EAJren haserrea apaltzen ahalegindu da Sanchez, eta elkarren «bidelagun» izaten jarraitzeko eskatu dio

Mehatxua bota diote jeltzaleek: presidenteak gizartearen lehentasunei erantzun ezean, «bakarrik» iritsiko da hauteskundeetara. Bertzeak bertze, medikuen grebari eta etxebizitzaren gaiari heltzeko erran diote.

Pedro Sanchez, Maribel Vaquerori erantzuten, gaur goizean, Espainiako Kongresuan. J.J. GUILLEN / EFE
Pedro Sanchez, Maribel Vaquerori erantzuten, gaur goizean, Espainiako Kongresuan. J.J. GUILLEN / EFE
Iratxe Muxika
2026ko apirilaren 29a
12:06
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Zuk ikusi, presidente jauna, nola iritsi nahi duzun hauteskunde deialdira: lagunduta, edo bakarrik». Jeltzaleen atzoko haserrea bizirik da oraindik, eta zorrotz solastatu zaio gaur Maribel Vaquero EAJko eleduna Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari, Diputatuen Kongresuko osoko bilkuran: «Ez zaitez hasi ardurak autonomia erkidegotan banatzen. Lehentasun eta krisi asko ditugu aurrean, eta zuri dagokizu arreta horiengan ematea. Has zaitez, behingoz, behar ditugun erantzunak ematen». Bertze ezeri heldu aitzinetik haserrea apaltzen ahalegindu da Sanchez, eta erran dio jeltzaleek lagunduta ailegatu nahi duela hauteskundeetara. «Zuen bidelagun izaten jarraitu nahi dugu».

Izan ere, PSE-EEk atzo X sare sozialean Aitor Esteban EAJren EBBko presidentea barregarri uzten duen irudi bat jarri zuen, hark erran ondotik «aurrera» egiten ari direla EAErako estatus berri bati buruzko negoziazioetan. Eusko Jaurlaritzako bi bazkideek dantzan jarri zituzten bazterrak, eta, azkenerako, jeltzaleek bertan beheiti utzi zuten gaur Moncloako ordezkariekin egitekoa zuten bilera; Antonio Hernando Telekomunikazioko estatu idazkari eta Sanchezen konfiantzazko kidearekin biltzekoa zen Bilbon, estatus berriaz aritzeko.

Bilkurarik ez da gauzatu, ez, baina Estebanekin harremanetan jarri da Moncloa, «tentsioa baretzeko», eta esplikatu dio «jeltzaleen babesa» behar dutela gobernuan. Espainiako Gobernuaren lehentasunak zeintzuk ote diren, horixe galdetu dio gaur Vaquerok Sanchezi, aurpegiratuta «borondate politikoa» izanen balu «aspaldi» heldu izanen liekeela gizarteko krisiei. Eta zerrendatu egin ditu jarraian: «Osasun arloan greban dira oraindik, baina greba horrek ez die denei eragiten. Osasun publikoari eragiten dio, guk defendatzen dugun Osakidetzari, eta euskal herritarrei». Eragina Euskal Herrian sumatu arren «estatu mailako arazoa» dela esplikatu du Vaquerok, eta «lidergoa» hartzeko exijitu dio gobernuburuari. «Ahal dena eta ezin dena egin ezazu akordio batera iristeko, eta aurkitu ezazu zein diren greba honen arrazoiak».

Etxebizitzaren gaia ere izan du hizpide jeltzaleak Kongresuan, eta garbi erran dio Sanchezi: «Ez dakit nora ari zaren begira. Etengabe ari gatzaizkizu gai berei buruz hitz egiten, eta zuk ez duzu erantzunik ematen. Labirinto bat da hau, eta guk irtenbideak behar ditugu».

Presidenteak lehentasunen hurrenkera bat egin dio bueltan, baina «jarrera politiko eraikitzaileak» eskatu dizkio EAJri. «Interes orokorretan pentsatu behar dugu, eta ez alderdien interesetan». Sanchezek kontatu duenez, honako hauek dira sozialisten lehentasunak: «Haztea, enplegua sortzea, eraldaketa digitalari eta energetikoari aurre egitea, eta bakea eta egonkortasuna bermatuko duen ordena multilaterala defendatzea». Berea defendatzeko ez ezik, PP Alderdi Popularraren eta Voxen kontra egiteko parada hartu du: «Xenofobia, arrazismoa, konfrontazioa, polarizazioa eta segregazioa baino ez dute lehenesten haiek, eta hori besterik ez dute eskaintzen gobernatzen duten hirietan».

