«Herritar askoren kezka iturri» delakoan, EAJk segurtasuna izan du hizpide gaur goizean Gasteizen egindako ekitaldian. Arabako zerrendaburu Gorka Urtaranek azpimarratu du segurtasuna askatasuna dela, norberaren eskubideak egikaritzeko ezinbesteko baldintza. Hori dela eta, ohartarazi du segurtasuna bermatzeko neurririk hartu ezean ongizatea bera jokoan dagoela.
EAJren segurtasun eredua «zehatza» dela nabarmendu du Urtaranek: «prebentzioa eta pertsonen babesa, Poliziaren efikazia eta erantzun judiziala». Azaldu duenez, jeltzaleek eredu horrekin bat datozen neurriak bultzatu dituzte Madrilen azken legealdian, besteak beste, delitu arinak egiten dituztenei zigor gogorragoak ezarriz, epaiketa azkarrak bultzatuz eta arma zurien erabilera zigortuz.
Hala ere, delitu arinak —nagusiki, lapurretak eta iruzurrak— behin eta berriz egiten dituztenen «irmotasun handiagoz» erantzun behar zaiela eta, neurrietan sakontzeko EAJren talde «indartsuago» bat aldarrikatu du Madrilgo kongresuan. Eta hitzeman du talde horrek delitu errepikatzaileen kontrako «erantzun azkarragoak eta eraginkorragoak» exijituko dituela.
«Arauak betetzen dituenak babestua izateko eskubidea du, eta delituak egiten dituztenek jakin behar dute neurri eraginkorrak, azkarragoak eta irmoagoak hartuko ditugula haien kontra», esan du Urtaranek, eta ohartarazi gaiari behar bezala heldu ezean herritarrek erakundeekiko duten konfiantza eta segurtasunarekiko duten pertzepzioa «urratu» egiten direla.
Arabako Justizia Jauregiaren aurrean egindako ekitaldian, Gasteizen jarri du fokua Urtaranek. Hiri aske bat aldarrikatu du, non pertsona prestuak «lasai» biziko diren, eta segurtasuna bermatuta egon den. Helburu hori Madrilen defendatuko duela hitzeman du, behar diren lege aldaketak bultzatuta.