EAJ-PSE akordioa Eudelera ere hedatu dute, eta Imanol Landa izango da presidente

EH Bilduk ez beste alderdi guztiek izango dute ordezkaritza batzorde eragilean.Koalizioak aukerak ikusten ditu «desadostasunak gainditzeko»

Imanol Landa Getxoko alkatea izendatuko dute Eudeleko presidente hilaren 16ko ezohiko batzarrean. L. JAUREGIALTZO / ARP.
enekoitz telleria sarriegi
2015eko irailaren 10a
00:00
Entzun
Batzorde Eragile berrirako hautagaiak aurkezteko epea amaitu den egunean bertan argitu dira Eudeli buruzko gehienak. EAJk eta PSE-EEk, espero bezala, legegintzaldirako lortutako akordioa erakunde horretara ere hedatu dute, eta karguak adostu. Imanol Landa Getxoko alkatea izango da presidentea (EAJ), eta Jose Antonio Santano Irungo alkatea (PSE-EE) eta Josune Irabien Amurrioko alkatea (EAJ) presidenteordeak. EH Bilduk ez beste alderdi guztiek izango dute ordezkaritza batzorde eragile berrian. EAJkoak hamar ordezkari izango dira, PSE-EEkoak hiru, PPkoa bat eta talde independenteetakoa beste bat.

Koldo Mediavilla EAJren EBBko Harreman Instituzionaletarako idazkariak adierazi duenez, lortutako akordioa «gatazka politikoa udal esparrutik ateratzeko borondate argiaren ondorioa izan da». EAJk «ahalegin guztiak» egin ei ditu EH Bilduk batzorde eragile «integratzaile» horretan parte har zezan, «baina ez da posible izan». Izan dituzten hartu-emanen balorazio «positiboa» egin dute, hala ere, jeltzaleek. Bi aldeak elkarrengana hurbildu direlako eta ikusi dutelako koalizioko kideen artean «etorkizun hurbilean» Eudelen lanak eta erantzukizunak partekatzeko «borondatea». «Elkarrizketan eta denon parte hartzean sinesten dugu, eta atea zabalik izango dugu, EH Bildu akordio honetan sartu ahal izateko».

Eta egindako bilera horien balorazio «baikorra» egin du EH Bilduk ere. Onartu arren badirela akordioa eragozten duten elementuak, koaliziotik diote badagoela aukera «ahalik eta eperik laburrenean» akordioa gauzatzeko, baina ez dutela «presarik», eta hilaren 16ko ezohiko batzarrean ez dutela hautagairik aurkeztuko. «Dauden desadostasunak desblokeatzeko» aukera ikusten du EH Bilduk, eta «erantzukizunez» ariko direla esan.

Lortutako akordioarekin pozarren Begoña Gil PSE-EEren Arlo Instituzionaleko idazkaria mintzatu da. Akordioaren «aniztasuna» nabarmendu du hark, eta alde guztiek «elkarlanerako» agertutako borondatea, «udalgintzarentzat horren erabakigarria den garai honetan». Zentzu berean aritu da Nerea Llanos EAEko PPren idazkari nagusia. Eudelen egotea «garrantzitsua» dela esan du hark, erakunde horietan herritarrentzat garrantzitsuak diren gaiak jorratzen direlako. Argitu du asteartean bertan jaso zutela EAJren deia batzorde eragilean kide bat izatea proposatuz. «Presaka» egindako proposamena izan zela, baina baiezkoa eman zutela.

Presidentea eta presidenteordea kenduta, batzorde eragileko gainontzeko alkateak: Ibon Uribe Galdakaokoa (EAJ), Ager Izagirre Mungiakoa (EAJ), Josu Bergara Sestaokoa (EAJ), Mari Carmen Urbieta Leioakoa (EAJ), Nati Lopez de Muniain Burgukoa (EAJ), Mikel Pagola Urnietakoa (EAJ), Ane Beitia Elgoibarkoa (EAJ), Aitor Aldasoro Beasaingoa (EAJ), Mikel Torres Portugaletekoa (PSE-EE), Jose Javier Martinez Iruña Okakoa (PSE-EE), Borja Monje Mañuetakoa (PP) eta Jose Luis Navarro Abadiñokoa (independentea).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.