Segurtasun Foroak bere bidea egin ostean, Eusko Jaurlaritzak helburutzat jarri zuen 2026-2030 aldirako Segurtasun Plan Estrategikorako proposamena urtea amaitu aurretik osatzea. Hala, udako etenaren ostean, auzia Eusko Legebiltzarrera eramatea erabaki dute koalizio gobernuko bazkideek, EAJk eta PSE-EEk, eta bilkura monografiko bat egiteko eskaera erregistratu dute.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak iazko ekainean eman zuen Basque Segurtasun Foroaren berri, eta azken urte politikoa baliatu zuen hura garatzeko: denera, 33 bilkura egin zituzten, eta mila eragile inguruk parte hartu zuten —3.000 zeuden deituta—. Bilera sorta luze horren lehen ondorioak ere plazaratu dituzte. Uztailean aritu zen horretan Bingen Zupiria sailburua, Miramar jauregian egindako ikastaroan. Kezka nagusien artean aipatu zituen zibersegurtasuna, herritarren segurtasuna, adikzioak eta desinformazioa, besteak beste. Eta, era berean, horiei guztiei erantzun «integral» bat emateko beharra adierazi zuen: «Uste dut aukera handi bat dela. Uste dut aukera bat dugula daukagun sistema indartsu hau sendoagoa egiteko».
Orain, ondorio horiek abiapuntu bilakatu nahi dituzte jeltzaleek eta sozialistek, Jaurlaritzak urte amaierarako ondu nahi duen segurtasun planaren inguruko eztabaidari heltzeko. Izan ere, koaliziokideek uste dute segurtasunaren inguruko eztabaida «zorrotz eta lasai» jorratu behar dela, eta horretarako eszenatoki egokia dela bilkura monografiko bat. Uste dute legebiltzarra «diagnostiko partekatu bat» eraikitzeko eta proposamenak alderatzeko lekua izan daitekeela, «lehentasun politikoak finkatzeko eta akordio zabalak bultzatzeko». Eta gehitu dute horretarako «oinarri kualifikatua» direla Segurtasun Sailak atera dituen ondorioak.
«Segurtasuna ezinbesteko baldintza da eskubideak eta askatasunak eraginkortasunez gauzatzeko, bizikidetza demokratikorako eta eguneroko bizitza normaltasunez garatzeko», adierazi dute oharrean, eta jarraian adierazi onartu egin behar dela «segurtasun arazoak» daudela. Joseba Diez Antxustegi EAJren Eusko Legebiltzarreko eleduna: «Segurtasun arazoak ukatzen dituztenen eta politikoki erabiltzen dituztenen aldean, guk uste dugu gauzei buruz diren bezala hitz egin behar dela».
Kezka horiek «ukatzea» txarretsi du Miren Gallastegi PSE-EEko Segurtasun arloko bozeramaileak ere. Era berean, baina, haiei «behar baino garrantzi handiagoa ematea» eta «diskurtso alarmistak» elikatzea ere kritikatu du.