Mende erdi bat Eduardo Moreno Bergaretxe Perturri buruz deus jakin gabe. Zergatik? Egiari Zor fundazioak ez du dudarik: «Espainiako eta Frantziako estatuek muzin egin dietelako dituzten betebehar legal eta etikoei, eta ez dituztelako gertatutakoa argitzeko beharrezko baliabide guztiak jarri». Ohar bat kaleratu du gaur fundazioak, salatzeko asteon, Perturren desagerpenaren urteurrenaren astean, «zarata eta kontakizun» andana entzun dutela berez «zorroztasuna eta ikerketa» behar zirenean.
Zehazkiago, fundazioak esplikatu du ETApm-ko kidea zenaren omenez ekitaldi anitz antolatu direla, eta horietako bakoitzak egiletzaren inguruko eztabaida publiko bat piztu duela; alegia, bakoitzak bere hipotesien alde egin duela. Eman ditu adibide batzuk: «Uztailaren 14an, Gogora-k eta Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentroak kasuari buruzko podcast bat aurkeztu zuten, bertsio bakar baten alde egiten zuena. Eta uztailaren 17an, GEBehatokiak berrogei orrialdeko txosten bat argitaratu zuen, beste hipotesi baten alde».
Hain justu, Giza Eskubideen Behatokiaren arabera, «Estatu egiturekin lotutako operazio bat izan zen» Perturren desagerpena, eta, hortaz, «erabat baztertu» zuen bertze hipotesi nagusia, desagerpena ETApm-ko Bereziak taldeko kideen erantzukizuna izan zela erraten duena.
Egiari Zor-ek antolatu diren ekinaldi guztien «zilegitasuna» aitortu du, baina arrisku bat ikusten du begien bistan: «Eztabaida publikoa elkarren aurkako kontakizunen gudu zelai bihur daiteke, non, gainerakoak baztertuz, bakoitzak bere bertsioa irmotasunez defendatuko duen». Era berean, eta fundazioaren ustez, gerta liteke hipotesi batzuek bertzeek baino sinesgarritasun handiagoa izatea, «ziurtasuna balira bezala», eta hori ezin da gertatu froga erabakigarririk gabeko auzi batean.
Horrenbertzez, norabide bakarra jarri du fundazioak jopuntuan: aurkitu ditzatela behingoz Perturren gorpuzkiak. «Estatuko erakundeei eskatzen diegu helburu hori lortzeko neurri zehatzak har ditzatela, saihestu ezin diren betebehar lotesleak daudelako auzi honetan», kontatu du. Eta honako hauek dira betebehar horiek: gertatutakoa ikertzea, desagertua bilatzea, egiarako eskubidea bermatzea eta biktimei erreparazioa ematea.
Izan ere, fundazioaren erranetan, egiletzari buruzko eztabaidek ez dute senideen mina arinduko, are gutxiago eztabaida horiek «jarrera ideologikoak sendotzeko edo iraganeko ibilbideak zuritzeko» balio badute. «Duela egun gutxi Perturren senide hurbilek adierazi zuten haren aztarnak aurkitu nahi dituztela, non dauden jakin eta egia jakin nahi dutela. Erabat bat gatoz eskari horrekin; guztiz gizatiarra da. Gainera, uste dugu horixe izan behar dela ekintza soziala eta instituzionala bultzatu behar duen motorra».
Hipotesiak eta izen-abizenak
Kezkatuta daude Egiari Zor-eko kideak, eta lasaitasuna eta zuhurtzia eskatu dituzte auzia «publikoki» tratatzerako orduan. Izan ere, pertsona batzuen izen-abizenak agertu dira azken asteko eztabaidetan, eta horri «bidegabekeria» deritzote. «Gauza bat da familia batek, bere min legitimoan, balizko bide batzuk seinalatzea, eta oso bestelakoa da erakunde publiko edo komunikabide batzuek izen-abizenez norbait seinalatzea», idatzi dute oharrean.
Azkenik, Espainiako eta Frantziako estatuei egia jakiteko eskubideak urratzea leporatuta, aitortzarako, erreparaziorako eta justiziarako eskubideak aldarrikatu ditu Egiari Zor-ek.