EEPren bukaera ezin du Euskal Elkargoak bakarrik erabaki, prefetaren arabera

EEPri egin ekarpena defendatu du, eta baieztatu du Euskal Elkargoa erretiratzeak ez lukeela erakunde publikoaren bukaera adieraziko. Iragarri du bilkurak eginen dituela laborariekin otsoez eta tuberkulosiaz. Irailaren 10erako «adi» daudela erran du.

Jean-Marie Girier prefeta, Baiona suprefeturan, kafea eskuetan duela. GUILLAUME FAUVEAU
Jean-Marie Girier prefeta, Baiona suprefeturan, kafea eskuetan duela. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2025eko irailaren 2a
17:33
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ohikoa da kafe baten inguruan eseri eta gai guziez mintzatuz gauza gutxi erratea. Hala egin du Jean Marie Girier Pirinio Atlantikoetako prefetak ere. Kafe baten inguruan solastera gomitatuak zituen Ipar Euskal Herriko hedabideetako kazetariak Baionako suprefeturara, urte politikoaren hasiera honetan aktualitatean diren gaien inguruan mintzatzeko. Gai guztiez mintzatu da, baina ez du beste gisako iragarpenik egin. «Egoera ezegonkorra da», ebatzi du Frantziako Estatuan dagoen giro politikoari begira. 

Eta ezegonkortasun horrekin defendatu du Parisek EEP Euskararen Erakunde Publikoaren aurrekontua emendatzeko iragarpena. Ekainean erran zuen 100.000 euro gehiago emanen zituztela —esperotako baino askoz gutxiago—. Girierrek onartu du «seguruenik ez dela aski», baina baieztatu du Frantziako finantzen egoera aintzat hartuta ez zela «posible» gehiago ematea. Euskal Elkargoak emandako ultimatumaren inguruan zorrotz mintzatu da: «Elkargoa sortu aitzin ere bazen EEP. Erakundearen berritzea ez sinatzeak ez luke bukaera adieraziko». Urte bukaera aitzin berriz negoziatzeko aukerarik izanen ote den galdetuta, izkin egin dio garbi erantzuteari. «Ezin jakin zein izanen den Estatuaren posizioa hemendik aste batzuetara». 

Horrez gain, laborantza arloan dauden krisiak aipatu ditu: klima krisia, osasun arlokoa, energetikoa eta geopolitikoa. «Ahula da laborantza arloko ekonomia; zaila da lansari bat ateratzea». Iragarri du bi bilkura eginen dituela laborantza arloko eragileekin, pil-pilean dauden auziei buruz. Behi tuberkulosiari buruz arituko dira irailaren 10ean —Zuberoa da gaur egun gehien ukitua den lurraldea—. Horren bezperan, otsoaz arituko dira Hazparnen (Lapurdi), horretaz ardura duen prefeta berezi bat etorriko baita. Argitu du espero dutela animaliari estatus berri bat emanen diotela, eta horrek «hazleak gehiago babesteko» aukera emanen duela. Gaur egun debekatua da otsoa hiltzea; neurri hori arintzea lekarke. 

Garraio arloan, Irun eta Hendaia arteko trenbide lotura hobetzeko lanetan ari direla erran du prefetak —2026rako Renferen aldirietako trenak Hendaiara iristea espero dute—.

Etxebizitza arloan bizitegi sozialak sortzeko programa berriak iragarri ditu, eta baita alokairuak mugatzeko neurriaren luzapena ere. Garraio arloan, Irun (Gipuzkoa) eta Hendaia (Lapurdi) arteko trenbide lotura hobetzeko lanetan ari direla erran du —2026rako Renferen aldirietako trenak Hendaiara iristea espero dute—. Eta osasun arloan, Donibane Lohizuneko (Lapurdi) poliklinikak larrialdietako saila ez ixteko engaiamendua harturik, osasun arloko lurralde proiektua lantzeko beharra azpimarratu du. 

Azkenik, prefetak erran du gorakada bat sumatu dutela «familiarteko bortizkerian»; umeen eta emakumeen kontrako bortizkeriak sartzen dituzte kategoria horretan nagusiki. Iaztik %15 emendatu dira Pirinio Atlantikoetako departamenduan. 

Blokeatzeak zaintzen

Irailaren 10erako Frantziako Estatuan deitua den blokeatze egunaren harira, prefetak erran du estatuko zerbitzuak «adi» daudela, halako egun batek sortzen dituen «zalantzen» aitzinean. «Ez dakigu zer antolaketa izanen den, ezta zer moldetako ekintzak izanen diren ere». Jaka Horien sare batzuk berraktibatzen ari direla erran du. «Baina berezkoa dute alde guzietara joateko joera». Adierazi duenez, goizean goizetik blokeatze batzuk espero dituzte. 

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.