EAEko Ahal Dugu-k «euskal ezker eraldatzailea» garatuko duen autogobernua eskatu du

Kongresu politikoa egin dute asteburuan, eta bortz puntutan oinarritu dute sortu nahi duten gobernu eredua. Ezkerreko alderdien batasuna eskatu dute, eta adierazi «inorekin zorretan egon gabe» ere egin daitekeela politika.

Richar Vaquero EAEko Ahal Dugu-ko koordinatzaile nagusia, artxiboko irudi batean. JAVI COLMENERO / EFE
Richar Vaquero EAEko Ahal Dugu-ko koordinatzaile nagusia, artxiboko irudi batean. JAVI COLMENERO / EFE
Iratxe Muxika
2026ko urtarrilaren 26a
13:17
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eginbideen zerrenda luzea izanagatik ere, horietako bat kokatu da bertze guztien gainetik: «Euskal ezker eraldatzailea gidatuko duen proiektu politiko kolektiboa eraiki nahi dugu». Richar Vaquero EAEko Ahal Dugu-ko koordinatzaile nagusiaren hitzak dira, eta atzo bertan erran zituen, Barakaldon (Bizkaia) egindako kongresu politikoaren amaierako ekitaldian. «Kongresu honek utzi digun ikasgai nagusia oso argia da: militantzia daukagu, borondatea daukagu, indarra eta gihar politikoak dauzkagu, edukiak ditugu, eta bide orriak ere bai». Hortaz, jarraitzaileei jakinarazi zien ez dutela «siglak batzeko» lanik eginen, ezta Alderdi Sozialistari «alfonbra gorria» jartzeko ere. 

Asteburu osoa iraun du kongresuak, eta «transformaziorako hautagaitza zabalak eraikitzeko prest» agertu dira militanteak. Finean, Euskal Autonomia Erkidegoak «ezker indartsu bat» izan dezan. Eztabaidatzen eta bozkatzen aritu dira bi egunez, zehazki, Ahal Dugu-k proposatutako bortz blokeren inguruan: herri eredua; ekonomia eta ekoizpen eredua; krisi klimatikoa, trantsizio energetikoa eta ingurumena; migrazio erronka; eta itunak eta harreman politikoak bertze indar politiko batzuekin.

Alderdiak plazaratutako dokumentu horri ehun ekarpen inguru egin dizkiote militanteek, eta honako hauek dira, bertzeak bertze, bloke bakoitzaren barnean erabakitako norabide batzuk, alderdiak jakinarazi duenez. Batetik, «konfrontazio estrategikoa» darabilen estilo politiko baten alde eginen dute, gaiaren eta egoeraren arabera eduki daitezkeen interesak kontuan hartuta. Bertzalde, ez dute akordiorik onartuko horrek alderdiaren printzipioak sakrifikatzea ekarriko badu. Alderdiaren eredu errepublikazalea definitzeko hainbat formula jarri zizkieten aukeran, eta honako honek eskuratu zituen boz gehien: «Errepublika plurinazionala, laikoa eta sozialista». 

Eredu ekonomikoari dagokionez, ez zuten zalantzarik erakutsi: «Burujabetza berreskuratzeko plangintza publiko bat nahi dugu». Soldata duinak eskatu zituzten, eta, ondotik, armagintzan jarritako baliabide publikoak bake politiketara bideratu daitezela eskatu. 

«Autogobernua birdefinitzeko garaia da, eta, horretarako, premiazkoa da dauzkagun tresnak erabiltzea. Euskara ezinbesteko tresna da arlo sozialean elkartzeko eta inoiz ez zatitzeko»

RICHAR VAQUERO EAEko Ahal Dugu-ko koordinatzaile nagusia

Herri ereduari buruz jardutean, kohesio sozialaren aldeko apustua egitea erdietsi dute, eta euskarari egin diote keinu. Vaquero: «Autogobernua birdefinitzeko garaia da, eta, horretarako, premiazkoa da dauzkagun tresnak erabiltzea. Euskara ezinbesteko tresna da arlo sozialean elkartzeko eta inoiz ez zatitzeko». Ez hori bakarrik, EAEko Ahal Dugu-ko koordinatzaile nagusiak uste du alderdia «bizirik» dagoela, eta haien printzipioen menpe daudela, ez bertze inoren agindupean. Gaineratu du ezkerra ez dagoela «jolasean» aritzeko, eta, horrenbertzez, beharrezkoa zaiola «eskubideak konkistatzen» hastea. 

Ezkerreko batasunaren bila ari direla erran zuen Vaquerok, baina hori lortu ahal izateko herritarrek egiten duten politika eraldatzaileari kasu egin behar zaiola adierazi zuen. Haren ustez, eduki politikoei buruzko eztabaidak egin behar dira; asteburuko kongresua, kasurako. Halaxe gaineratu zuen: «EAEko Ahal Dugu-rik gabe, ez dago ezkerreko batasunik». 

Ekitaldia bukatzen ari zenean etorkizunera begira jarri ziren militanteak, eta hitzeman zuten «inorekin zorretan egon gabe» eginen dutela aitzinera. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.