EAJk baditu Espainiako Kongresurako bozetarako zerrendaburuak: Vaquero, Sagastizabal eta Urtaran

Vaquero Gipuzkoako zerrendaburua izango da, eta Eneko Goia zerrenda horretako bigarrena. Jeltzaleek blokeen dinamikatik at kokatu dute euren burua.

EAJk gaur goizean Bilbon egindako agerraldia. ARITZ LOIOLA / FOKU
EAJk gaur goizean Bilbon egindako agerraldia. ARITZ LOIOLA / FOKU
Iosu Alberdi.
2026ko urriaren 17a
13:19
Entzun 00:00:00 00:00:00

EAJk Aitor Esteban alderdiko buruzagiaren inguruan bildu ditu gaur Espainiako Gorteetarako zerrendetan izango diren hautagaiak. Maribel Vaquero (Gipuzkoa), Idoia Sagastizabal (Bizkaia) eta Gorka Urtaran (Araba) izango dira jeltzaleen zerrendaburuak Kongresurako azaroko hauteskundeetan. Hirurek adierazi dute «blokeen» dinamikatik ateratzeko beharra, eta «euskal agenda» lehenestea defendatu dute.

Vaquero jeltzaleen eleduna da Kongresuan, Estebanek ganbera hura utzi zuenetik alderdiaren lidergoa hartzeko. 2023an ere Vaquero izan zen EAJren zerrendaburua Gipuzkoan, eta postu horri eutsiko dio. Jarraian, Eneko Goia Donostiako alkate ohia eta Olatz Peon Eusko Legebiltzarreko kide eta Tolosako alkate ohia daude zerrendan. Hala, 2023ko emaitza bera lortuko balute, Vaquerok eta Goiak eserleku bana eskuratuko lukete.

Bizkaian, Sagastizabal zerrendako bigarrena izan zen duela hiru urte, Estebanen atzetik; oraingoan, baina, Bizkaiko hautagaitzaren lidergoa hartuko du. Zerrendako bigarrena, berriz, Igotz Lopez izango da; azken legealdian senatari aritu da. Eta hirugarren posturako Nerea Renteria hautatu dute. Renteriak Esteban ordezkatu zuen iaz, Kongresua utzi zuenean. Azken hauteskundeetan, jeltzaleek bi eserleku lortu zituzten Bizkaitik.

Horiek horrela, hiru zerrendaburuen artean, Urtaran da Madrilerako bidea lehen aldiz hartuko lukeen bakarra. Gasteizko alkate ohia Arabako Foru Aldundiko Gizarte Politiketako diputatua da egun; beraz, EAJk 2023an eskuratutako eserlekuari eutsiko balio, Ramiro Gonzalez diputatu nagusiak aldaketak egin beharko lituzke gobernuan. Arabako zerrendan Ibone Santos eta Txerra Molinuevo ere badaude, baina oso zaila da alderdiren batek ordezkari bat baino gehiago lortzea lurralde horretan. 

Nafarroari dagokionez, EAJ Geroa Baiko gainerako indarrekin batera aurkeztuko da, baina egin ditu zerrenda horretarako bere proposamenak ere: Javier Ollo EBBko kide eta Nafarroako parlamentaria, Aitana Duque, eta Amaiur Guindeo. Azken bozetan, Geroa Baik ez zuen ordezkaritzarik lortu.

Senatura begira, berriz, Nerea Ahedo (Bizkaia) eta Luke Uribe-Etxeberria (Gipuzkoa) izango dira zerrendaburu; biak ere senatari aritu dira azken legealdian. Araban, berriz, Saray Zarate foru aldundiko Ekonomia Garapeneko eta Berrikuntzako diputatua hautatu dute zerrendaburu izateko. Zerrendetako gainerakoak hauek dira: Angel Marcos Perez de Arriluzea eta Arantza Iarza Arabarako; Kepa Lanbarri eta Maria Dolores Etxano Bizkairako; Bittori Zabala eta Xabier Insausti Gipuzkoarako, eta Anika Lujan, Juanjo Ausan eta Blanca Regulez Nafarroarako. 2023ko bozetan, jeltzaleek hiru ordezkari lortu zituzten Bizkaian, eta bat Gipuzkoan.

