Talde politikoak etxebizitzaren, lurzoruaren eta hirigintzaren alorreko presazko neurriak hartzeko lege proposamena eztabaidatzen ari dira Eusko Legebiltzarrean, eta, bitartean, hainbat sektoretako gizarte eragileak protesta egiten ari dira arau berri horien kontra; gaurkoan, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak salatu du neurri horiek etxebizitzak eraikitzeko eta alokatzeko beste ziklo bat sustatuko dutela, eta gehitu ez dutela etxebizitzaren arazoa konponduko. Talde ekologistek ere haien kezka plazaratu zuten urrian, uste baitute neurri berriek kalte egingo dietela ingurumen bermeei.
Ikusi gehiago
Sindikatuaren ustez, etxebizitzaren arazoa «egiturazkoa» da, «sekula desagertu ez dena», eta enpresarien interesei egotzi die arazo hori okertzea. Haien esanetan, EAJk eta PSE-EEk lege proposamen hori bultzatu dute badakitelako gero eta «kezka sozial handiagoa» dagoela arazo horren bueltan. Lege proposamena Madrilgo Etxebizitza Legeak «jada markatutakoaren aplikazio logikotzat» dute sindikatukoek. Gainera, nabarmendu dute «desadostasun batzuk alde batera utzita» badagoela alderdi politiko guztien artean lege proposamen horren aldeko adostasuna.
«Premisa faltsu» batetik abiatzen da lege proposamena, sindikatuaren ustetan: «Legeak dioenez, etxebizitza gabezia dugu, eta arazo hori daukagu etxebizitza merkatua ez delako behar bezain errentagarria. Instituzioen eginkizuna da, beraz, sektore hori inbertsioetarako errentagarriagoa eta seguruagoa izango dela segurtatzea». Hori dela eta, uste dute neurri gehienen helburua hau dela: «bankuei eta errentatzaileei alokairuaren edo hipoteka zorren ordainketa bermatzea, %100erainoko zerga murrizketak ezartzea errentadunentzat, eta, batez ere, era guztietako erraztasun eta baliabideak ematea etxebizitza gehiago eraikitzeko». Horiek horrela, nabarmendu dute higiezinen merkatuaren errentagarritasuna %15ekoa dela, eta gainontzeko sektoreak %3 eta %7 artean daudela.
Aberastasunaren transferentzia
Sindikatuaren ustez, neurri horiek aplikatuta langile klasearen aberastasuna are gehiago transferituko da «eraikuntza enpresa handien, higiezinen enpresen eta abarren poltsikoetara». Gauzak hala, legearen kontra agertu da etxebizitza sindikatu sozialista, baina ez soilik horregatik, baita ere uste dutelako legeak ez duela etxebizitzaren arazoa «inolaz ere konponduko».
Beraz, esan bezala, sindikatuak aurreikusi du etxeak eraikitzeko eta alokatzeko beste ziklo bat sustatuko dela, eta hiru ondorio atera dituzte. Lehenik eta behin, sindikatuak nabarmendu du gizarteko sektore zaurgarrienei baliabideak gutxituko dizkietela, lege proposamenak DSBE diru sarrerak bermatzeko errenta erreformatuko duelako; erreforma horrek «pertsona zaurgarrienenak diru laguntzarik gabe uztea» helburu duela salatu dute.
Bigarrenik, legeak etxebizitzen eraikuntza azkartzeko xedea duenez, bizigarritasun irizpideak malgutu egingo dira, sindikatuak ohartarazi duenez, «eta okertu egingo da langile klaseak lortu dezakeen etxebizitzaren batez besteko kalitatea». Talde ekologisten kexuetara ere batu da sindikatua, uste baitu malgutu egingo direla eraikuntza sektorearen inpaktu ekologikoa ebaluatzeko prozedurak. Azkenik, uste dute are garestiago salduko direla etxebizitzak, eta gogorarazi dute babestutako etxebizitzen kopurua %75etik %60ra murriztea proposatzen duela legeak; alde horretatik, azaldu dute legearen helburu nagusia «eraikuntza enpresen errentagarritasuna bermatzea» dela.
Hori guztia kontuan hartuta, adierazi dute egiturazko neurriak behar direla etxebizitzaren arazoa konpontzeko, eta ez «etxebizitzaren negozioa finantzatzea»: «Eraikuntza enpresen boterea eta erabakitzeko ahalmena handitu beharrean, langileen etxebizitzen gain duten kontrola areagotu behar dugu. Langile klase antolatuak, eta ez enpresariek, erabaki behar du zer eraikiko den eta nola banatuko den, bere behar kolektiboen arabera». Hori dela eta, antolatzeko deia zabaldu du sindikatuak.