Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak apirilaren 30ean jakinarazi zuen itunpeko ospitale pribatuetan operatzeko eskatu ahal izango zutela operazioaren zain sei hilabete baino gehiago zeramatzaten pazienteek. Legez onartutako aukera bat da. Medikuen grebaren eta arratsaldeetako borondatezko lanari egindako ukoaren ondorioz luzatutako itxaron-zerrendak laburtzeko neurri gisa aurkeztu zuen. Izan ere, 2025eko azarotik 2026ko apirilaren bukaerara asko handitu zen operazioaren zain sei hilabete baino gehiago daramatzaten pazienteen kopurua: 189tik 1.794ra. Martinezek gaur Eusko Legebiltzarrean jakinarazi du horietatik 800ek eskatu dutela itunpeko zentro pribatuetan operatzea.
Osasun sailburuak nabarmendu du neurri horren bitartez eten egin ahal izan dutela itxaron-zerrenden luzatze hori, eta «azken asteotan hartutako neurriei esker» egonkortu egin dutela zerrenda. Medikuek beste bi aste egingo dituzte greban udaren aurretik: lehena hurrengo astean, maiatzaren 18tik 22ra, eta bigarrena, ekainaren 15etik 19ra.
Eskuduntza eske
Eusko Jaurlaritzak gutun bat bidali dio Espainiako Osasun Ministerioari, bilera bat eskatuz, osasun langileen esparru estatutuaren eskuduntza aztertzeko. Berez, Espainiako Gobernuari dagokio osasun langile publiko guztien esparru estatutua arautzea—gutxieneko lan baldintzei buruzkoa— . Espainiako Gobernuak esparru estatutua berritzeko akordioa lortu du sindikatu batzuekin, baina medikuak kexu dira eta mobilizazioak egiten ari dira, uste baitute estatutu horrek haien lan baldintza kaskarrak iraunarazten dituela eta ez dituela aintzat hartzen haien prestakuntza, lanaren berezitasunak eta erantzukizuna.
«Osasun Ministerioak ez badu ezer egiten, eskumenen transferentziaren bidez aztertzeko eskatzen dugu, herritarren osasun arreta babesteko beharrezkoak diren funtzioak erabat bete ahal izateko», jakinarazi du gaur Martinezek. Horretarako lantalde teknikoak eratzeko proposatu dio ministerioari.Â