Eusko Jaurlaritzaren Lehendakaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak egindako inkestaren arabera, EAJk lortuko lituzke eserleku gehien Eusko Legebiltzarrerako bozak eginez gero; 29, hain zuzen. Gaur egun 27 ditu, EH Bildurekin parekatuta. EAJk Araban irabaziko luke eserlekuetako bat, eta Gipuzkoan, bestea. EH Bilduk eutsi egingo lieke dituen 27 aulkiei. PSE-EEk eta PPk eserleku bana galduko lukete; Sumarrek eutsi egingo lioke orain duen eserleku bakarrari, baita Voxek ere.
Herrialdez herrialde erreparatuz gero, Araban zortzina eserleku aterako lituzkete EAJk eta EH Bilduk. EAJk, horrenbestez, eserleku bat gehiago lortuko luke Araban, aurrekoan zazpi eskuratu baitzituen. PSE-EEk lau eserleku lortuko lituzke, gaur egun dituenei eutsita. PPk bat galduko luke, eta hirurekin geratu. Voxek eta Sumarrek eserleku bana dute legebiltzarrean; biek ala biek Araban lortu zuten, eta, inkestaren arabera, biek eutsi egingo liekete duten aulkiari.
Inkestaren arabera, Bizkaian ez litzateke aldaketarik izango: EAJk 11 eserleku lortuko lituzke, EH Bilduk 8, PSE-EEk lau eta PPk bi.
Gipuzkoan, berriz, eserleku bat gehiago lortuko luke EAJk. Aurreko bozetan bederatzi eskuratu zituen, eta hamar izango lituzkete oraingoan. Dena dela, berriro ere EH Bildu izango litzateke lehen indarra Gipuzkoan, 11 eserleku lortuta. PSE-EEk aulki bat galduko luke, eta hirurekin geratu; PPk, berriz, eskuratzen duen bakar horri eutsiko lioke.
Azaroaren 11tik 14ra egin dute inkesta, eta 3.030 pertsona elkarrizketatu dituzte: 730 Araban, 1.315 Bizkaian eta 985 Gipuzkoan.