Eibarren (Gipuzkoa), Euskal Herriko Torturaren Aurkako Egunaren testuinguruan, eta Joxe Arregi torturapean hil zutenetik 45 urte bete direla, Euskal Herriko Torturatuen Sareak bere bigarren biltzarra egin du, eta ekitaldi hori baliatu du Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari zuzentzeko: Jaurlaritzari galdegin dio Espainiako «Estatuko biktimen aitortzarako Euskal Autonomiar Erkidegoko legea berritzeko», arauak aurreikusten duen epealdia zabaldu dadin, eta aitortza eta erreparazio «mekanismo integral bat bermatzeko ekinbideak eta adostasun politikoak sustatu» ditzaten. Nafarroako Gobernuari, berriz, eskatu dio aitortu dezala «frankismoaz eta trantsizioaz harago ere ehunka herritar» torturatu zituztela, eta har ditzala bere gain «dagozkion ardurak».
Donostiako Kursaalean egin zuten duela urtebete Torturatuen Sarearen aurkezpen ofiziala, eta tratu txarrak jasandako 900 euskal herritar inguru elkartu ziren han; Kriminologiaren Euskal Institutuak egindako zenbaketen arabera, gutxienez 5.379 dira praktika horren biktimak Euskal Herrian, 1960 eta 2014 bitartean. Gaur «euskal gizarte osoari» mezua igorri diote: «Aitortzaren garaia da».
Sareko eledunek «ozen» esan dute Espainiako Estatuko segurtasun indarrek Euskal Herrian «modu sistematikoan torturatu» dutela: «Torturatu gaituztela aitortzeko garaia da». Gogoratu dute 5.000 kasutik gora dokumentatu direla zenbait ikerketaren bidez. Horiei guztiei, «aitortza eta erreparaziorako mekanismo ofizialak» eskaini behar zaizkiela erantsi dute: «Bizikidetza demokratiko bat eraikitzeko oinarrizko abiapuntua da hori».
Kasu guztien erregistroa
Eibarko Ingenieritza Eskolako aretoa lepo bete da Sareko 500 bat kiderekin, 5.000 torturaturen argazki osoaren lagin bat baizik izan ez arren. Jaurlaritzari lege berria sustatzeko eskaera egitean, azaldu dute «milaka» izan direla, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan tortura pairatu dutenak, eta «gehiegi luzatzen» ari dela aitortza prozesua. «Determinazioa eskatzen diogu gobernuari, tortura politikoa pairatu dugunon aitortza prozesua bere osotasunean eta oztopo gehiago gabe garatu ahal izateko». Hala, bildu ditzaketen aitortza eskaera guztiak Eusko Jaurlaritzan erregistratuko dituzte aurrerantzean. «1960tik-2014ra, euskal gatazkarekin lotura duen azken tortura kasura arte» ladunduko dituzte, eta eskaera horiek guztiak Egiari Zor Fundazioaren bidez erregistratuko dituzte.
Sareak bildu ditzakeen aitortza eskaera guztiak Eusko Jaurlaritzan erregistratuko ditu, «1960tik 2014ra, euskal gatazkarekin lotura duen azken tortura kasura arte»
Nafarroako Gobernuari ere zuzendu zaizkio, eta gogoratu dute 16/2019 Foru Legearen bidez Nafarroan 1960tik 2011ra bitarteko tortura kasuak aitortuak izaten ari direla dagoeneko prozesua zabaldu zenetik.
Ekimen horren zergatietan barneratuta, azaldu dute «bizipen mingarri bakoitzari izaera ofiziala» eman behar zaiola. «Pairatu genuen indarkeria ezin da ikusezin bihurtu. Ezin da edozein bizikidetza demokratikoko esparrutatik baztertu». Eragile politikoek «betebehar demokratikoa» dutela gehitu dute, «tortura ez delako iraganeko kontu bat, aitortu eta erreparatu beharreko zauri bizi bat baizik».
Egia, justizia, erreparazioa, ez errepikatzeko bermeak eta memoria osoa oinarri duen etorkizuna eraiki nahi bada, «zergatik torturatu gintuzten argitzeko garaia» dela helarazi dute. «Metodo krudel horren aplikazioa noren aginduz ahalbidetu den, nork eta nola baimendu zuen jakiteko garaia da, erantzukizun publikoak hartzekoa, eta, batez ere, inpunitatearekin amaitzekoa».
Igor Zearreta (Torturatuen Sareko kidea)
«Tortura jasan dugunok bide orri oso bat behar dugu, mekanismo integral batekin»
Igor Zearretak azaldu du tortura jasandako biktimak «subjektu aktibo» bihurtu behar dutela, «bidean geldi ez dadin inor». Hori dela eta, biktimak saretzera deitu ditu.
Jaurlaritzak handitu egin du estatuaren biktimen aitortzak egiteko lantaldearen aurrekontua. Nola baloratzen duzue?
Positibotzat jotzen dugu EAEko 12/2016 eta Nafarroako16/2019 legeak sortu izana. Lege horiek baliabideekin hornitu behar ziren, eta azken urteetan ikusi dugu Nafarroako legeak martxa ona izan duela eta EAEkoak, aldiz, hutsuneak izan dituela. Jaurlaritzak aurrekontuan egin duen urratsa positibotzat jotzen dugu. Baina bultzada hauek ez dute izan behar unean unekoak; tortura jasan dugunok bide orri oso bat behar dugu, mekanismo integral batekin. Hori atzeratzeak mina eta sufrimendua areagotzea besterik ez du ekarriko.
Zenbat kide bildu dira Torturatuen Sarean? Nola erakar daitezke gehiago?
1.500 pertsona inguru gaude sarean, eta gaur jaso ditugun karpeta guztiak gehitu behar zaio kopuru horri. Bai eta Euskal Herriko herri eta auzoetan biltzen ari diren karpeta guztiak ere. Hau ez baita sekula gelditzen, barneko mamu horiek ez baitute egutegi edo ordutegi finko bat. Torturatu bakoitzak bere momentua dauka aitortzaren bidean, eta barne infernu hori irekitzen denean, guk hor egotea nahi dugu, maitasunez, horri bidea emateko. Horregatik eskatzen diogu Jaurlaritzari berriro ireki ditzan legearen epeak. Pertsona gehiago sarera erakartzeko, berriz, garbi dugu zein den bidea: auzolana. Tortura jasandakoak subjektu aktibo bihurtu behar ditugu bidean geldi ez dadin inor.
Epe motzera, zein dira zuen helburuak?
Lau ardatzetan finkatzen ditugu: saretzea, inor kanpoan geratu ez dadin; aitortzetan aurrera egitea. EAEn 260 aitortza egin dira eta, Nafarroan, 71. Kriminologiaren Euskal Institutuaren zenbaketa 5.379 tortura kasurena da, hau da, horren %10 ere ez dira egindako aitortzak; kontakizuna ere eraiki behar dugu, negazionismo eta ukapen hori apurtzeko eta egia argitara eramateko; eta, azkenik, zaintzan jarraitu behar dugu, gure funtsezko elementua baita. Saretzearen bitartez bihotza jarri nahi dugu erdigunean. Guk gure artean hau esaten dugu: 'garrantzitsuena ez delako egin ziguten hori, baizik eta egin zigutenaz egiteko gai garen hori'