Lan jarduna geratzeko erabakia

EAJk harridura agertu du, eta EH Bildurentzat berandu dator erabakia

Confebaskek gaitzetsi egin du "funtsezkoa ez den jarduera oro" geratzeko erabakia. ELAk eta LABek ontzat jo dute, baina salatu dute ondorioak langileen bizkar geratuko direla, orduak errekuperatzera behartuta.

Sindikatuek begi onez hartu dute erabakia. Irudian, ostiraleko 'haserre eguneko' protesta bat. MARISOL RAMIREZ, FOKU
jon ordonez garmendia
2020ko martxoaren 29a
11:25
Entzun

Gogor erantzun zion atzo EAJk Pedro Sanchezek funtsezkoak ez diren jarduera guztiak geldiarazteko egindako iragarpenari. Twitterren duten kontuan "harridura" agertu dute jeltzaleek, "erabakia hartu duen moduagatik, jarduera hauek zein diren zehaztu gabe eta erabakia hartzeko orduan kontuan hartu dituen adituen irizpideak azaldu gabe"

Kexu agertu da EAJ, bezpera arte esan zietelako neurri hori hartzea ez zela beharrezkoa izango, eta erabakia argitara atera baino une batzuk lehenago jakinarazi zietelako "eragileei". Espaniako Gobernua "leialtasuna erakutsi dioten" erakundeekiko "gehiegizko aldebakartasunez" eta "errespetu eta komunikazio faltarekin" jokatzen ari dela salatu du. Edonola ere, datozen orduetan baloratuko dute erabakia, "funtsezkoak ez diren jardurak zeintzuk diren" zehazten dutenean. EAJen arabera, "milaka herritar" ari dira orain galdera hori egiten.

EH Bildurentzat, berandu dator Pedro Sanchezen erabakia, baina berandu bada ere erabakia hartu dutela nabarmendu du: "Lehentasun bakarra herritarron osasuna babestea delako". Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaileak Espainiako Gobernuaren erabakia berandu datorrela esan du Twitterren, eta azpimarratu du, "pena handiz", Hego Euskal Herriko eragile ekonomiko, sindikalek eta instituzionalek erabaki burujabe bera hartzeko aukera izan dutela.

Maddalen Iriarte Eusko Legebiltzarrerako bozetako lehendakarigaiak txalotu egin du erabakia: "Herritarren eta langileen osasuna lehenetsi behar dela hasieratik aldarrikatu dugunontzat zentzuzko albistea da esentziala ez den jarduera ekonomikoa etetea. Herritarren osasuna zaintzeko neurriak proposatzen jarraituko dugu".

Bakartxo Ruiz Nafarroako buruak gogorarazi du ostiralean neurri hori hartzeko eskatu ziotela Maria Txibiteri, eta erabakia Nafarroan hartu beharrean Sanchezek noiz hartuko itxaron ote behar zuen. "Roma locuta, causa finita", gaineratu zuen.

Idoia Mendia PSEko buruak beharrezkotzat jo du "funtsezkoa ez den jarduera oro" eten beharra. "Birusa geroz eta gogorrago jotzen ari zaigu. Borroka egin eta are eta gehiago eusteko unea da. Ahaleginak bikoiztu behar ditugu", esan du Twitterren.

Patronala, kontra

Confebaskek gaitzetsi egin du Pedro Sanchezen erabakia. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako enpresarien elkarteekin batera, "arduragabetzat" eta "hausnargabetzat" jo dute. Esan dute koronabirusak inoiz ikusi gabeko krisi ekonomiko eta sozial bat ekarriko duela eta horren aurrean beharrezkotzat jo dute gutxieneko ekoizpen bati eustea.

Sindikatuek ontzat jo dute, baina ez dira ados langileentzat izango dituen ondorioekin. ELA ez dator bat galdutako orduak aurrerago egin behar horrekin. LABek, berriz, salatu du etenaldia langileen kontura dekretatu duela Espainako Gobernuak, eta patronalak ere ez ote duen bere bizkar hartu behar azpimarratu du.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako CCOOk begi onez ikusi du Espainiako Gobernuak funtsezkoak ez diren jarduerak eteteko gaur onartuko duen dekretua. Esan du osasun larrialdiari aurre egitea eta herritarren osasuna babestea dela lehentasuna.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.