, eta hamabi kide elkartu. Irlak dira gehienak, Europakoak, Karibekoak eta Ozeaniakoak: besteak beste, Aland uharteak, Faroe uharteak, Kanaky, Curaçao, Montserrat eta Tokelau. Estatu ez diren kideak onartzeko, Unescoren Konferentzia Nagusiaren bi herenen babesa behar da. Kide elkartuek parte har dezakete Konferentzia Nagusian eta bere batzordeetan, baina ez dute boto eskubiderik horietan. 

Ibone Bengoetxea Jaurlaritzako lehendakariordeak eta Jose Manuel Albares Espainiako Gobernuko Atzerri ministroak izenpetu dute EAE bi erakundeetan sartzea ahalbidetuko duen lankidetza protokoloa: «Hau urrats garrantzitsua da oso Euskadiren nazioarteko presentzia indartzeko, alde askotariko erakundeen bitartez, mota honetako erakundeak inoiz baino beharrezkoagoak diren garai honetan, gainera», esan du Bengoetxeak. Eusko Jaurlaritzak aurki izendatuko ditu bere ordezkariak bi erakundeetan. Hurrengo batzar nagusiak datorren urtean egingo dituzte bai Unescon, bai MTEn.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA