Edorta Agirre sukaldaritza aditu eta komunikatzailea hil da

Dibulgazio lan mardula utzi du, euskaraz ondua; besteak beste, 'Euskaldunon Egunkaria'-n eta BERRIAn jardun zuen hainbat urtez.

Agirre 'Amantala eta mantala. Philosophia & olio zopia' liburua erakusten, 2022an. GORKA RUBIO / FOKU
Agirre 'Amantala eta mantala. Philosophia & olio zopia' liburua erakusten, 2022an. GORKA RUBIO / FOKU
arantxa iraola
2026ko urriaren 2a
20:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Euskal Filologiako lizentziaduna naiz, bai, baina betidanik interesatu izan zait gehiago elikadura eta nutrizioaren alorra. Janariaren inguruko antropologia kulturala ikertu izan dut, eta azken hogei urteak sukaldeko gaiak lantzen eman ditut». 2002. urteko irailean Euskaldunon Egunkaria-n egin zioten elkarrizketa batean, Edorta Agirre sukaldaritza aditu eta komunikatzaileak halaxe aurkeztu zuen bere burua. Ordurako ia hamarraldi bat zeraman Euskaldunon Egunkaria-n bere testuak argitaratzen, eta euskarazko beste hainbat hedabidetan ere jardun zuen: janariaren eta sukaldaritzaren inguruan beti, mardul, dibulgazio ahalegin etengabean. Gaur hil da, 76 urterekin. Donostian jaioa zen, 1949an. 

Euskara eremu berrietara eramateko ahaleginak ugariak eta askotarikoak izan ziren 1980ko hamarraldian, euskara batuan testu berriak sortzekoa ere bai, eta hortxe buru-belarri murgildu zen Agirre: sukaldaritzaren eta elikaduraren inguruan zuen jakintza zabaltzea izan zuen beti helburu. Esaterako, Sukaldaritzako hastapenak liburua idatzi zuen 1983an, eta obra mardul baten lehen alea izan zen hori. Saiakerak, hiztegiak eta itzulpenak ere egin ditu. 2014an, Elikadura glosarioa eta elikadura hiztegi entziklopedikoa obra ondu zuen; 4.000 sarrera baino gehiago ditu. Azken liburua Amantala eta mantala. Philosophia & olio zopia izan zen, 2022koa.

Hitzaldiak eta bestelako dibulgazio jarduerak ere askotan antolatu zituen. UEU Udako Euskal Unibertsitatearen Sukaldaritza Sailean aritu zen 2000. urtetik 2004ra. Langintza horretan antolatu zituen ikastaroen bidez, euskara eraman zuen sarri erdara hutsean jarduten zuen eremuetara. Jardunbidea ez zuen gastronomiara mugatu: elikaduraz jarduten zuen, bere zabalean. 

 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA