EAEko Ahal Dugu ere jarri da maiatzeko udal eta foru hauteskundeetara begira. Urte politikoko Herritar Kontseiluaren lehen bilera egitearekin batera, bozetarako hautagaitzak zehazteko primarioen prozesua aurkeztu dute. Bihar itxiko dute hautagaitzak aurkezteko lehen epea, eta urriaren 13rako zehaztuko dituzte horiek. Bien bitartean, «ezkerraren batasuna» lortzeko lanean arituko dira, Richar Vaquero koordinatzaile nagusiak esan duenez.
Inkesten arabera, ataka estuan da Espainiako ezker konfederala, eta ez dago argi euskal erakundeetan egun duen ordezkaritzari eusteko gai izango ote den. Vaquerok, baina, bestelako ikuspegi bat du, eta adierazi du Ahal Dugu-k oraindik asko duela «esateko eta egiteko Euskadin».
Azken urteetako banaketen ostean, aliantza horiek berreskuratzearen alde azaldu da Vaquero. Esan du alderdiko militantziak koalizioen alde egiteko eskaera egin diola, «Euskadiko indar aurrerakoiek herritarren benetako arazoak konpontzeko borrokan jarrai dezaten». Eta koordinatzailearen esanetan, orain arte «borondate ona» adierazi dute aldeek. «Orain, garrantzitsua da gure arteko aldeak atzean uztea, eta boto paper bakar bat izateko elkarren eskutik zer bide egin dezakegun topatzea».
Bitartean, baina, Ahal Dugu-k bere barne prozesuari heldu dio. Zerrendetan agertu nahi dutenek bihar dute hautagaitza aurkezteko azken eguna; behin beharrezko urrats guztiak eginda, urriaren 2an hauteskunde kanpaina hasiko dute, eta militanteek hilaren 5etik 11ra arteko tartea izango dute botoa emateko.
«Alternatiba»
Vaquerok «EAJren politika liberalei, ate birakariei eta lagunen arteko kudeaketari» aurre egingo dion «alternatiba» bat eraiki nahi du: «Alderdien arteko lehiez eta eraikuntza nazionalaz gutxiago arduratuko den Euskadi bat», betiere «justizia soziala eta klasea» lehenetsita. Hain zuzen, horixe bera adierazi du PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Anduezak ere Abantoko (Bizkaia) Burdin Jaian egindako adierazpenetan, esan baitu sozialistek ez dutela lagunduko «lehentasun nazionalak mahai gainean jartzen».
Ahal Dugu-ko buruak, baina, gai gehiago ere jorratu ditu. PISAko emaitza «gogorrez», prezioen gorakadaz eta «eskuin muturraren eta haren gorroto diskurtsoen goraldi eramangaitzaz» ere mintzatu da, eta bere alderdia aurkeztu du auzi horiei erantzuteko alternatiba gisa: «Erakutsi dugu gai garela gauzei bere izenez deitzeko, eta desafioen aurrean erantzun koherenteak emateko».
Barrura begira, berriz, jakinarazi dute Miren Etxebeste alderdiaren zuzendaritzara batu dela, koordinatzailearen alboko kargua hartuta. Etxebeste, Elkarrekin-ek Gipuzkoako Batzar Nagusietan duen eleduna, alderdia gidatzeko hautagai izan zen 2024an, baina Vaquero gailendu zitzaion barne prozesu hartan, hamazazpi botoren aldeaz.