Efemerideak blokeetan sakontzeko

EH Bilduk Santi Brouard eta Josu Muruguruza oroitu ditu, eta haien memoria balioetsi. PSNk memoria politikak aldarrikatu ditu, PP eta Voxen asmo zentralizatzailearen aurrean.

EH Bilduren ekitaldia Bilbon, Josu Muguruza eta Santi Brouarden urteurrunean. ARITZ LOIOLA / FOKU
EH Bilduren ekitaldia Bilbon, Josu Muguruza eta Santi Brouarden urteurrunean. ARITZ LOIOLA / FOKU
aitor biain
2026ko azaroaren 20a
21:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Espainiako Gorteetarako hauteskundeen atarian oso garbi egituratu ziren bi bloke: ezkerrekoa eta eskuin-eskuin muturrekoa. Eta kanpainan areagotu egin da marko hori, nahiz batzuk lehia horretatik aldentzen saiatu. Demokraziaren eta faxismoaren arteko plebiszituaren ideiaren ardatzean egin dute alderdiek bozetarako bidearen lehen erdia, nagusiki ezkerrekoek: ideia hori elikatzen eta hauspotzen aritu dira, azken egunetan agerian geratu denez.

Testuinguru horretan erori da aurten azaroaren 20a. Data seinalatua da Espainiako eskuin muturrarentzat, Francisco Franco diktadorea eta Jose Antonio Primo de Rivera Falange Espainolaren sortzailea hil ziren egun seinalatua baita. Alta, bestelako esanahia hartzen du efemerideak Euskal Herrian: Santi Brouard eta Josu Muguruza hil zituzten data da. Elkarri ukitzen dioten efemerideak dira; urtero errepikatzen direnak, baina aurten, bozen giroan, kutsu berezi bat hartu dutenak.

Eusko Legebiltzarrean Herri Batasuneko diputatua zen Brouard eta Espainiako Kongresurako hautatu berria Muguruza talde paramilitarrek hil zituztenean. EH Bilduk haien memoria izan du gogoan gaur egindako hauteskunde ekitaldietan, hain justu ere. Goizean nahiz arratsaldean, Bilbon egin ditu saioak, eta bietan ere militanteen eredua balioetsi du PPk eta Voxek ordezkatzen duten «bloke erreakzionarioari» aurre egiteko.  

Mertxe Aizpuruak, azken hiru legealdietan Madrilen EH Bilduren ordezkari izandakoak, ekarri ditu gogora lehenik. Adierazi du euskal herritarren artean zabalduta dauden «ideia aurrerakoi eta abertzaleak» hamarkada luzez lanean aritu ziren militanteei esker iritsi direla gaur egunera, eta nabarmendu du «ideien laborari» horietan ezinbesteko bi izan zirela Muguruza eta Brouard. 

Hala berretsi du Ane Muguruzak ere, Josuren alabak, hain justu ere: «Haria ez da eten; Santi eta Josuren begirada jaso dugu guk, eta haiek amesten zuten Euskal Herria gaurko gazteek ere dute iparrorratz». Eta erantsi du haien borrokarekin jarraituko dutela, eta datorren azaroaren 29ko hauteskundeetan Euskal Herriak faxismoari aurre egingo diola. 

Arnaldo Otegi EH Bilduren koordinatzaile nagusiak ere bi militanteen memoria aldarrikatu du, aurrera egiteko tresna gisa ulertuta betiere: «Memoria egitea ez da nostalgia ariketa bat, ez da ingura bat; kontrakoa da: urte luze hauetan beraiek ereindakoa aurrera doala ikustea da». 

Beraien ekarpena ezinbestekoa dela azpimarratu du Otegik, hala faxismoari aurre egiteko nola «sozialismoaren» proiektu politikoa eraikitzeko. «Zoriontasun apur bat bermatzea bizitza gogor honetan langilegoari eta herriari: hori da guretzat sozialismoa», esan du, eta azpimarratu du proiektu hori egikaritzeko giltza Bizkaiak izan dezakeela, bozetan subiranismora eta ezkerrerantz bira eginez.

Hain justu ere, soldatak handitzeko, etxebizitaren arazoa konpontzeko edota pentsioak bermatzeko EH Bilduren botoak funtsezkoak direla gogorarazi du Oscar Matute Bizkaiko zerrendaburuak, eta botoa ematerakoan eraginkorrak izateko eskatu die herritarrei.

Beldur mezuak

Iraganaren oihartzunak behin baino gehiagotan izan dira Voxeko ordezkarien ahotan. Ez alferrik, ahoan bilorik gabe eta nostalgiaren ubide zentraletik mintzo dira eskuin muturreko alderdiko ordezkariak iraganari buruz. Horren erakusgarri dira Voxeko Gipuzkoako zerrendaburuak gaur egunkari bati egindako adierazpenak: «Zergatik gaitzetsi behar dut nik frankismoa?», erantzun du Juan de Diosek diktadurari buruz galdetu diotenean.

Haren aldean tentu handiagoz mintzo da Alderdi Popularra, izan ditzakeen ondorioez jakitun. Eta PPk eta Voxek osa dezaketen gobernuaren inguruko beldurraren kanpaina zabaltzea egotzi die beste alderdiei Jon Etxeberria Gipuzkoako zerrendaburuak. Gogora ekarri du bi alderdi horiek agintean daudela Espainiako lau erkidegotan, eta ziurtatu du ez dela «inolako inboluziorik egon». Are, beldur horiek uxatzeko asmoz, esan du autonomia erkidegon aldekoa dela, baita Gernikako Estatutuaren aldekoa ere.

Memoria historikoa aldarri

Sozialistentzat, ordea, erakunde demokratikoak jokoan daude, eta, horiekin batera azken 50 urteetan eraikitako estatu eredua bera eta lortutako eskubideak. Hala ohartarazi du Maria Txibite Nafarroako eta PSNko lehendakariak iluntzean Iruñean egindako ekitaldian. Diktadorearen heriotzaren efemeridea gogoan hartuta, memoria politikak aldarrikatu ditu, «eskuinak agintzen duenean desagertu egiten direnak».

Salvador Illaren alboan, Txibitek gogorarazi du memoria politikek «atzerakada autoritarioa» saihesteko balio dutela. Hori baita PPren eta Voxen asmoa, haren irudiko: agintea Madrilen zentralizatzea. Bada, hori eragozteko deia egin die herritarrei.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA