Sindikatu nagusiekin eta erizainekin bai; medikuekin ez. Espainiako Gobernuak osasun sistema publikoetako langileen oinarrizko baldintzei buruzko akordioa lortu du CCOO, UGT, SATSE —erizainak— eta CSIF —funtzionarioak— sindikatuekin. Medikuak akordiotik kanpo geratu dira. Medikuek estatutu propio bat eskatzen dute, euren prestakuntzari eta ardurari egokitua.
Hitzartutakoa lege aurreproiektua da: Espainiako Osasun Sistemaren Esparru Estatutua. Duela 22 urte onartutakoa aldatu nahi dute. Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak onartu beharko du aurrena; Senatuak eta Kongresuak gero. Gaur sinatu dute, eta legealdi honetan onartzea espero dute.
Hartan oinarrizko lan baldintzak ezartzen dira osasun zerbitzu publikoetako langile guztientzat. Gero, autonomia erkidegoek baldintza horiek aplikatu edo hobetu behar dituzte legeen, planen eta protokoloen bitartez.
Hamazazpi orduko guardiak
Espainiako Gobernuak ez du xehetasunik eman hitzartutakoari buruz. Sinadura ekitaldian nabarmendu dute osasun zerbitzuetako langileen eskaera historikoak aintzat hartzen dituztela: guardiek gehienez hamazazpi ordukoak izan beharko dute —betiere derrigorrezko atsedenaldiei eta atseden egunei lotuta—, hilean gehienez bost egingo dituzte, eta asteko lanaldiak gehienez 45 ordukoa izan beharko du guardiak egiten dituztenentzat. Hala ere, CCOOk zabaldutako informazioaren arabera, osasun langileek 24 orduko guardiak egin ahalko dituzte, «borondatez onartzen badute». Gainkarga iraunkorra duten langileentzat esku hartzeko prozedura bat hitzartu dute. Ez dute zehaztu zein.
Medikuek ez dute bat egin akordioarekin. Mobilizazioak eta greba egunak egin dituzte estatutu propio bat eskatzeko. Greba asteak egingo dituzte hilero, otsailetik ekainera. Osakidetzakoek eta Osasunbidekoek ere bai. SME Euskadiko Sendagileen Sindikatuak ez du akordioari buruzko baloraziorik egin, ez baitu legearen zirriborroa ezagutzen. Badaezpada, zehaztu du eutsi egiten diela greba asteei.
Medikuei eta medikuekin duen gatazkari buruz hitz egin du Monica Garcia Espainiako Osasun ministroak, haiek aipatu gabe, eta, beste askotan egin duen moduan, esan die ez dituela onartuko haien eskaerak. Ez du sistema estatutu ezberdinetan zatitu nahi.
Medikuei kritikak
«Estatutu honek ez ditu profesionalak aurrez aurre jartzen», Garciaren arabera. «Kontrakoa: osasun publikoa indartzen du, proiektu kolektibo gisa. Talde lanean, kategorien arteko errespetuan eta ekitatean oinarritutako sistema gisa. Gaurkoa egun ona da osasun publikoarentzat».
Ministroarentzat medikuek «legitimazioa kendu» nahi izan diote negoziazio mahaiari. «Informazio faltsuak izan badira ere, negoziazio mahaia modu demokratikoan osatu da». Izan ere, medikuek salatu dute negoziazio mahaian ordezkari bakar bat izan dutela, eta ordezkari horrek ahotsa bai, baina ez duela izan botoa emateko eskubiderik.
«Estatutu honek ez ditu profesionalak aurrez aurre jartzen. Kontrakoa: osasun publikoa indartzen du, proiektu kolektibo gisa»
MONICA GARCIA Espainiako Osasun ministroa
SATSE erizainen sindikatua pozik dago. Hiru lehentasun zituzten, eta horiek onartu dituztela nabarmendu dute: sailkapen profesional berria, justua eta ordaindua; erretiro partziala eta aurreratua izateko aukera; eta 35 orduko lan astea.
SATSE izan da akordioari buruzko xehetasun gehien eman dituen sindikatua. Haren arabera, «sustatu» egingo dute 55 urtetik gorako langileek, haurdunek eta edoskitzaileek guardiak eta gaueko lanaldiak ez egin behar izatea. Sustatu egingo dute, era berean, seme-alabak zaindu behar dituztenek lanaldiak murriztea, ordainsariak txikitu gabe.
Jakina da osasun sistema publikoetako langileen behin-behinekotasun tasa handia dela. Espainiako Gobernuak eta sindikatuek hitzartu dute gutxienez bi urtetik behin egingo direla lan eskaintza publikoak.
Lanorduak
Lanordutzat hartuko dituzte kudeaketan, irakaskuntzan, ikerketan eta tutoretzan egindako ordu guztiak. Baita osasun zerbitzuak eskatuta egiten diren prestakuntza saioetako orduak ere. Langileek, lanorduetatik kanpo, eten digitalerako eskubidea izango dute.
Osasun zerbitzuetako langileek eskubidea izango dute lan bortizkeria, indarkeria matxista eta LGTBI kolektiboaren kontrako indarkeria saihesteko neurriez eta jarduerez baliatzeko.
Lege proiektuari buruzko akordioa lortu dute, baina SATSEk ohartarazi du onartu egin behar dela estatutua benetan indarrean jartzeko. Horregatik, erizainen sindikatuek politikariei eskatu die lege proiektua onartzeko prozeduran azkar aritzeko eta gaiari lehentasuna emateko. «Ezin dugu onartu esparru estatutu zaharkitu batek indarrean jarraitzea», adierazi du. «Estatutu hori da erizainek eta fisioterapeutek egunero jasaten duten abusuen, prekaritatearen eta gabezien iturria».