EAJk espero du Korrikako gertakariek hizkuntza eskakizunen negoziazioa ez baldintzatzea

Diez Antxustegik berretsi du ados jarri nahi dutela PSE-EErekin, eskatu zarata alde batera uzteko eta erantzukizunez jokatzeko. EH Bilduk, berriz, arreta ez desbideratzera eta Korrikaren mezuan zentratzera deitu du.

Joseba Diez Antxustegi EAJko bozeramailea, Eusko Legebiltzarrean. L. ROCO / EFE
Joseba Diez Antxustegi EAJko bozeramailea, Eusko Legebiltzarrean. L. ROCO / EFE
aitor biain
2026ko martxoaren 20a
14:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Administrazio publikoan euskararen ezagutza egiaztatzeko irizpideak babeste aldera, Euskal Enplegu Publikoaren Legea erreformatzeko negoziazioetan ari dira EAJ eta PSE-EE. Oraingoz, bi proposamen daude mahai gainean, EAJk egindakoa bat, eta EH Bilduren ekinbidez aurkeztutakoa bestea. Jeltzaleek, ordea, argi dute adostu beharrekoa sozialistekin adostu behar dutela, eta hala berretsi du gaur Joseba Diez Antxustegik, EAJk Eusko Legebiltzarrean duen eledunak.

Diez Antxustegik azpimarratu du Korrikaren bueltan izan diren tirabirek ez dutela negoziazioa baldintzatuko, eta sozialistei eskatu die zarata alde batera uzteko eta ados jartzea lortu arte mahaitik ez altxatzeko. «Negoziatzen ari gara oraindik ere, eta negoziazioek diskretuak izan behar dute. Hala ere, erantzukizunez jardun behar dugu mahai batean eseri eta akordio bat lortu arte ez altxatzeko». Nabarmendu duenez, euskara da «jokoan» dagoena, eta ezinbestekoa da haren «segurtasun juridikoa» bermatzea.

Propio gaiari buruz galdetuta, ordea, ez du elkarrizketei buruzko aparteko zehaztapenik eman nahi izan. Nabarmendu du Eusko Jaurlaritzan gobernu koalizioan ari diren bi taldeek «hilabeteak» daramatzatela negoziatzen, «proposamena aurkeztu aurretik» ere bai, baina ez du azaldu lortu ote duten bat etortzeko bidean aurrera egitea. Izan ere, PSE-EEk esana du «alde handiak» daudela bi alderdien artean, eta «zaila» ikusten duela EAJrekin akordioa egitea. Diez Antxustegik, baina, garrantzia kendu dio horri: «Mahaian eserita egongo gara akordio bat lortu arte». Apirilaren 8an amaituko da jeltzaleen lege proposamenari zuzenketak aurkezteko epea.

Korrikaren aldeko atxikimendua

PSE-EEk eta CCOOk Korrikan ez parte hartzeko erabakiaz ere galdetu diote jeltzaleen bozeramaileari, baina asteazkenean EAJko legebiltzarkide Markel Olanok emandako mezua berretsi  baino ez du egin. Jakinarazi du, hori bai, Korrikan parte hartuko duela: «Bizitza ez dut ulertzen euskararik gabe, eta euskara ez dut ulertzen Korrika gabe. Aniztasunetik eta pluraltasunetik abiatuz euskarari balioa ematen dion tresna bat da Korrika; beraz, aurten ere, beti egin dudan bezala, parte hartuko dut».

Bestalde, EH Bilduko Mertxe Aizpuruak arreta ez desbideratzeko eskatu du, eta Korrikaren mezuan zentratzeko: «Herri bat dago honen guztiaren atzean. Herri bat dabil eskuz esku, herriz herri, euskararekin, Korrikarekin eta AEKrekin inplikatzen, eta hori da nabarmendu beharrekoa. Arreta hor jarri behar da». EH Bilduk Espainiako Kongresuan duen eledunak adierazi du errespetatzen duela AEKren erabakia, eta hari dagokiola azalpenak ematea.

Aizpuruak azpimarratu du «garai konplikatuan» dagoela euskara, haren aurkako «etengabeko oldarraldi bat» dagoelako, eta «erasoak» bereziki arlo judizialekoak direlako. Bada, iritzi dio oldarraldi horri aurre egiteko modu bat ere badela Korrika. «Etengabe pilatzen ari dira euskararen kontrako erabakiak, euskarari min handia egiten diotenak, eta euskararen aldeko konpromisoa hau ere bada».

EH Bilduren bozeramaileak nabarmendu du «pozaren eta euskara alaitasunez bizitzearen aldarrikapena» dela Korrika, eta «babes osoa» eman behar zaiola: «Tamalez, azkeneko urteotan, euskarari buruz hitz egiten dugunean, irainak entzun ditugulako edo erasoak daudelako hitz egiten dugu; beraz, Korrika euskaldunok behar dugun aldarrikapen bat da, indar handiz bizi duguna, zerbait alaia eta denok euskararen aldeko konpromisoan lotzen gaituena».

PPk ez du parte hartuko

Laura Garrido PPko legebiltzarkideak ere hitz egin du Korrikari buruz. Adierazi du AEK-k parte hartzeko gonbita egin izan diela iraganean, eta alderdiak inoiz kilometrorik erosi ez badu ere, hainbat urtez lasterketara batu izan dela euskararen aldeko «keinu» gisara. Salatu du, ordea, azken urteetan presoen aldeko aldarrikapenak eta muturreko mezu «sektarioak» zabaltzeko baliatzen dela Korrika. Hori dela eta, jakinarazi du aurten ere ez duela parte hartuko.

Halaber, legebiltzarreko jarduna eten izana arbuiatu du Garridok. Izan ere, adierazi du ostiral honetan gobernuaren kontrolerako bilkura egitekoa zela Eusko Legebiltzarrean, baina Eusko Jaurlaritzak nahiago izan duela «zubia egin» eta jai hartu. Hamabostean behin egiten da bilkura hori parlamentuan, eta hilaren 6an egin zen azkenekoz. Jaiegunak tarteko, ordea, apirilaren 17ra arte ez da egingo hurrengo kontrol saioa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!