Eusko Jaurlaritzak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek datorren astelehenean egingo dute aurtengo zerga bilketaren aurreikuspena zehazteko bilera. Finantzen Euskal Kontseiluan zehaztutako kopuru horiek erabiliko dituzte ondoren lau erakundeek 2026ko aurrekontuak egiteko. Bada, iaz bezala, aurten ere Jaurlaritzaren eta hiru aldundien aurrekontuak batera negoziatzeko gonbidapena egin die EH Bilduk EAJri eta PSE-EEri.
Naiz irratian egindako elkarrizketan, EH Bilduko idazkari nagusi Arnaldo Otegik adierazi du proposamena zentzuzkoa dela, aukera eman dezakeelako hiru herrialdeek dituzten erronka nagusiei modu bateratuan erantzuteko: «Guretzat ez dauka logika handirik, lehen kolpean bederen, aldundiz aldundi hitz egitea aurrekontuei buruz. Hau egin behar da: zenbat diru dago kutxa amankomunean, eta hori zertan eta non inbertitu behar da? Hori da gure logika politikoa».
Otegik zehaztu du proposamena helarazi dietela jada bi alderdiei baina ez dutela erantzunik jaso oraindik. Hain justu, EAJk eta PSEk uko egin zioten proposamen horri iaz, baina aurten aukera egon daitekeela zehaztu du Otegik: «Pasa den urtean gauzak modu batera egin ziren, baina uste dugu aurten beste modu batera egiteko aukera egon daitekeela. Ez dut esaten onartuko dutenik, baina ikusiko dugu».
2025eko Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuak oposizioaren babesik gabe atera zituzten aurrera jeltzaleek eta sozialistek, Eusko Legebiltzarrean duten gehiengoari esker. Aldiz, EH Bildu abstenitu egin zen Araban eta Bizkaian. Gipuzkoan, PPren babesari esker onartu zituzten aurtengo aurrekontuak.