«Betikoen benetako alternatiba gisa» ekin nahi dio Euskal Autonomia Erkidegoko Ahal Dugu-k bere kongresuari. Ildo politikoa eguneratzeko prozesua abiatu dutela jakinarazi dute gaur Leticia Jimenez Antolakuntza idazkariak eta Ana Viñals koordinazio kontseiluko kideak, Bilbon egin duten agerraldian. Aurrera begira lelopean egingo dute kongresua. Esan dutenez, «guk argi daukagu: eraldaketarako gatoz». Webgunean argitaratu dute kongresuari buruzko informazio guztia, eta abenduaren 9tik 18ra aurrez aurreko aurkezpenak eta online bidezkoak egingo dituzte, eztabaida irekitzeko. Gero, ekarpenak egiteko epea irekiko da, abenduaren 22tik urtarrilaren 11ra. BECen amaituko dute kongresua, urtarrilaren 24an eta 25ean batzarra eginda.
Haientzat funtsezkoak eta estrategikoak diren bost gai nagusiren inguruan ardaztu nahi dute ildo politikoa: herrialde eredua; eredu ekonomikoa eta produktiboa; klima larrialdia, trantsizio energetikoa eta ingurumenaren babesa; migrazioa, bizikidetza eta elkartasuna; eta itunak eta beste indar politikoekin dituzten harremanak.
Kongresuaren helburua da gai horien inguruko eztabaidak egitea eta ildo politikoa finkatzea. Aldiz, ez dute beharrezko ikusi beste gai batzuk txertatzea eztabaidetan, haien «DNAren parte diren gai oinarrizkoak» direla argudiatuta. Hargatik, ez dituzte eztabaidagai izango etxebizitza, osasuna, hezkuntza, zerbitzu publikoak eta politika feministak.
Inflexio puntutzat jo dute kongresua; izan ere, alderdi morea ez dago bere onenean. Eusko Legebiltzarrean ez zuen ordezkaritzarik lortu azken hauteskundeetan. Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko batzar nagusietan bina ordezkari dituzte, 2023ko bozetan eskuratuak, eta guztira 46 zinegotzi dituzte hiru lurraldeetan.
Gizarte mugimenduei irekia
Eztabaida sakona eta zabala sustatu nahi dute, ibilbide orri berri bat kolektiboki eraikitzeko. Horregatik, eztabaidan parte hartzera gonbidatu dituzte militantzian aritzen direnak eta parte hartu nahi duen herritar oro.
Gizarte mugimenduei ere ireki die parte hartzea alderdi moreak, eta jakinarazi dute kongresuan protagonismo berezia izango dutela. «Kongresu honekin frogatuko dugu mugimenduan dagoen alderdia garela: bizia, parte hartzailea eta gizarteari irekia». Aliantza estrategikoak ehundu nahi dituzte gizarte eragileekin, eta horregatik eman nahi die protagonismo berezia.
Egungo testuinguruari buruzko irakurketan eskuin muturraren aurrerakada, klima larrialdia, etxebizitza krisia, «gazteria kolpatzen duen prekaritatea» eta erosketa saskiaren prezioaren gorakada azpimarratu dituzte. «Horren aurrean bi aukera baino ez daude: etsipena edo eraldaketa». Euskadiko Podemos eraldaketaren aldeko apustua egiten duela berretsi dute.