Euskal Herriko Torturatuen Sareak Eusko Jaurlaritzari eta Eusko Legebiltzarrari egindako eskaera berretsi zuen asteburuko batzar orokorrean: 12/2016 legea berritu behar da, modua izan dadin estatu indarkeriaren ahalik eta biktima gehien aitortzeko. Eta behar hori agerian utzi du gaur bertan Egiari Zor fundazioak, jakinarazi baitu estatu bortxa pairatutako 225 lagunen aitortza eskaerak erregistratu dituztela Jaurlaritzan.
Fundazioak azaldu duenez, 1960tik 2014ra bitarteko kasuak dira: «Estatuaren bortxak eragindako hilketak, zauri larriak eta, batez ere, tortura kasuak». Ez da kasualitatea epeari erreferentzia egin izana, ezta torturei aipamen berezia egin izana ere. Izan ere, egun indarrean den legediak 1960tik 1999ra bitarteko giza eskubideen urraketak soilik hartzen ditu kontuan, eta, horiei dagokienez ere, eskaerak egiteko ireki zen epea itxita dago egun.
Hala, auzi horiek ikertzen ari den balorazio batzordeak eta biktimen eskubideen aldeko plataformek behin eta berriro adierazi dute ezinbestekoa dela beste epe bat irekitzea, egin gabe geratu ziren eskaerei bide emateko, eta legea erreformatzea 1999tik aurrera gertatu ziren urraketak ere kontuan hartzeko. «Ezinbestekoa da estatuaren biktimei aitortza eta erreparazioa emateko lege esparrua berritzea», nabarmendu dute fundazioko kideek.
Egiari Zor-en esanetan, erreforma horrek erreparaziorako legezko mekanismo integral eta parekide bat» bermatu beharko luke, eta horretarako kontuan hartu behar du «babestu beharreko pertsonen errealitate biktimologikoa» ere. «Ez dago inolako arrazoi demokratiko onargarririk prozesu honetatik milaka biktima baztertzea justifika dezakeenik», fundazioaren hitzetan.
Horri bide ematen zaionerako, gauzak aurreratuta eduki nahi ditu Egiari Zor-ek. Abenduan ekin zion oraindik aitortzarik jaso ez duten biktimen kasuak Eusko Jaurlaritzan erregistratzeari, eta lan horretan jarraitzeko asmoa du aurrera begira ere. Hain zuzen, Torturatuen Sareak jakinarazi zuen jaso dituzten eskaerak Egiari Zor-en laguntzarekin bideratzeko asmoa zutela. Fundazioak nabarmendu duenez, «dinamika honetan lankidetzan aritzeko konpromisoa berretsi» dute hala.