Geroa Bai, PSOE-ren eta Fronte Zabalaren akordioaz kexu

PSOEk eta Fronte Zabalak adierazi dute bat egingo dutela Senaturako zerrendak aurkezteko garaian. Geroa Baik, baina, «arduragabetzat» jo du erabakia, eta Nafarroako Gobernuko bere bazkideei leporatu die «bazterketa estrategia bat» baliatu eta «beste talde batzuk» kanpoan utzi izana. Izan ere, argudiatu dute UPN eta PP batera aurkeztuko direla Nafarroan, eta horiei aurre egiteko batasun zabalago bat behar dela.

Jeltzaleek urriaren 7an aurkeztu zituzten zerrendak osatzeko proposamenak. Orduan, alfabetikoki ageri ziren hautagaiak, baina, barne prozesuaren ondoren, izen horien ordena zehaztu dute. Estebanek azaldu duenez, Ezohiko Nazio Batzarrak «aho batez» adostu ditu horiek, Bilbon egindako bilkuran.

Blokeetatik ateratzeko nahia

Zerrenden berri emateaz gain, baina, azaroaren 29ko bozen garrantzia ere nabarmendu dute jeltzaleek. Estebanen esanetan, «asko dago jokoan» hauteskundeetan, eta egoera horretan «Euskadi zaintzeko pertsonarik onenak» aukeratu dituzte: «Esperientzia handia dute, administrazioan ezagutza handia, eta akordioak egiteko gaitasun handia».

bada, hautagai horiek xede izango dute Madrilgo politikagintzan «herri ikuspegi batetik» lan egitea, Vaquerok azaldu duenez: «Euskal Herria, Euskadi, abiapuntu eta helmuga bezala hartuta». Eta gehitu du EAJ dela hala lan egiten duen bakarra, «Euskadiren zaintza egiten duen talde bakarra».

Hala, nahiz eta euren burua «inboluzio demokratikoari» eta PPren eta Voxen gobernuari aurre egiteko «berme» gisa aurkeztu, egungo blokeen dinamikari aurre egiteko beharra ere azaldu dute, argudiatuta badela beste bide bat ere. «Zentralitatea» hartzeaz hitz egin du Sagastizabalek, eta esan «Euskadiren interesak» defendatzea dutela xede, blokeetatik at. 

Izan ere, jeltzaleen esanetan, azken urteak ez dira errazak izan Espainiako Gorteetan, egoera «oso polarizatuta» baitago, eta hori ez dator bat politika egiteko EAJren ereduarekin. Hala, Vaquerok eskatu du «Euskadi ez espainoltzeko», eta blokeen dinamika horretatik ateratzeko. «Lubakiek ez dute ezer eraikitzeko balio». 

Agerraldian behin eta berriro aipatu dute ideia hori. Esaterako, Estebanek esan du beharrezkoa dela euskal herritarrek «begirada propio bat» izatea Madrilen, «dena eskuin muturra geldiaraztera» mugatu gabe. Urtaranek, berriz, «sinplistatzat» jo du eztabaida oro «ezkerreko edo eskuineko» blokeen arteko eztabaidara mugatzea, eta EAJ «humanista» izatea goraipatu du. Haren hitzetan, «autogobernu handiagoa lortzea» da benetako antidotoa.

Esteban, Vaquero eta Sagastizabal, hirurak EAJren Kongresuko taldeko kide izan dira azken legealdi honetan, eta hirurek baliatu dute gaurko agerraldia legealdiaren balorazioa egiteko. EBBko presidenteak gogoratu du EAJk eta PSOEk Pedro Sanchez gobernuburuaren inbestidurarako egindako akordioaren %75 baino gehiago bete dela.

«Ez da gutxi», esan du, eta jeltzaleen lorpenen adibide moduan jarri du euskal pilota federazioa lehen partida ofizialak jokatzen ibiltzea Argentinan, eta estatus politiko berriaren inguruko elkarrizketak martxan izatea. Aitortu duen moduan, baina, elkarrizketa horiek oraindik ez dute emaitzarik eman. 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA