Hainbat talde ekologistak ohartarazi dute EAJk eta PSE-EEk Eusko Legebiltzarrean aurkeztutako Etxebizitza, Lurzorua eta Hirigintzaren arloko Premiazko Neurriei buruzko Lege Proposamenak ondorio «larriak» izango dituela ingurumenean. Euskal Herriko ia hogei talde ekologistak adierazpen bateratua egin dute lege proposamenaren aurka; sinatzaileen artean daude, besteak beste, Eguzki, Ekologistak Martxan eta Guggenheim Urdaibai Stop elkarteak. Ekologisten arabera, «funtsezko ingurumen kontrolak ezabatzen» ditu, eta arriskuan jartzen ditu osasuna eta lurraldea babesteko bermeak.
Joan den astean zenbait bilera egin zituzten Eusko Legebiltzarreko taldeekin lege proposamenaren aurka daudela azaltzeko, eta eskatzeko zuzenketen bidez legean txertatu ditzatela ingurumen bermeei eusteko neurriak. Talde ekologisten arabera, alderdi politiko guztiek esan zieten zalantzak zituztela legearen arlo juridiko eta teknikoaren inguruan.
Udalerrien desorekak eta ingurumen kontrolak
Lege proposamenak EAEko sei lege aldarazten ditu —horien artean, Ingurumen Administrazioari buruzkoa eta Lurzoru Kutsatuei buruzkoa—, eta, ekologisten ustez, ingurumen kontrolak ezabatzen ditu, eta osasuna arriskuan jarri eta lurraldea babesteko bermeak ahultzen ditu. Salatu dute lege berriak udalerrien artean «desoreka eta ziurgabetasuna» sortuko dituela, eta aurretiazko ingurumen txostenak ezabatzeak bide emango diela «lurzoru kutsatuen gaineko jarduerei edo ebaluazio estrategikorik gabeko hirigintza planei».
Ekologistek gogoratu dute EAEk baduela etxebizitza berriak egiteko lurzoru nahikoa, eta arazoa ez dela ingurumen txostenen tramitazio motela, lurzoruarekin espekulatzea eta legeak ez betetzea baizik. Horren ordez, hiriguneak birdentsifikatzea eta hutsik dauden etxebizitzak mobilizatzea proposatu dute. Alabaina, Eusko Jaurlaritza babesten duten bi alderdien nahia bestelakoa dela ohartarazi dute: «Jaurlaritzak planteatzen duena ez da bizitegi krisiari irtenbidea ematea; atzerapausoa da ingurumen eta gizarte arloetan, eta 2008ko krisiaren aurretik egindako akats politikoak gogorarazten ditu».