EAEko Auzitegi Nagusiak berretsi egin ditu Ekain Perrinori eraso homofobo bat egiteagatik 11 pertsonari ezarritako kartzela zigorrak eta isunak. Handitu egin du, ordea, zigortuek ordaindu beharko dioten kalte ordaina. Berez, guztien artean 6.000 euro eman behar zizkioten, eragindako kalte moralengatik, eta 350 euro, lesioengatik; EAEko Auzitegi Nagusiak, baina, kalte ordainaren kopurua 6.000 eurotik 8.000 eurora igo du. Zergatik? Uste duelako kalte ordaina eman behar diotela ez bakarrik erasoak eragindako ondorio emozionalengatik, baita erasoaren ondorioz izandako lesio psikologikoagatik ere. Lesio horri aurre egiteko tratamendua jaso zuen hiru hilabetez. Â
Ekain Perrino jipoitu egin zuten 2021eko ekainaren 6ko goizaldean, Basauriko parke batean (Bizkaia), «marikoi zikina» oihu artean. 11 lagunek egin zioten eraso, konorterik gabe utzi zuten arte. Perrinok epaiketan kontatu zuen parkean lagun batzuekin solasean ari zela, eta zigortu duten pertsonetako batek «alde egiteko» esan ziola: «kutsatu» egingo zituela eta «nazka» ematen ziela.
Bizkaiko Probintzia Auzitegiko Lehen Atalak zigortu egin zituen, gorroto delitua, osotasun moralaren kontrako delitua eta lesio delitu arina egitegatik. Auzipetutako hamar laguni bi urteko kartzela zigorra ezarri zien, eta 2.700 euro bitarteko isunak; azkenari, berriz, hamalau hilabeteko kartzela zigorra, eta 1.710 euroko isuna, nahasmendu psikikoaren aringarria aplikatu ziotelako. Epaiaren arabera, epaiketan frogatuta geratu zen erasoa «taldean» egin zutela, eta «esanahi homofobo eta baztertzailea» zuela.
Ikusi gehiago
EAEko Auzitegi Nagusiak atzera bota ditu zigortuek jarritako helegite guztiak. Haien esanetan, epaiketan aurkeztutako frogak ez ziren behar bezala baloratu, eta urratu egin zuten haien errugabetasun presuntzioa. Auzitegiak berretsi egin du gorroto delitua egin zutela, adierazpen batzuen bidez —«homofoboak eta baztertzaileak»— Perrino «mespretxatu» nahi zutelako bere orientazio sexualagatik: «Eraso bat izan zen haren duintasun pertsonalaren kontra; diskriminatu eta baztertu beharreko pertsona gisa tratatu zuten».
500 metro, ez 50
Bizkaiko Probintzia Auzitegiak urruntze agindua ezarri zien zigortuei: ezin dute Perrinorengandik 500 metro baino gutxiagora hurbildu. Zigortuek EAEko Auzitegi Nagusiari eskatu zioten distantzia 500 metrotik 50era murrizteko. Auzitegiak atzera bota du eskaera, «ez delako gehiegizkoa eta neurrigabea», eta distantzia hori murrizteak Perrinoren babesa gutxituko lukeelako. «Biktimaren babesa da lehentasuna», nabarmendu du.
Akusatuek EAEko Auzitegi Nagusiaren epaiaren kontrako helegitea aurkez dezakete Espainiako Auzitegi Gorenean.