Gainera, presidenteak EAJko eledunari erran dio sozialistak gobernuan direnetik «aurrerapauso handiak» eman direla Gernikako Estatutua osatzeko prozesuan, eta estreinako aldiz egin dela hori Espainiako historia demokratikoan. Erantzun bat zeukan gordea Vaquerok: «Faxismoaren eta trumpismoaren kontrako horma bat eraikitzea da zure lehentasuna, eta gu ere borroka horretan aurkituko gaituzu, baina ezerk ez dauka zentzurik funtsaz gain formak ere zaintzen ez baditugu eta elkar errespetatzen ez badugu».

«Umekeria eta gizonkeria»

Agenda politikoan kokatu da EAJren eta Alderdi Sozialistaren arteko xextra, eta Nerea Kortajarena EH Bilduren programa idazkaria auziaz mintzatu da Bizkaia Irratian. Atzoko kontuak «umekeria» direla erran du, are gehiago: «Arinkeria eta gizonkeria». Euskal politikagintzak «gizonkeria gutxiago» behar duela iritzita, eskatu du bi indar politikoek «errespetuz eta inteligentziaz» hitz egin dezatela gai politiko horietaz —estatusaz, kasurako—, eta uler dezatela esku artean dituzten gaiek «zer-nolako garrantzia» duten. «Uste dut estatusak seriotasuna eta lasaitasuna eskatzen duela, eta horren neurriko debate politikoa eman behar dugula haren gainean. Hori da herri honi eskaini beharko geniokeena».

Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria jarri du jopuntuan gero, eta salatu du «koalizioa oso sendo dagoela eta egonkortasun handia eskaintzen duela» erraten duela lehendakariak, baina «kontrakoa» dela, berez. «Zarata horiek ezegonkortasun handia sortzen dute, eta, gainera, gai inportanteetan aurrera egiteko zailtasunak sortzen dituzte», gaineratu du.

Atzokoa ez zen PSE-EEren eta EAJren arteko estreinako ika-mika izan, eta, hain justu, abiaburu horretatik egindako galdera planteatu du Kortajarenak: «Orduan, zertan daude ados?». Etxebizitza politiketan erabakiak hartzekoak dira oraindik, eta Kortajarenak ez daki nola jarriko diren jeltzaleak eta sozialistak ados: «Denis Itxasok planteatzen duen bidea hartuko dute, edo Jon Insaustik planteatzen duena? Proiektu falta horiek mugatzen dute euskal politikagintzak bestelako politika batzuk garatzeko aukera eduki ahal izatea».

Ubarretxena, isilik

Behin eta berriro galdetu diote gaiaz, baina Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak ez ditu erantzun PSE-EEren eta EAJren arteko haserrearen gaineko galderak. Gauza bat kontatu du, dena den: Pradalesek berak atera dutela gaia Gobernu Kontseiluaren bileran. Hain justu, bilera horretan onartutako gaien berri emateko egin du agerraldia Ubarretxenak, eta halaxe bota du, galdera bera errepikatzen ari zela ikusita: «Gobernu Kontseiluan deliberatu ditugunak Gobernu Kontseiluan geldituko dira. Ez dut beste xehetasunik emango». Lehendakariak gaia atera izanak, baina, erakusten du ez dagoela konforme atzo sozialistek hartutako jarrerarekin.

«Ez gara despistatuko, guk badakigu zein den gure iparrorratza, eta hara begira jarraituko dugu lanean», erran du Ubarretxenak. Eta hauxe da iparrorratz hori: Jarduera politikoan gizalegez aritzeko ituna. 2024ko abuztuan eman zuen Eusko Jaurlaritzako lehendakariak itun horren berri, bere agintaldia hasi berritan, eta esplikatu zuen politikagintzan «gizalegez» aritzeko tresna bat izanen zela akordioa. Eusko Legebiltzarrean aurkeztu zuen dokumentua, eta alderdiei «eztabaidatzeko, osatzeko eta aberasteko aukera» eman zien. 

Hamar puntuk osatzen dute Jarduera politikoan gizalegez aritzeko ituna, eta, hortaz, hamar betebehar daude «gizalegez» jarduteko, jeltzaleen ustez: ongi komuna lehenestea, pertsona oro errespetatzea, eztabaida publikoa zabaltzea, adostasuneko guneak aurkitzeko jarrera erakustea, interes alderdikoiak saihestea, erakundeak aitortzea, komunikabideen gizarte funtzioa aitortzea, herri ordezkariak errespetatzea eta babestea, desinformazioa ez elikatzea, eta, azkenik, zintzotasunez aritzea. «Hau da gure orria, eta Gobernu Kontseiluan hartu dugun erabakirik garrantzitsuena hori da: bide orri honi jarraituko diogula, ez beste inori ez ezeri begiratu gabe».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA