Eusko Legebiltzarrak tramiterako onartu du EAEko Jokoaren Legea moldatzeko Alderdi Popularrak aurkeztutako lege proposamena. Funtsean, artikulu bat moldatzea da proposamenean eskatu dutena, irabazi-asmorik gabeko talde eta erakundeak legetik salbuetsita geratzeko. EAJk, PSE-EE eta Voxek alde bozkatu dute, eta EH Bildu eta Sumar abstenitu egin dira.
Bilboko Santutxu auzoko zaharren egoitza baten kasuaren harira aurkeztu zuen proposamena Alderdi Popularrak joan den martxoan. Ertzaintza adinekoen egoitzara bertaratu zen, eta esan gaur-gaurkoz indarrean dagoen legearen arabera debekatuta dagoela bingoan diru truke jokatzea, apustu eta irabazi ekonomikoak daudelako tartean. Eta kopuruak txikiak izanagatik ere, legeak dioena zurrun betez gero 60.000 eurorainoko isuna jaso zezaketela abisu egin zieten.
Hori saihesteko ezinbestekoa da 1991. urteko EAEko Jokoaren Legea aldatzea, Ainhoa Domaica PPko legebiltzarkideak zehaztu duenez. Eta horregatik aurkeztu du proposamena. Legeak beren-beregi jasotzea nahi du, irabazi-asmorik gabeko talde nahiz elkarteak salbuetsita geratu daitezen. «Hainbeste onura eragiten duen jarduera bat ezin da legez debekatuta egon», azpimarratu du.
Gainerako taldeak ados daude aldaketarekin, baina ñabardurekin. EAJk egingarritzat jo du, eta posible ikusten du legearen artikulua aldatzea. EH Bilduren ustez, ordea, Alderdi Popularraren proposamenak «segurtasun juridiko handiagoa» behar du, litekeena baita testuak bere horretan «arazoak» ekartzea. Sumarrek ere begi onez hartu du aldaketa, baina ohartarazi du jokoarekin arazoak dituzten pertsonak babestu egin beharko direla.