Azaroaren 29ko hauteskundeei begirako kanpainaurrea martxan da, eta hala EH Bilduko nola PSE-EEko ordezkariek jendaurreko ekitaldiak baliatu dituzte bozetara begira zer jarrera izango duten argitzeko. Koalizio subiranistak Araban duen eledun Eva Lopez de Arroiaberen esanetan, EH Bildu da Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan diputatu eta senatariak eskuratu ditzakeen «ezkerreko indar bakarra». PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Anduezaren ustez, berriz, eurak dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoan bozak irabazteko «faboritoak».
EH Bilduk Arabako Batzarra bildu du gaur, Gasteizen duen egoitzan. Lopez de Arroiaberen hitzak, baina, ez dagozkio soilik lurralde horri. Haren hitzetan, EH Bildu «berme» bat da «bloke erreakzionarioari» aurre egiteko, eta hala erakutsi nahi dute hauteskundeetan ere: «Eskubideetan aurrera egiteko eta herritarrei seriotasun, ziurtasun eta segurtasun esparru bat eskaintzeko».
Izan ere, argudiatu du bi blokeren arteko talka agerikoa dela, eta pentsioen inguruko eztabaida jarri du horren adibide gisa: «EH Bilduk pentsio duinak eta behar bestekoak dituen sistema publikoa defendatu du. Bloke erreakzionarioak, aldiz, murrizketak eta pribatizazioak». Hain zuzen, arlo horretan indar egin nahi izan du, eta gogoratu Madrilen buru-belarri aritu direla, besteak beste, pentsioak KPIaren arabera igotzeko, alargunei %15eko igoera bat ezartzeko, eta gutxienekoak ere igotzeko. «Ez dugu etsiko», gehitu du.
Espainiako ezker konfederala batera ez aurkezteak eragindako harrabotsaren erdian, halaber, «fronte zabala» kontzeptuaren inguruan ere aritu da. Izen hori baliatu du, besteak beste, IUk, Sumarrek, Mas Madridek eta Comunsek osatutako koalizioak, baina, Lopez de Arroiaberen arabera, Euskal Herrian aurrez ere bada fronte zabal bat; hain zuzen, EH Bilduk osatzen duena. «Gure gain hartzen dugu eskuin muturrari irabaztea nahi duen jende hori guztia ordezkatzeko ardura», adierazi du.
«Ordezkatuak»
Espainiako Fronte Zabaleko alderdiek jakinarazi dute Senaturako bozetara aurkezteko akordio bat erdietsi dutela PSOErekin ere. Anduezak horren inguruan hitz egin du gaur goizean, Alderdi Sozialistaren Batzorde Federalaren bilera hasi aurretik, Fuenlabradan (Espainia). Ontzat jo du ituna, lagungarri izango delakoan Espainiako gobernuburu Pedro Sanchezek Moncloan jarraitzeko: «Modua ematen du milaka eta milaka pertsonak are nabarmenago senti dezaten proiektu honek ordezkatzen dituela». Eta hala, uste du aukera izango dutela 2023an EAEn lortutako garaipena berritzeko.
Lopez de Arroiabek egin bezala, Anduezak ere pentsioen etorkizunaz hitz egin du, eta horiek egungo gobernuaren jardunarekin lotu: «Ziur gaude badela aurrerapen gobernu honen aldeko gehiengo bat; pentsioak eta milioika pentsiodun babesten dituen proiektu honen aldekoa». Gehitu du Alderdi Sozialista lanean ari dela «etxebizitza arrazoizko prezioetan» eskuratu nahi duten gazteei eta «bizi baldintzak hobeak» nahi dituzten langileei laguntzeko ere.