EUSKO LEGEBILTZARRERAKO BOZAK

EAJk aise irabaziko lituzke bozak, Eitb Focusen arabera

Botoen %41 eskuratuta, hiru ordezkari gehiago lituzke Eusko Legebiltzarrean, eta PSE-EEk ere gora eginda, bi indarrek sobera gainditu lezakete gehiengo absolutuaren langa.

Eusko Legebiltzarreko osoko bilkura. ENDIKA PORTILLO / FOKU
jon olano
2020ko maiatzaren 27a
14:12
Entzun

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen boto asmoari buruzko Eitb Focus inkesta argitaratu du hedabide publikoak. Horren arabera, EAJk irabazi egingo ditu hauteskundeak uztailaren 12an; areago, handitu egingo du orain arte duen legebiltzarkide kopurua: azken legealdian 28 legebiltzarkide izan ditu, eta 31 lor litzake orain.

Boto portzentajearen arabera, EAJ %41era iritsi liteke, duela lau urte lotutakoak baino 3,4 puntu gehiago eskuratuta. Jeltzaleek Araban, Bizkaian nahiz Gipuzkoan egingo lukete gora, guztietan ordezkari bana igota.

Gainera, EAJk handitu egingo luke EH Bildurekiko gaur egun duen aldea; EH Bilduk hemezortzi ordezkari ditu orain, eta bat gehiago eskuratuko luke; Gipuzkoan. Beraz, hamabi ordezkariren aldea legoke bi indarren artean: 31-19. EH Bildu ere bi puntu haziko litzateke 2016ko bozekin alderatuta, %23,4 boto eskuratzeraino.

Egun Jaurlaritza osatzen duen koalizioa ere sendo legoke, Eitb Focusen arabera; PSE-EEk hamabi parlamentari lor litzake, egun baino hiru parlamentari eta 2,3 puntu gehiago (%14,2). Hortaz, Jaurlaritza sostengatzen duten alderdiek guztira sei parlamentari gehiago lortuko lituzkete (43), gehiengo absolutua aise gaindituta.

Elkarrekin Podemosek eta PP+Ciudadanosek jaso lezakete kolpea; ezkerreko koalizioa 11tik zortzira jaits liteke, eta eskuinekoa, bederatzitik bostera. Emaitza horiekin, bideragarria litzateke ezkerreko gobernu koalizio bat ere, EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemosek 39 legebiltzarkide batuko bailituzkete.

Hamarretik sei, datarekin ados

Parte hartzea %60,2koa izango litzateke, inkestak iragarri duenez; duela lau urtekoen parekoa. Hortaz, betiere Eitb Focusen arabera, ez dirudi koronabirusaren izurriak parte hartzean eragin zuzena izango duenik. Galdekatutako hamar herritarretik seik egokitzat jo dute bozak uztailaren 12an egitea, baina %32k desegokitzat dute data hori.

Inkesta egiteko,, 1.200 herritarri egin dizkiete galderak, laurehuni herrialde bakoitzean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.