EAJk eta PSEk ez dute begi onez hartu aurrekontuen inguruan EH Bilduk egindako proposamena. Jaurlaritzaren eta hiru foru aldundien aurrekontuak modu bateratuan negoziatzea eskaini zien koalizioak bi alderdiei, baina iaz bezala aurten ere uko egin diote biek ala biek.
Sozialistek adierazi dute herrialde eta erakunde bakoitzaren errealitateak desberdinak direla, eta, beraz, zaila dela denak elkarrekin negoziatzea. Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak, dena den, zirrikitu bat zabalik utzi du, txikia bada ere: «Ea elkarrizketak nola joaten diren, eta zer formulazio egiten den. Horren arabera, ikusiko dugu». Anduezak esan du, halaber, PSE prest dagoela aurrekontuak oposizioarekin negoziatzeko.
EAJ ere prest dago aurrekontuak alderdi guztiekin negoziatzeko, «lehentasunik eta betorik gabe». Baina sozialistek ez bezala, atea erabat itxi dio EH Bilduren proposamenari. Joseba Diez Antxustegi jeltzaleek Eusko Legebiltzarrean duten bozeramaileak adierazi du erakunde bakoitzean «desberdinak» direla errealitateak eta gehiengoak, eta, beraz, aurrekontuak ere baldintza horien arabera negoziatu behar direla. Bada, subiranistei eskatu die «seriotasunez» hartzeko elkarrizketak, eta hedabideetan «zarata gutxiago» egiteko.