EAJk eserleku bat gehiago lortuko luke Eusko Legebiltzarrean, Soziometroaren arabera

Bozak orain egingo balira, indar abertzaleen berdinketa hautsiko lukete jeltzaleek, 28 eserleku eskuratuta. EH Bildu litzateke bigarren indarra: 27 ordezkari. EAJk Araban lortuko luke eserlekua, Sumarren bizkar.

Eusko Legebiltzarra, Pradales hizketan ari dela, artxiboko irudi batean. RAUL BOGAJO / FOKU
Eusko Legebiltzarra, Pradales hizketan ari dela, artxiboko irudi batean. RAUL BOGAJO / FOKU
aitor biain
2026ko apirilaren 13a
12:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Indar abertzaleen arteko lehian, EAJk aurrea hartuko luke Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak orain egingo balira. Hala irudikatu du Soziometroak bederen. Eusko Jaurlaritzak boto asmoari buruz egindako galdeketaren arabera, jeltzaleek 28 eserleku lortuko lituzkete, martxan den legealdian dituztenak baino bat gehiago. EH Bildurekin gaur egun duten berdinketa hautsi egingo litzateke horrela; izan ere, koalizio subiranistak 27 eserleku eskuratuko lituzke berriz.

Mugimendu horrek jeltzaleen eta sozialisten gehiengoa sendotuko luke, PSE-EEk orain dituen 12 ordezkariei eutsiko lieke eta. Azaroan egindako galdeketak eserleku bat galduko zuela aurreikusten bazuen ere, gaur argitaratu den inkestak besterik dio. Bide beretik, PPk ere oraingo ordezkari kopuru bera izango luke, hots, zazpi eserleku guztira. Voxek ere egungo ordezkariari eutsiko lioke; ez, ordea, Sumarrek: galdu egingo luke egun duen legebiltzarkidea.

2025eko hauteskundeetan, agerian geratu zen indar abertzaleen nagusitasuna, eta horretan ez da aldaketarik aurreikusi orain arte argitaratu diren estimazioen arabera. Are, alderdi abertzaleek sendotu egingo lukete egun duten gehiengoa. Iazko ekaineko inkestan, aurreikusi zuten EAJk eta EH Bilduk eserleku bana irabaziko luketela; azarokoan kaleratutakoan, berriz, bi gehiago ematen zizkien jeltzaleei: 29. Eserleku batera murriztu da aldea orain, ordea.

Lehia bizi-bizi dagoela erakusten du horrek, bereziki Araban, aldaketa bertan izango bailitzateke. Soziometroaren arabera, EAJ lehen indarra bihurtuko litzateke, Sumarren kontura eserleku bat irabazita. Zortzi legebiltzarkide lortuko lituzkete jeltzaleek, EH Bilduk adina, baina botoetan EAJ gailenduko litzateke, hamarren baten aldeaz. Voxek ere ia bi puntu egingo luke gora botoetan, %5,6raino, baina horrek ez luke eraginik izango eserleku kopuruan.

Bizkaian eta Gipuzkoan, ostera, ez litzateke aldaketarik egongo duela bi urteko bozen emaitzekin alderatuta. Halere, botoa nori eman ez dakitenen kopurua handia da bi kasuetan: %20 inguru dira, galdeketaren arabera. Baita Araban ere. Abstentzioa %40 ingurukoa litzateke hiru herrialdeetan.

Informazio bilketa Ikerfel enpresak egin zuen, telefono bidez, martxoaren 23tik 26ra bitarte. Zehazki, Arabako 730, Bizkaiko 1.315 eta Gipuzkoako 985 herritar elkarrizketatu zituzten. Emaitzen azterketa, berriz, Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak egin du, eta lagin errorearen estimazioa ±%1,8koa da, %95,5ekoa konfiantza mailarako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA