Egoera politikoak ez aurrera ez atzera utz dezake osasun langileen estatutua

Espainiako Gobernuak ez dauka gehiengorik, hurrengo urtean Gorteetarako hauteskundeak egingo dira, eta Monica Garcia ministroa Mas Madriden hautagaia izango da Madrilen. Medikuak Eusko Jaurlaritzarekin eta Nafarroako Gobernuarekin negoziatzen ari dira.

Medikuen Sindikatuaren manifestazioa, gaur, Gasteizen. ARITZ LOIOLA / FOKU
Medikuen Sindikatuaren manifestazioa, gaur, Gasteizen. ARITZ LOIOLA / FOKU
jakes goikoetxea
2026ko maiatzaren 21a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hego Euskal Herriko medikuen greba asteen balantzea: medikuek bat egitea lortu dute; negoziazio prozesuak abiatu dituzte Eusko Jaurlaritzarekin eta Nafarroako Gobernuarekin, lan baldintzak hobetzeko; medikuen egoera gizarteratu dute; esparru estatutua geldirik dago; eta, egoera eta egutegi politikoa ikusita, litekeena da esparru estatutua bazter batean geratzea.

Greben ondorioak nabarmenak dira, Osakidetzan batez ere: lehen arretako 150.000 kontsulta baino gehiago geratu dira bertan behera, espezialisten 145.000 kontsulta, 8.000 operazio atzeratu dira, eta operatzeko batez beste itxaron behar den denbora 54 egunetik 78ra luzatu da.

Medikuak greba astea egiten ari dira. Ekainean egingo dute azkena. Espainiako Osasun Ministerioak osasun langile publikoen esparru estatutu berria hitzartu du sindikatu batzuekin. Osasun langile publiko guztien gutxieneko lan baldintzak arautzen ditu estatutu horrek. Baita medikuenak ere. Baina medikuek negoziatzeko moduaren eta hitzartutakoaren kontra egin dute. Estatutu propioa eskatu diote ministerioari, medikuekin zuzenean negoziatua, eta medikuen prestakuntza, lanaren berezitasunak eta erantzukizuna aintzat hartuko dituena.

1

Batasuna

Urtebete atzera egin du Xabier Arteaga Donostia ospitaleko zirujauak: «Duela urtebete ez genuen pentsatzen honaino iritsiko ginenik eta lortu duguna lortuko genuenik: sindikatuek eta langileek bat egin dute mugimendu bakar batean». «Begiak zabaldu» dituztela eta horrek elkarlanera eraman dituela gehitu du Sara Lizeaga Donostia ospitaleko traumatologoak. Duela urtebete «sinetsezina» zen mediku guztiek zerbaiten alde bat egitea. Arteaga eta Lizeaga Donostialdeko ESI erakunde sanitario integratuko grebaren koordinazio taldeko kideak dira.

«Urteak pasatu ditugu kexatu gabe, baina medikuok nahikoa dela esan dugu», Nestor Morchonen arabera. SME Euskadiko Sendagileen Sindikatuko presidenteordea da. Espainiako Osasun Ministerioak «begirunea galdu» diela uste du.

Medikuak elkarrekin kalera aterarazi dituen arrazoien artean, aipatu du guardiak derrigorrezkoak eta luzeak direla, aparteko orduak lanaldi arruntekoak baino gutxiago ordaintzen dizkietela, aparteko orduak ez dizkietela aintzat hartzen erretiroa hartzeko, medikuek maila propio bat behar dutela osasun langileen sailkapenean... «Mauka gara administrazioarentzat», kexatu da. «Urte askotan erabili ditu aparteko orduak, eta kontratu asko aurreztu ditu, asko, merkeagoa zelako. Orain medikuak falta direla diote, baina medikuak zeudenean ez zituzten kontratatzen».

Ñabardura bat egin du Arteagak: «Osasun sistema honetan lan egin nahi duten medikuak, horiexek falta dira. Osasun sistema hobetu beharra dago, hemen ateratzen diren medikuek hemen geratu nahi izateko». Bat egin du Morchonek: «Ez dut nahi medikuen belaunaldi berriek nik hasieran bizi izan nuena bizitzerik».

2

Negoziazioak

Medikuek ezin dute esparru estatutua Eusko Jaurlaritzarekin eta Nafarroako Gobernuarekin negoziatu, Espainiako Gobernuaren eskumena baita, baina lan baldintza batzuk hitzartu ditzakete haiekin. Medikuen grebek osasun sistema publikoetan dituzten ondorioak ikusita, Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua medikuekin hitz egiten eta negoziatzen hasi dira.

Galizian, esaterako, hango medikuek eta gobernuak hitzartu dute prozesu bat abiatzea bost urtean guardiak borondatezkoak izateko, guardietako orduen ordaina eta lanordu arruntena parekatzeko, lan astea benetan 35 ordukoa izateko eta BAME barruko mediku egoiliarren baldintzak hobetzeko.

BERRIArekin hitz egin duten medikuek ez dute zehaztu zer eskatu dioten Eusko Jaurlaritzari, «konfidentzialtasunagatik». Hori bai, Lizeagak uste du Osasun Saileko ordezkariek medikuen egoera «ulertu» zutela. Arteagaren arabera, ikusi zuten «ezin dugula horrela jarraitu», eta gauza asko hobetu daitezkeela.

«Jendea orain konturatu da zenbat gauza egiten ditugun gure lanordu arruntetatik kanpo. Borondatezko lan hori egiten ez badugu, sistema erori egiten da bi edo hiru asteren buruan»

XABIER ARTEAGA Donostia ospitaleko zirujaua

Osasun Saileko arduradunak «harritu» egin ziren, Arteagaren esanetan, «pentsatzen zutelako eskatzen genuen guztia dirua zela, eta dirua eskatzen dugu, baina ikusi zuten eskaera asko lan baldintzei dagozkiela». Lanorduei, atsedenei eta abarri buruzkoak daude eskaera horien artean. 

Baita lehen arretaren ingurukoak ere. Baieztapen biribila egin du Arteagak: «Lehen arretako egoera guztiz aldatu behar da». Mediku kopurua handitzeko eta antolaketa hobetzeko eskatu dute, «lehen arretak funtzionatzen ez badu, sistema erori egiten baita, eta ospitaleak zamatu egiten baitira: dena lotuta dago». Lehen arreta aldatzeko bertan lan egiten duten medikuei entzun behar zaiela uste dute.

Arteagaren iritziz, gobernuak negoziatzera bultzatzeko oso garrantzitsua izan da mediku batzuek arratsaldeko borondatezko lanei uko egitea. «Jendea orain konturatu da zenbat gauza egiten ditugun gure lanordu arruntetatik kanpo», zirujauaren esanetan. Sistemari eusteko garrantzitsuak dira: «Borondatezko lan hori egiten ez badugu, sistema erori egiten da bi edo hiru asteren buruan».

3

Estatutu propioa

Medikuen sindikatuek ordezkari bat izan dute esparru estatutuaren negoziazioetan, baina boto eskubiderik ez. Horrek asko haserretu ditu. «Gainerako guztiek negoziatzen dituzte gure lan baldintzak, haiek erabakitzen dute nola lan egin behar dugun», salatu du Lizeagak. Oinarrizko lan baldintzen estatutu propio bat nahi dute, Espainiako Osasun Ministerioarekin zuzenean negoziatua.

Eusko Jaurlaritzarekin eta Nafarroako Gobernuarekin lan baldintzak hobetzea ez da nahikoa medikuentzat. «Orain badirudi sailburuak negoziatzeko borondatea duela», azaldu du Arteagak, «baina gero beste sailburu bat etor daiteke, eta aurrekoarekin hitzartutako lan baldintzak ken ditzake». Haien gutxieneko lan baldintzak estatutu batean legez araututa egotea nahi dute, halakorik ez gertatzeko.

4

Gizarteratzea

Normalean, medikuek egiten dizkiete galderak pazienteei: zer gertatzen zaien, zer sintoma dituzten, tratamenduek eragina izan duten... Hala da orain ere, baina mediku askoren kontsultetan pazienteak ere hasi dira medikuei galderak egiten. «Niri pazienteek inoiz ez didate galdetu zenbat ordu daramatzadan lanean», esan du Lizeagak. «Orain, ordea, mobilizazio guztien ondorioz, galdetzen didate».

«Pazienteek ezagutzen gaituzte, eta gure egoera ikusten dute. Gure diskurtsoa sinesgarria da»

SARA LIZEAGA Donostia ospitaleko traumatologoa

Uste dute lortu dutela herritarrek haiekin enpatia izatea, haien egoera eta borroka ulertzea. Lizeagarentzat, pazienteekin egotea da haien lanbidearen gauzarik «ederrenetakoa», eta uste du herritarrek medikuen egoera ulertzea eragin duela aurrez aurreko harreman horrek: «Ezagutzen gaituzte, eta gure egoera ikusten dute. Gure diskurtsoa sinesgarria da».

5

Monica Garcia

Espainiako Osasun ministroa da Monica Garcia. Medikua. Anestesista. Aurre egin die medikuen eta autonomia erkidegoetako Osasun sailburuen eta kontseilarien eskaerei.

Medikuen eta Garciaren arteko harremanak gaiztotuta daude. Garciak medikuen sindikatuei egotzi die greba «arrazoi politikoengatik» egiten ari direla, bileretan greba bukatuko dutela esan eta gero grebari eusten diotela, ez dutela betetzen hitzartutakoa, eta sindikatu batzuek «pizgarriak» dituztela «gatazka iraunarazteko».

Morchonek uste du ministerioaren eta ministroaren jokabidean eragina duela hark grebaren ondorioak zuzenean ez jasateak. Ez du itxaron-zerrendarik eta atzerapenik kudeatu behar: «Osasun Ministerioak ez ditu kudeatzen osasun sistemak eta, beraz, ez du presiorik jasaten».

6

Etorkizuna

Medikuek beste greba aste bat egingo dute: ekainean, 15etik 19ra. Hortik aurrera, zer? Udan etena egingo dute, eta udazkenean erabaki beharko dute zer egin. Oraingoz ez dute ezer aurreratu.

Osasun Ministerioak sindikatu batzuekin hitzartu zuen esparru estatutua. Baina indarrean jartzeko, Ministroen Kontseiluak onartu behar du aurrena, eta Espainiako Kongresuak eta Senatuak gero. Espainiako Gobernua osatzen duten bi alderdiek —PSOE eta Sumar— ez dute gehiengorik bertan. Babesa lortzen hasten badira, aldaketak egin beharko dituzte esparru estatutuan. EAJk, esaterako, nekez onartuko du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako medikuen haserrea eragin duen testu bat, aldaketa nabarmenik egin gabe. Autonomia erkidego gehienetako osasun arduradunak esparru estatutuaren kontra daude, eta Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua da estatutuari eta ministroari kritika gehien egin dizkioten arduradun politikoetako bat.

Denbora aurrera doa, eta egutegi politikoak ere baldintza dezake esparru estatutuaren etorkizuna: Espainiako Gorteetarako hauteskundeak egin behar dira 2027an. Noiz? Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak erabakitzen duenean. Hauteskundeen egutegiak esparru estatutua ez aurrera ez atzera utz dezake.

«Osasun Ministerioak ez ditu kudeatzen osasun sistemak, eta, beraz, ez du presiorik jasaten»

NESTOR MORCHON SMEko presidenteordea

Garciaren etorkizun politikoak ere baldintzatuko du esparru estatutuaren etorkizuna. 2027ko hauteskunde egutegian daude Madrilgo autonomia erkidegoko hauteskundeak, eta, Mas Madridek gaur baieztatu duenez, Garcia izango da haien hautagaia. Oraindik ez du utziko ministerioa, baina utzi beharko du, eta gerta liteke esparru estatutua beste ministro batek negoziatu eta defendatu behar izatea.

Beraz, aurten hitzartutako esparru estatutua ez aurrera ez atzera gera daiteke. Hala bada, esparru estatutu zaharrak jarraituko du indarrean, 2003koak. Gutxieneko lan baldintza zaharrak garai berrietan. «Medikuntza, ordea, gero eta konplexuagoa da», Morchonen esanetan. «Gaur egungo osasun sistemak ez du zerikusirik duela hogei urtekoarekin. Gizartea gero eta zaharragoa da, lehen egiten ez genituen lanak egiten ditugu, eta arreta asko hobetu da; baina horrek guztia ezin da egin langileen bizkar».

Medikuen eskaerek eta mobilizazioek ez dute «atzera-bueltarik», Morchonen esanetan, «hau guztia era batera edo bestera konpondu arte».

Medikuak, hasieran, esparru estatutua aldatzen saiatu ziren, baina ez dute lortu. «Proiektua geratzea lortzen badugu, bada zerbait», Arteagaren iritziz. «Ez dugu uste aurrera aterako denik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA