Klima larrialdia. Osasun ondorioak. Aline Chiabai. Ikertzailea

«Egiten den politika orotan lehenetsi behar da osasuna»

BC3 Klima Aldaketa Ikergai zentroan ari da Chiabai; klima larrialdiarekin batera osasun arloan datozen erronkei erantzute aldera, 'osasun bakarra' deituriko ikuskera ardatz hartuta, giza osasunaren ikuspegi gero eta osoago bat behar dela dio.

IÑIGO SIERRA FOTO ISO 100 - BC3.
Arantxa Iraola.
2022ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Aline Chiabairen (1969, Ougree, Belgika) diskurtsoan ezinbestekoa da holistiko hitza. BC3 Klima Aldaketarako Euskal Zentroan dihardu, eta, dioenez, giza osasunarekin lotura handia duen faktore anitzeko fenomeno bat da klima aldaketa, ikuspegi global eta holistiko batetik landu beharrekoa. Horretarako, osasun bakarra deituriko ikuspegia proposatzen du esparru gisara, kontuan hartzen baitu «gizakien, animalien eta ekosistemen arteko harreman estua». Kontatzen du osasunaren esanahia «mehartu» egin dela denborarekin, eta Hipokratesek medikuntzaren hastapenetan zuenaren gisako ikuskera zabalagoak berreskuratu behar direla, osasuna «gorputzaren, adimenaren eta ingurunearen arteko oreka egoera» gisa berriz ulertzeko.

Ikusi gehiago:Kezkaren zuztarrak ahantzi gabe

Indartu beharreko begirada da holistikoa. Zer galdu da bidean?

XIX. mendean, maila mikrobiologikoan egindako aurkikuntzen eraginez, gaixotasunik gabeko egoera gisa eratu zen osasun terminoa. Gaur egun sendagaiek erraz tratatzen dituzten infekzioen ondorioz biztanleak hil egiten ziren testuinguru sozial eta historiko batean, osasunaren ikuspegirik zabalena galdu egin zen. Ikuspegi horrek XX. mendearen lehen erdira arte iraun zuen, baina, 1948an, OMEk berak definizio holistikoagoa proposatu zuen osasunerako: erabateko ongizate fisiko, mental eta sozialeko egoera, eta ez soilik gaixotasunik edo gaitzik gabeko egoera. Geroago, 1986an, osasunaren baldintzatzaileei buruz hitz egiten hasi ziren Ottawako Gutuna deiturikoan. Horren guztiaren ondorioz, gaixotasun kronikoei aurre egiteko, osasun mentalaren garrantzia eta bizimodu ohiturak —dieta, jarduera fisikoa, alkohol kontsumoa, loa, estresa— aldatzeko beharra adierazten hasi zen. Orduan ere osasunaren mugatzaile ekonomiko eta sozialak kontuan hartzen hasi ziren: esaterako, soldata, hezkuntza, etxebizitzen ezaugarriak, lan baldintzak... Osasuna ezaugarri positiboen eta multidimentsionalen arabera definitzearen garrantzia azpimarratzen dute ikuskera horiek.

Inguruak ere eragina du...

Bai, gure osasunaren parte bat ingurumen faktoreen mende dago: klima, kutsadura, bizitokia... Horregatik, beharrezkoa da gure osasunaren alderdi horiek guztiak ere ulertzea.

Ikusi gehiago:Nola eraiki hiri osasuntsu bat larrialdian

Klima krisiak osasunean duen eragina ulertzeko, ezinbestekoa da ikuskera hori, ezta? Eta osasun bakarra deituriko ikuskeraren muina horixe da...

Erabat. COVID-19arekin ikusi dugu; zoonosia denez, pandemiak argi utzi du zein garrantzitsua den gizakien, animalien eta ingurumenaren arteko lotura hori. Gauza bera gertatzen da klima aldaketarekin. Adibidez, jakina da tenperaturaren igoerak eta muturreko gertaera klimatikoek eragina dutela gaixotasun infekziosoen bektoreen banaketan eta prebalentzian. Gainera, kontuan izan behar dugu klima aldaketak eragina izango duela bereziki talderik ahulenetan: soldatarik apalenekoetan, hezkuntza apalenekoetan edo higiene txarrenekoetan. Beraz, klima aldaketaz ari garenean, ikuspegi holistiko hori izan behar dugu alde horretatik ere, talde horiei begira. Izan ere, zaurgarritasun bat, sarri askotan, beste bati gehitzen zaio. Adibidez, gaitasun ekonomiko txikiagoa dutenek askotan aukera gutxiago izaten dituzte hezkuntzarako, osasunerako, etxebizitza duinerako, elikagai osasungarrietarako eta abarretarako, eta horrek ere gaixotasunak garatzeko arriskua errazten du.

Beraz, dena lotuta dago...

Osasunaren ikuskera integralaz ari garenean, izaera integral hori hainbat dimentsiotan ulertu behar da. Adibidez, giza gorputzaren eskalan, dimentsio fisikoa, mentala, emozionala eta abar kontuan hartu behar dira. Klima aldaketaren eskalan, kontuan hartu behar da aldaketa hori beste mehatxu global batzuekin lotzen dela, hala nola antibiotikoen erresistentziarekin, gaixotasun kronikoekin, ingurumen kutsadurarekin eta abarrekin.

Ikusi gehiago:KLIMA LARRIALDIAREN OSASUN LARRITASUNAK

Zer gertatzen da ikuspegi hori kontuan hartzen ez badugu?

Adibidez, klima aldaketak hainbat modutan laguntzen du antibiotikoekiko erresistentziaren fenomenoan. Gorputzak ez ditu antibiotikoak erabat metabolizatzen: estolderia sisteman jaurtitzen eta askatzen dira, bakterio erresistenteak garatzen lagunduz. Muturreko hainbat baldintza klimatikotan, hala nola uholdeetan, estolderia sistemak gainezka egin dezake, eta bakterio horiek ingurumenean sakabanatu. Ikuspegi integrala izateak harreman mota horiek ulertzea esan nahi du, eta hartzen diren neurriek sektore desberdinetan onurak sortzea. Beste adibide bat lotuta dago gizakiaren osasuna bere osoan sustatzeko beharrarekin, hala biztanleria erresilienteagoa izan dadin klima aldaketaren eta beste mehatxu batzuen aurrean.

Aski sendoa da ikuskera hori osasun sistemen ardura duten erakundeetan?

Ez da soilik osasun sistemen kontua; inplikatutako eragile guztien lankidetza beharrezkoa da, baita herritarrak inplikatzea ere. Osasuna lehenetsi behar da politika guztietan. Eredu berritzaileak behar ditugu politikak maila guztietara bideratzeko, osasuna helburu nagusitzat hartuta, besteak beste, ikuspegi honekin: osasuna politika guztietan.

Ikusi gehiago:Datorrenari aurrea hartuz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Irakurrienak
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.